INFO

Arambarri, Sanseko jokalaria: «Oso eroso sentitzen gara gure jokoa egiten»

Sansek ez duela maila aldaketa larregi nabaritu uste du jokalari azkoitiarrak eta «denboraldi polita» izango delakoan dago.

Aritz Arambarri pozik agertu da Sanse ematen ari den mailarekin. (REAL SOCIEDAD)

Denboraldiko lehen porrota jaso zuen Sansek Cartagenan eta 2. mailako aurkari indartsuenetarikoaren kontra arituko da larunbatean baina Aritz Arambarriren ustetan, hiru puntuak eskuratzeko aukera garbiak izango ditu bere jokoa egiteko gai baldin bada.

Orain arte gertatutakoak arrazoia ematen dio azkoitiarrari. Izan ere, talde donostiarra Eibar baino punto bat gehiagorekin helduko da Reale Arenako derbira eta orain arteko partidatan eskainitako irudiaren bermearekin. Iazko denboraldiari jarraitutasuna ematen ari dio momentuz eta, izan ere, Arambarrik esan duenez, taldeak ez du jauzia larregi nabaritu. «Jokatzeko era ez dugu aldatu 2.B mailatik. Eta bera erabiltzen dugu –azpimarratu du–, badakigu zein den gure joka, zer egin behar dugun. Zubietatik Anoetara joatea bai dela desberdina baina taldea ondo dago, eroso egiten duenarekin eta hori zelaian ikusten da». Eta aurrerantzean horrela jarraituko duelakoan dago atzelaria, «denboraldi polita» izango dela uste baitu.

Partida gogorrak gainditu beharko ditu Sansek horretarako. Eta hurrengoa, teoriaz, gogorrenetarikoa izan daiteke, Eibarren denboraldi hasiera uste baino apalagoa izaten ari bada ere. «Eibarrek talde indartsua dauka, goian ibiltzeko taldea izango da –esan du Arambarrik–. Badakigu zertan jokaten duen eta euren jokoa ondo egiten dute, partida gogor bat espero dugu. Baina lanean gaude egunero, badakigu zertan jokatzen dugun eta, gure jokoa eginez, partida aurrera ateratzea espero dugu».

Gipuzkoarrak, bestetik, lehen taldearen Europarako zerrendan egoteak ilusioa sortarazten diola onartu du «baina Sansen gaude»-la gogorarazi du. «Zure izena hor ikusteak ilusioa egiten dizu, lehen taldearekin egoteak eta entreatzeak ilusioa egiten dizu, eta Sanseko jokalari guztion helburua lehen taldera heltzea da. Baina Sansen gaude, ondo lan egiten, gauzak ondo egiten eta horrela jarraitu behar dugu, lan egiten eta asteburuko norgehiagokan pentsatzen».

Arbillaren lesioa

Anaitz Arbillak ezin izango du larunbatean Donostian jokatu, Leganesen aurkako neurketan lesionatu ondoren. Eibarrek gaur jakinarazi duenez, atzelari nafarrak eskuin hankako muskulu barne bikian dauka lesioa. Ez du zehaztu zenbat denbora beharko duen errekuperatzeko.