INFO

Espetxe sistema «gizatiarrago» eta publiko baten alde egitea eskatu dio ELAk Lakuari

ELAk elkarretaratzea egin du Lakuako egoitzaren parean Gasteizko Gobernuari eskatzeko Euskal Espetxe Sistema «gizatiarrago» eta «publiko» baten alde egin dezala. Salatu du, halaber, Lakuak ez duela zehaztu zeintzuk izango diren espetxeetako langileen baldintzak.

ELAk Lakuaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Espetxe eskumenaren esku aldatzeak langileen lan baldintzengan izango duen eragina negoziatzeko mahaia bildu da asteazkenean eta, horren atariko, elkarretaratzea egin du ELAk Lakuako egoitzaren aurrean Gasteizko Gobernuari eskatzeko Euskal Espetxe Sistema «gizatiarrago» eta «publiko» baten alde egin dezala.

Protesta honekin, sindikatuak bere desadostasuna agertu du Lakuako Gobernuak negoziatzerakoan hartu duen bidearekin. Asteartean UGTk esan bezala, ELAk salatu du oraindik ez dakiela zein den Gasteizko Exekutiboaren proposamena espetxeetako langileak EAEko administrazioan integratzeko eta ezta ere zeintzuk izango diren haien lan baldintzak. «Soldatak zehaztu gabe daude eta ordutegien gaian ez da kontuan hartzen kolektiboak dauzkan berezitasunak. Langileen beharra aztertuko dituen benetako analisia falta da, eta Lan Postuen Zerrenda egokitu gabe dago; egungoa Zaballa bezalako espetxe bati erantzuteko egokitu gabekoa da», agertu du.

Lakuak ez du oraindik zehaztu, halaber, Lan Osasuna eta Segurtasuna bermatuko dituen plangintzarik, ezta kartzeletako langileen euskalduntze planik ere.

«Gezurra dirudien arren, eta 40 urte pasa eta gero, Eusko Jaurlaritzak ez du erakutsi oraindik zein izango den bere Espetxe Eskema Korporatiboa eta horrek langileengan zein gizartean kezka larria eragiten du», deitoratu du sindikatuak.

Bere iritziz, pribatizazioa eta subkontratazioa saihestu beharko lirateke espetxeen eredu berri bat bultzatzeko eta, halaber, kartzeletako langileak publikoak izan behar dutela dio. Zentzu horretan, «oso kezkagarria» deritzo Lakuak behin-behineko langileentzako lan poltsak eratzeko erakutsi duen asmoa, oraindik EPErik zehaztu gabe.

«Ez da posible benetako Euskal Espetxe Sistema eratzea langileentzako karrera profesional bat zehaztu gabe. Horrek euskal administrazioak daukan gaitzarik nagusienetako bat, hots, behin-behinekotasuna, handitzea ekarriko luke, Europar Komisioak erakutsitako bidean kontrako norabidea hartuz», ohartarazi du ELAk.

Eredu aldaketa

Bestalde, egungo espetxeen eredu aldaketa bultzatzea galdegin dio ELAk Lakuari. Sindikatuak uste du espetxeratutakoen gizarteratzea helburu duen eredua behar duela Euskal Herriak, «publikoa, modernoagoa eta gizatiarragoa izango dena» eta «hezkuntza, osasun, lan, justizia eta berdintasun politikak uztartuko dituena».

«Baita presoen eskubide guztiak errespetatuko dituena ere, emakume presoengan bereziki arreta jarriz, eta langileen lan baldintza duinak bermatuko dituena», gaineratu du.