INFO

SOS Deiak eta Trafikoko egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute langileek

SOS Deiak (112) eta Trafiko (011) zerbitzuteko langileek duten egoera salatzeko elkarretaratzea egin dite gaur ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Lehentasunezko zerbitzu bat azpikontratazen dela salatu dute.

Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren atarian egin dute agerraldia. (@ELAsindikatua)

ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta, 112 (SOS Deiak) eta 011 (Trafikoa) zerbitzuetako langileek elkarreratzea egin dute gaur Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitza aurrean, lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. Bilkura deitu duten sindikatuek salatu dutenez, «Lakuako Gobernuak euskal gizartearentzat lehentasunezko eta ezinbesteko diren zerbitzu horiek azpikontratatzen ditu, eta horrek agerian uzten du ez dutela inolako interesik kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko».

«Oso larria da zerbitzu horiek esleitzea enkante batean, kostuak merkatze aldera, lehiaketan subrogazio klausularik ezarri gabe, horrek behintzat egonkortasuna emango bailioke lantaldeari», gaineratu dute.

112 eta 011 zerbitzuetan Contact Centerren estatuko hitzarmena aplikatzen da: urtean 365 egun, egunean 24 ordu, goiz, arratsalde eta gaueko txandetan, urteko soldata gordina 16.000 eurora ere iristen ez delarik. Lakuako Gobernuak baldintza-agirietan ez du inolako ñabardurarik egiten zerbitzu horiek duten garrantziaz, salatu dute sindikatu hauek.

«Hori gutxi ez, eta %100eko gutxieneko zerbitzuen bidez langileen greba eskubidea blokeatzen dute, dituzten baldintza eskasak salatzeko mobilizatzea galaraziz. ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte egoera hori salatzeko eta gizarteari euren egoeraren berri emateko. Larrialdi zerbitzua, errepideen kudeaketa bezalaxe, gizartearentzat funtsezkoa da, baina administrazioari bost axola zaio enpleguaren kalitateak eta egonkortasunak, baita langileek pairatzen dituzten baldintzak ere. Horregatik antolatu dute aurreneko elkarreratzea, protesta gisa», azaldu dute.