INFO

Eibarren bisitak azterketa «gogorra» eta «interesgarria» proposatuko dio Sanseri

Xabi Alonso pozik dago bere taldea egiten ari den lanarekin baina «zerta hobetu» baduela onartu du, batez ere eraginkortasunaren arloan. Derbiari begira, Sanse «kontrolatzen eta gure partida egiten» saiatuko dela onartu du.

Xabi Alonso pozik dago bere taldea egiten ari den lanarekin. (REAL SOCIEDAD)

Denboraldiko 2. mailako lehen derbia hartuko du Reale Arenak larunbatean. Partida berezia, derbi gipuzkoarra delako baina baita azken urteotan Eibarrek Realaren kontra jokatu ondoren, oraingoan rolak nolabait aldatuko baitira. Teoriaz behintzat, talde armagina Lehen mailara igotzeko hautagai nagusienetakoa baita, Sanse futbol profesionalera heldu berria den bitartean.

Errealitatea ez da hain argia. Alde batetik, jokalari zuri-urdin dezentek badakitelako goi mailako partidak jokatzea zer den, lehen taldearekin zein nazioarte mailan, eta bestetik, Xabi Alonsoren taldeak hobe ekin diolako denboraldi hasierari. Gorri-urdinak baino puntu bat gehiagorekin helduko da, izan ere, larunbateko norgehiagokara.

«Partida zaila» izango da, edozein kasutan, entrenatzaile tolosarraren esanetan. «Badakigu Eibar zein taldea den, zer nolako helburuak dituen eta, lau puntu bakarrik izan arren, ondo jokatzen ari da eta jokalari onak ditu. Oso aurkari indartsua izango da». Eta «azterketa gogorra» eta «interesgarria» proposatuko die donostiarrei, «lehiatzeko gai bagaren probatzeko. Nik baietz uste dut baina partida oso potentea izango da».

Lehiatzeaz hain, Reale Arenan orain arte markatzen ari den ibilbideari jarraitutasuna emateko, «partida oso ona egin beharko» dute zuri-urdinek, «oso konpletoa baloirik gabe eta baloiarekin. Baina egiten ari garen gauza asko errepikatzen saiatzen bagara eta partidan zehar une desberdinak kontrolatzen baditugu, gure aukerak izango ditugu».

Orain arte izan dituzte. Cartagenaren aurka ere egon ziren, neurketa denboraldiko lehen porrotarekin amaitu bazen ere. Alonso pozik dago bere taldea egiten ari denarekin eta azken partidan gertatutakoaren inguruan hausnarketa egin ondoren, «lan egin dugu pentsatzen zertan hobetu dezakegun. Baina garrantzitsuena da jokalariek garbi daukatela zer nahi dugun, nola jarraitu behar dugun eta zertan hobetu dezakegun».

Tolosarrak berak argi dauka, honen harira, beharrezko hobekuntza eraginkortasunari dagokiola. «Aukerak izaen ari gara baina gola sartzea kostatzen ari zaigu pixka bat». «Taldea oso konzentratuta dago –gaineratu du–, jokalariek argi dute zein gogorra den denboraldia eta ikasteko asko daukagula oraindik, exijentzia altuagoa izango dela eta ondo jokatzen ari garela baina, noski, oso defentsa onak eukitzen ari garela aurrean, indibidualki eta kolektiboki, eta pixka bat gehiago kostatzen ari zaigu. Agresiboagoak izan behar gara atearen aurrean, ez bakarrik aurrelariak, baita ingurukoak ere; agresibitate puntu hori behar dugu golak sartu nahi izateko».

Gogoratu du, hala ere, gauzak ez direla aldatzen egun batetik bestera. «Ziur nago urtean zehar hobetuko dugula. Hobeak izango gara baina horrek denbora behar du. Defentsiboki oso maila ona ematen ari gara, guztiok lan ona egiten ari garelako, eta golak sartzeko grina izan behar dugu denon artean».

Alonsok, bestetik, pertsonalki partida berezia bizi izango duela onartu du. Lehen aldiz lehiatuko da Eibarren kontra, orain dela bi hamarkada bertan denboraldi erdia eman ondoren. «Asko maite duen taldea da. Askotan joan naiz Ipuruara. Lehenengo, nere aita entrenatzailea zenean, oso denboraldi onak egin zituztela. Partidak ikustera joan nintzen eta batzutan entrenamenduetara ere. Gero bertan jokatu nuen eta beti esan dut oso urrats garrantzitsua izan zela neretzat, mutiko bat izatetik futbolari bat izaten hasteari ekin baitnion, benetako aldagela baten gogortu nintzen taldekideekin eta Blas Ziaretarekin, oso eskerdun nago denengana eta oso oroitzapen ona daukat».