INFO

Jaizkibel konpainia, 25 urtez berdintasunaren aldeko urrats trabatuetan

26 emakumek, 1996ko desfilera salto eginda, jarri zuten Alarde parekide baten aldeko aldarriaren lehen hazia. Ordutik, 25 urtetan, milaka herritar, emakume zein gizon, batu dira berdintasunean oinarritutako herri partaidetza baten aldeko borrokara.


Hondarribiko emakume talde batek 1993an eskaera bat bidali zion herriko Udalari, Alardean gizonen maila berean parte hartzeko eskatuz. Erantzunik jaso ez zutenez, 1996an 26 emakume atera ziren kalera, orduko Alardearen erdian. Hura izan zen gaurko aldarri sendoaren lehen hazia.

Hazi hartatik jaio zen Jaizkibel Konpainia, gaur 25 urte, herri bizitzan eta Alardean emakumeen parte hartzea bultzatu asmoz. Bide luzean urrats handiak eman dituzte alarde parekide baten aldeko aldarrian. Hala ere, ez da trabarik gabeko bidea izan.

Hasieratik pairatu behar izan dituzte Alarde baztertzailearen aldekoen partetik irainak eta erasoak eta asko izan dira urte hauetan bizitako tentsio uneak. Dena den, osasun krisiaren aurretik egindako azken alardean, 2019an, aurrera pauso nabarmenak antzeman ziren. Nahiz eta ez zen plastiko beltz eta halakorik falta izan, aurrekoetan baino askoz urriagoak izan ziren.

«25 urte joan dira harrezkero eta mende laurden honetan "Emakumeak Alardean" aldarriak izugarrizko indarra hartu du, hamaika aldiz biderkatu da. Emakume haiek zabaldu zuten bidezidorra bide bilakatu da dagoeneko», gehitu du Jaizkibelek sare sozialen bitartez.

Eta uztailean, aurtengo Alardean, ohiko formatuan, 22. konpainia izateko haien prestutasuna ere aurkeztu zuen Jaizkibelek, nahiz-eta azkenean, pandemia dela-eta, ez den inolako Alarderik egonen.

Elkartasun mezu ugari

Asko izan dira egun honetan, lehen ordutik, lehen 26 emakume horien eta ordutik batu diren milaka guztien lana txalotu dituztenak. Sortuk parekidetasunaren aldeko borrokak «aurrera» jarraitzen duela nabarmendu du, EH Bildu Gipuzkoako batzarkideek, aldiz, zapia jantzi dute gaurko osoko bilkuran, non Elkarrekin Gipuzkoako kideek ere gogoan izan duten Jaizkibel.

Baita Izarkom bezalako kooperatiba batek edota norbanako ugarik ere igorri nahi izan diete haien elkartasuna sare sozialen bitartez, duela 25 urte dagoeneko ‘EGIN’ egunkariko lehen orria ere gogora ekarriz.