Bera Berak meritu handiko garaipena lortu du Malagaren aurka; Zuazok ezin izan du Elxekin
Bera Berak 24-22 irabazi dio Malagari, ligan arerio zuzena izatera deitua dagoen arerioari, alegia. Errenta zazpi golera handitzeko zorian egon den arren, gogotik sufritu behar izan du. Zuazok, bestalde, lehen zatia aurretik bukatu badu ere, ezin izan du Elx behar bezala geratu (23-25).
Defentsako lana ezinbestekoa izan da Malaga bezalako arerio zuzena mendean hartzeko. Hasiera-hasieratik nabaritu da defentsako sendotasunean oinarritzea funtsezkoa izango zela Bera Berarentzat eta donostiarrak oso sendo hasi dute neurketa. Nabarmentzekoa lehen 15 minutuetan June Loidik eginiko lana: lau baloi on lapurtu ez ezik, bi gol sartzeko gai ere izan da elgoibartarra eta etxeko taldeak 8-5eko markagailua ezarri du lehen zatiaren lehen erdian.
Nagusi izan dira gipuzkoarrak atsedenaldiaren aurretik, sufrimendurako tarterik ere egon den arren eta azkenean lau goleko errentarekin joan dira aldageletara. Alice Fernandes atezainaren lana ere benetan garrantzitsua izan da, bere herrikide den Talita Alvesi jaurtiketa bat izan ezik beste guztiak (hiru) gelditu baitizkio.
Bigarren zatiaren hasierak neurketa lasaia izan zitekeela zirudien. Bera Berak, hasi eta segituan, bi gol egin ditu eta sei goleko aldea zazpira handitzeko aukera paregabea ere izan du. Baina leloak dioen moduan, «hutsegiteak garesti ordaintzen dira» eta benetan gutxi falta izan zaio Imanol Alvarezen taldeari akats horretaz lamentatzen hasteko.
Gutxika-gutxika Malaga markagailuan hurbiltzen joan da –Merche Castellanosek geldituak giltzarriak izan dira– Alvesek 48. minutuan 20-20ekoa jarri duen arte. Ordura arte, kolpez kolpe aritu dira biak ala biak. Batek gola egiten zuela, besteak ere bai eta hala bost bat minutuz jardun dira, bi goleko errenta bere horretan mantenduz. Campiglik eta Alvesek, baina, ondo probestu dute Bera Berak erasoan eginiko bi akatsak eta hirugarrena ere aprobetxatzeko zorian egon da Espe Lopez.
Albokoak bi aukera izan ditu lehen aldiz Malaga markagailuan aurretik jartzeko baina bat kanpora bota eta beste Alice Fernandesek geratu du –brasildarrak guztira bederatzi geldiketekin bukatu du norgehiagoka–, Bera Berari sekulako oxigenoa emanaz.
Marian Fernandes albokoak egin baldin badu neurketako lehen gola, bigarren zatian egin dituen beste bi golak benetan baliotsuak izan dira, hala nola Emma Boadak eginiko gol ikusgarri bat ere. Horiei esker, aurretik jarri da Bera Bera, bi goleko errenta zabalduz eta partida bukaeraraino mantentzeko gai izan da, beste behin ere defentsa sendo bati esker.
Zuazok ezin izan du Elx behar bezala eutsi (23-25)
Zuazok lehen zati ederra egin badu ere, bigarren zatia hasi eta berehala amore eman behar izan du Elxen nagusitasunaren aurrean. Ohartu orduko, 1-4ko partziala ezarri du Joaquin Rocamorak gidatutako taldeak, denboraldiko bere lehen garaipena bideratzeko.
Lehen zatiaren hasieran ere nagusi izan dira Alacantekoak baina Alba Sanchez eta Anne Erauskinek sarturiko bina golei esker, neurketa berdinduta iritsi da 15. minutura. Orduan, Ane Encina oso fin aritu da ate aurrean eta berak bakarrik 3-1eko partziala lortu du (9-7) Madaren beste gol batez handitua izan dena.
Atsedenaldira gutxieneko aldeko errentarekin iritsi da Barakaldoko taldea eta horixe handitu du Sarrionandia-Ibarra hegalekoak. Elx, baina, nagusi dela erakusten saiatu orduko markagailuan ihesi joan da. Ivet Musons izan da nabarmendu den jokalaria, sei gol eginez, horietariko lau bigarren zatian.
Ariadna Gonzalezen pare bat gelditurekin eta Berasategi eta Sarrionandia-Ibarraren gol banei esker partidan sartzen saiatu da etxeko taldea, zaleen bultzada zinez eskertuz. Nolanahi ere, ordurako, guztiz maldan gora zeukan norgehiagoka itxuratu besterik ezin izan du egin (23-25).