INFO

Euskarazko nobedadeak bero-bero: Irati Jimenez, Lander Garro, Kirmen Uribe...

Datozen hilabeteei begira, euskal argitaletxeetan «kozinatzen» ari den ekoizpena ikusirik, agian pandemiaren osteko susperraldi baten aurrean gaudela pentsa dezakegu.

Irati Jimenez, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Elkar argitaletxeak azarora arte esku artean dituen nobedadeak kaleratzen hasi da, eta argitaratzeko falta zaizkionen artean Bertol Arrietaren ‘Gezurra berdaderoa’ nobela dago –asteartean aurkeztuko da–, baita Elkarrek berak bultzatutako sari eta bekei esker landutako proiektuak ere.

Azken horien artean Juanjo Olasagarreren ‘Mamu eratortzeko moduak’ dago (Joseba Jaka Saria, euskal gatazkaren inguruko fikzioa) eta Lander Garroren ‘Faith’ nobela (Zubikarai Saria, Bartzelonara argazkilaritza ikastera eta poliziaren jazarpenetik ihesi doan gizon bati buruzkoa).

Datozen hilabeteetan interesa sortuko duten beste titulu batzuk Jimenez aita-alaben eskutik iritsiko dira: Edorta Jimenezek Sabino Aranaren alargunaren inguruan urteetan landutako ikerketa (‘Nikole’) eta Irati Jimenezen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ saiakera.

Susa argitaletxeari dagokionez, esku artean dituen proiektuen artean Kirmen Uriberen nobela bat dago (‘Izurdeen aurreko bizitza’). Aita Barandiaranen kondaira batean oinarrituta, 80ko hamarkadako Bilbon dago girotuta. Uribek aipatutakoaren arabera, «bere nobelarik onena» omen da.

Udazkenerako Eider Rodriguezen fikziozko nobela bat espero dugu, oraindik izenbururik ez duena, baita Uxue Apaolazaren ‘Bihurguneko nasa’ ipuin bilduma ere.

Txalapartak Adriano de Mataren lehen eleberria plazaratuko du aurki –‘Sanrokeetarako, etxean’ izenekoa, 36ko gerran Ingalaterrara bidali zituzten haurren ingurukoa– eta dagoeneko ezinbesteko itzulpen bat iritsi da Igelaren eskutik: Ursula K. Le Guinen ‘Oihan hitzean mundua’, Amaia Apaulazak euskarara ekarrita... garai nahasi hauetarako, zientzia-fikzio feminista.