Abian da gazteei zuzenduriko Beldur Barik lehiaketaren edizio berria
Beldur Barik 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduriko lehiaketaren 12. edizioari hasiera eman diote ostegun honetan Gasteizen, Kai Nakai artista gasteiztarrak Beldur Barik programarako sortutako ‘Nahikoa dela’ kantuaren zuzeneko estreinaldiarekin.
Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzea du helburu. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak gidatzen du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen babes eta laguntzarekin. Proiektua 2009an sortu zen, Berdinsarea Emakundek eta Eudelek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean.
Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. Aurten, Kai Nakaik kantu bat sortu du «Beldur Barik jarrera» sustatzeko, ‘Nahikoa dela’ izenburupean; iazko lehiaketan ‘Gure Misioa≈ hirugarren kategoriako aipamen berezia jaso zuen kantari gasteiztarrak.
Horrez gain, Uxue Bereziartua ilustratzaile feministak sortu du aurtengo irudia; ‘Errebelazioa’ lanarekin ikus-entzunezko saria irabazi zuen iaz. Biak izan dira aurkezpenean, eta beraiek azaldu dituzte lehiaketaren nondik norakoak.
Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neska-mutilek ezberdintasun egoerei «Beldur Barik jarrerarekin» nola egiten dieten aurre; «alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexista eta matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin».
Kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatu behar dute lanek», azaldu dute aurkezpenean.
Edizio honetan, gehienez hiru minutuko iraupena dituzten ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira. Horrez gain, bideoetan hitz egiten bada gaztelerazko edo euskarazko azpitituluak jartzea derrigorrezkoa izango da. Bideoak aurkezteko epea ostiralean irekiko da, irailaren 10ean, eta azaroaren 5era bitarte egongo da zabalik.
Parte hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian 12 eta 13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira, bigarrenen 14-18 urte bitartekoak, eta hirugarrenean 19-26 urte bitartekoak. Urtero bezala, lehiaketan bakarka edo taldeka parte hartu daiteke.
Sariak
Guztira zortzi sari banatuko dira. Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, herri bozkaketaren bitartez, 300 euroko parte hartze saria emango da, eta ikus-entzunezko ekoizpen onenari ere 300 euroko saria emango zaio.
Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio. Herri bozketa azaroaren 11tik 12ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus webgunearen bidez.
Lan sarituak azaroaren 26an jakinaraziko dira, Agurainen, Arabako herria izango baita aurten Beldur Barik programaren hiriburu, eta bertan ospatuko da Beldur Barik Topaketa. www.beldurbarik.eus webgunearen bidez ere jarraitu ahal izango da zuzenean 'streaming' bidez. Euskal artistek girotuko dute sari banaketa.