INFO

Eskuko diruaren faltak egoera larrian utzi du Afganistan

Milaka afganiar pilatu dira beste egun batez Kabulen irekita gelditzen diren banketxe apurren aitzinean, beren kontu korronteetatik sos batzuk ateratzen saiatzeko, talibanek boterea hartu zutenetik bizi duten likidazio krisi dramatikoaren erdian.

Oinarrizko elikagaiak lortzeko arazoak izaten ari da Afganistango familia aunitz. Irudian, Kabulgo merkatu bat. (Hoshang HASHIMI/AFP)

Joan den abuztuaren 15ean talibanek Afganistango agintea berreskuratu zutenetik likidazio krisi larria sufritzen ari dira afganiarrak, murrizketa handiekin. «Bi aste baino gehiago dira egunero banketxera natorrela. 250.000 afgani ditut kontuan (3.100 bat dolar), baina ezin ditut atera dagoen jendetzarengatik. Arazoak daude eskuko dirua falta delako», azaldu dio Mirwais herritarrak Efe agentziari, Azizi bankuaren Kabuleko bulego baten aurrean.

Mirwais Baghlan iparraldeko eskualdetik dator eta goizeko lauretatik ari da bankuan ilara egiten, hiriburura etortzeko ehunka kilometro egin eta gero, probintzietako banketxeak itxita baitaude. Gainera, «segurtasun zaindariek indarkeria erabiltzen dute eta jendea kolpatzen dute», kritikatu du.

Abdul Rauf Magal ere ordu txikietatik dago Aziziren bulegoko atean zain. Baieztatu duenez, dena da «hagitz kaotikoa» eta pertsonek elkarri bultzatzen diote bulegora sartzen ahalegintzeko. «Bankuko segurtasun indarrek eta talibanek ezin dute jendetza kontrolatu. Ihesaldiak daude eta jendea zapaltzen dute».

Talibanak kabulez bat-batean jabetu zirenetik, inongo oposiziorik gabe, banketxeen bulego gehienak itxita daude Afganistango hiriburuan eta probintzietan, eta irekitzen duten gutxiek astean 200 dolar ateratzen uzten dute gehienez.

Afganistango Estatuko Bankuak ezarri zuen bezero bakoitzarentzako diru muga hori, Matiullah Afganistango Nazioarteko Bankuko (AIB) langileak Eferi esplikatu dionez. «Egoera hau behin-behinekoa da», agindu berriak jaso arte, erantsi du.

Kutxazain automatikoak zerbitzutik kanpo daudela zehaztu du, «segurtasun arrazoiengatik eta kokatuta dauden zentro gehienak itxita daudelako».

Azizi bankuko beste langile batek Eferi azaldu dionez ilarak ehunka metrokoak dira, milaka lagun pilatzen dira dirua ateratzeko.

Ezegonkortasuna eta inflazioa

Egoera ezegonkorra da erabat talibanak boterera iritsi zirenetik. Hamar bat egunetan 34 probintzia afganiarretatik 33ren jabe egin ziren eta Kabul hartuz burutu zuten konkista, abuztuaren 15ean. Aunitz ezustean hartu zituzten, erreakzionatzeko denborarik gabe.

Nazioarteko laguntza eten egin zen orduan eta herrialdea horren erabat mendeko da; bere BPGaren %43 inguru hartzen du laguntza horrek, Munduko Bankuaren datuen arabera.

Talibanek ez dute oraindik gobernua osatu eta aste honetan nazioarteko komunitatearen babesa eskatu dute hamarkadetako gatazkak kolpatutako mendeko ekonomia hori berrabiatzeko. Emaileen konfiantza irabazteko, giza eskubideen errespetua bermatu beharko dute, bereziki emakume eta gutxiengoena, errepresaliak ekidin, eta herrialdea utzi nahi duten eta horretarako dokumentuak dituzten guztiei ateratzen lagundu, besteak beste.

Bitartean, herrialdeko aktibitate ekonomiko ugari geldirik daude eta populazioaren parte bat bere lanpostura itzultzeko beldur da, batez ere emakumeak. Horrek arriskuan jartzen ditu familien diru iturriak.

Ezegonkortasun honen erdian, oinarrizko produktuen prezioek gora egin dute. Gasolina litro batek 45 afgani balio zituen lehen eta orain, 65. 21 kilo arrozek 1.900 balio zituen lehen eta orain, 2.500.

«Elikagaien prezioak gora doazen neurrian, familia aunitz ezin erosi gelditzen da», ohartarazi du NBEren Afganistango Misioak (UNAMA).

Giza krisia larria zen lehendik herrialde honetan, populazioaren hirurenak behintzat, horietatik aunitz haurrak, arazoak zituen elikagaiak lortzeko, antolakunde humanitarioek diotenez.

Soldatak ordaintzeko eta sistemaren eskaerak asetzeko dirurik gabe, osasun arretako zentroak ere gelditzen hasi dira. Covid-19aren kontrako protokoloa ere bertan behera gelditu da, Wahid Majrooh Osasun ministroak Eferi baieztatu dionez. Aitortu duenez, oxigenoa eta beste hornidura batzuk falta dituzte.

Nasir Aokozai ekonomialariak agertu duenez, kasik hiru aste igaro dira merkataritzarekin eta banketxeekin lotutako aktibitate gehienak gelditu zirenetik eta orokorrean herrialdearen ekonomia pausatua dago.

«Gobernuko eta sektore pribatuko zerbitzu guztiak laster berrabiaraztea behar dugu. Gainerakoan krisia larriagotu eginen da eta jendea izanen da gehien sufrituko duena», ondorioztatu du.