INFO

Arrosa gorriak Alfonso Sastrerentzat

Alfonso Sastre, idazlea, burkidea eta adiskidea joan zaigu. Ez da erraza laurogeita hamabost urtera iristea baina gauza zail asko burutu ditu Alfonsok bizitzan eta hauxe bera izan da haietariko bat.

Jose Bergamin eta Gonzalo Santonjarekin, 1980an. (SASTRE-FOREST.COM/KOLDO MITXELENA KULTURGUNEA)

Duela hilabete gutxi, otsaila aldean, eta torturaren aurkako mobilizazio batzuen bidez, hala Bilboko UPV/EHUko areto nagusian nola Hondarribiko Itsas Etxean eginiko ekitaldiak zirela medio, omendu genituen berau eta bikotea izan zuen Eva Forest, 1986an idatzitako baina orain arte taularaturik gabe zegoen ‘Torturaren zutoin beltza’ antzezlana oholtzara eramaten. Olatz Beobidek zuzendu zituen lan haiek Alfonso Sastreren poetika oso ondo ezagutzen duelako eta, horrekin batera jatorrizko testua, baita euskarari ekarritakoa ere, liburutto batean kaleratu genuen (Adhara, 2021).

Nire lehengo kartzelaldia bukatu ondoren (1976an) ezagutu nituen Alfonso eta Eva Euskal Herrira etorri berriak eta, handik hona, orain arte, adiskidetasun pertsonalari eta politikoari eutsi diogu. Urte batzuk pasa ondoren, 1982an, ‘Torturari buruzko astea’ antolatu zen gure Zorroagako Fakultate zaharrean ni atxilotu nindutenean. Nola edo hala lortu nuen niri egindako torturen kontakizuna Carabanchel kartzelatik idatziz ateratzea eta lagunei helaraztea. Idazki hura euskaraz bidali nuen eta horrela argitaratu zen jardunaldiak gauzatu ondoren plazaratutako liburuan (‘Tortura y Sociedad’. Ed. Revolución, 1982, 265/6 orr.). Alfonsorekin batera liburuan parte hartu zuten, besteak beste, Fernando Savaterrek, Juanmari Bandresek, Begoña Garmendiak, Eva Forestek, Alvaro Reizabalek (orduko gure abokatua izan zena) eta abar luze batek. Jardunaldietara joan zen Pako Etxeberria izeneko mediku forentsea eta, ni bezala, unibertsitate irakasle gazte bat zena. Azken honek eskuratu zuen, Eva hil ondoren, hark urtez-urte jasotako torturen testigantzen datu basea.

Argalaren lagunari ‘Pequeña elegia para un hombre delgado’ eskaini zion Alfonsok hura hil ondoren eta haren hilkutxa lepoan eraman zuen guardia zibilez josita zegoen Arrigorriagako kaleetan zehar. Fidel Castro, Salvador Allende edota Hugo Chavezengandik gertukoa. Espainiako Partido Comunistan buruzagi izatetik kanporatua izatera pasa zena. Hegoameriketako XXI. mendeko sozialismoaren defendatzailea eta iraultzailea beti, bizitzan nahiz literaturan.

Alfonsok bezala, neronek ere «ez dut uste literaturan dena onargarria denik». R. Barthesi esker badakigu idazle baten lanak harena izateari utzi egiten diola argitaratzean eta irakurleen eskuetara pasatzean, baina egia da idazle bat, berez, bere lana dela funtsean, eta, beraz, lan hori erakutsi eta defendatu egin behar duela. Idatzitakoaren erantzulea da idazlea. Nik Sastreren estiloa maite dut. Idazleak ere bere egilea behar baitu. Luigi Pirandellok egin zuen bezala, idazlea pertsonaia bihurtu, objektibazio prozesuan sartu horri buruz idatzi ahal izateko zeren eta, ekinbide horretan agertu ohi da haren idazlanen atzean oharkabean pasa dena (testuak nahiz testuinguruak), baita direnak eta ez direnak argitara azaldu.

Alfonsok zioenez, «Liburu batzuk literatura esperientzia transgenerikoak izaten dira. Horrela izan dira Sastreren zenbait liburu, hala, ‘Lumpen, marjinación y jerigonza’ edo ‘Limbus’, non irakasle bati erantzun akademikoa ematen zaion baina fikziozko arlotik, edo ‘Enmamuel Kanten azken egunak’ izeneko antzezlana. «Narratiba hauen bidez eraikitzen da fikziozkoa denaren enigma, eta istorio batzuk iristen zaizkigu Historiara». (in ‘Faustoren itzala’ren hitzaurrean, Ed. Hiru, 2005). Horretan izan da maisu Alfonso, ezohikoa dena literatura dela medio agerraraziz, alegia. Hor ditugu haren ‘La sangre y la ceniza’ eta ‘Rosas rojas para Migel Servet’ testuak, non Servet intelektuala aldarrikatzeaz gain, haren errautsen eta odolen aurrean arrosa gorriak eskaintzeko adorea izan zuen saiakera eta antzerki obra banatan. 

Sean O’Casey idazle irlandarra dugu Alfonso Sastreren alter ego izan zitekeena. Izpiritu komunistaren antzerkigilea. Bere herriaren arazo politiko eta sozialei buruzko kezkak islatzen jakin izan zuena. Eliza katolikoari menia eman ez ziona, bere burua katolikotzat jo izan den nazioan.

Arrosa gorriak eskaini zizkion Alfonso Sastrek Migel Serveti.

Arrosa gorriak aldarrikatu zituen O’Caseyk bere buruarentzat, eta Harold Pinterrek arrosak ere amona kurduentzat nahi izan zituen bere izkribuetan haien mendietako hizkera aldarrikatu zuenean. Alfonso Sastrek ez zuen Turkiakoa ikusterik izan baina Euskal Herriari buruz idazterakoan azalarazitakoek balio unibertsala daukate.

Bere laguna zen Jose Bergaminek Hondarribian dauka hilobia eta, Hondarribian ere, Alfonso Sastreren errautsek arrosa gorriak merezi dituztelakoan nago.

Gugan bego.