INFO

Ibil Bedik doinua jarri dio Agerraldia kanpainari

Ibil Bedi musika talde iruindarrak ‘Agerraldia’ abestia plazaratu du, Nafarroako helgoaldean euskal hizkuntzaren alde aritzen den eta kantaren izen bera duen kanpainarekin bat eginez.


«Kortesetik Garesera, Ager landen zabalera, Ebro ibaia goitik behera, Vianatik Zangozaraino, Kodesetik Leirera, ederragorik hau baino». «Ager Vasconum» erromatarrek baskoiak menderatzean sortutako lurzoru publikoa izan zen, hau da, «euskaldunen lurra», hitzez hitz.

Nafarroako hegoaldean euskarari kendutako espazioa berreskuratzeko lanean ari da Errigora. Horretarako, Agerraldia ekimena jarri zuten martxan 2020ko udazkenean, euskararen ezagutza bultzatzea, erabilera sustatzea eta euskararekiko jarrera positiboak birsortzea helburu.

Ekimen ugari antolatu dituzte azken hilabete hauetan eta beste hainbat bultzatu, Sartagudako kaleen euskalduntzea kasu. Orain, Ibil Bedi musika talde iruindarrak bat egin du ‘Agerraldia’ abestiarekin eta gaur lerro hauen gainean dagoen bideoklipa argitaratu dute. 

Euskal hizkuntza erabili eta kalera eramateko mezua helarazi dute kantarekin batera Ibil Bedi taldeko kideek: «Belarritik bihotzera bide laburra da, jolas parketik tabernara, udaletxetik fabrikara... Bazterrak erdia bagara, jalgi dezagun behingoz euskara».