INFO

Eibarrek poz bikoitza ospatu nahi du liderraren aurka Ipuruan

Armaginek Sportingen bisita hartuko dute igande honetan, Ipuruan jokatu dituzten aurreko partidetan puntu bakarra eskuratu ondoren. Correa deialdian sartu da denboraldian lehen aldiz.

Ondo jokatu arren, Eibarrek ezin izan zuen Leganes gainditu Ipuruan jokatutako azken neurketan. (Raúl Bogajo/Foku)

«Sinatuko nuke aurretiaz Ipuruan jokatu ditugun partida bera egitea. Lortzen badugu, garaipenetik gertu egongo gara», esan du Gaizka Garitanok 6. jardunaldiaren atarian. Eta, egia da, oso maila altua erakutsi zuen Eibarrek Ponferradinaren eta Leganesen aurka. Baina ate aurrean asmatzea falta izan zitzazion eta, ondorioz, puntu bakarra eskuratu zuen bi neurketen artean.

Horrela, poz bikoitza ospatu nahi dute armaginek bihar (18.15, Gol eta Movistar). Garaipena bera, Reale Arenan lortu zuenari jarraitutasuna emateko, bide batez sailkapenaren lehen postuetara gehiago gerturatzeko; eta denboraldiko lehen garaipena zaleen aurrean. Hirukoitza izango litzatekela ere esan daiteke, Ipuruara datorrena liderra baita; aurreko bost jardunaldietan lau garaipen eta berdinketa bat lortu dituen Sporting, hain zuzen ere.

Garitanok partida «gorriz markatuta» dagoela onartu du. «Partida guztiek balio dute hiru puntu, denak dira zailak eta hurrengoa beti da garrantzitsuena. Baina denboraldian zehar beti daude partida batzuk gorriz markatuta. Uneagatik, sailkapenagatik, aurkariagatik, etxean jokatzen dugulako… Dena batzen duzu eta argi dago garrantzitsua dala. Eurentzat ere. Taldeak badaki, eta hori oso garrantzitsua da, erronka polita dela. Etxean, gainera. Gure zaletuen aurrean irabazi nahi dugu», esan du.

Gakoa, «beti bezela», lehen golan egon daiteke. «Markagailuan aurrea hartzeak sekulako garrantzia du –azpimarratu du–. Astero esaten dut gauza bera eta gertaerek astero ematen didate arrazoia. Anoetan ikusi genuen lehen gola korner baten sartu geniela eta gero gainontzeko gol biak hutsuneak zeudelako egin genituen. Aurretik jartzeak zure jokoa egiten errezten du». Batez ere, partidak orekatuta daudenean. Eta horrela espero du biharko entrenatzaile bizkaitarrak. «Berdindua izango da», adierazi du.

Helburua berbera bada ere, baliteke Garitanok aukeratutako bidea aldatzea, hamaikakoari dagokionez. Entrenatzaileak lauko defentsa erabili dezake oraingoan, Glauder aulkian utziz, eta Atienza sartu zelai erdian, Expositoren posizioa aurreratuz. Deialdian badago berritasun bat, eta ez nolanahikoa: denboraldian lehenaldiz eta uda aurretik kirofanotik pasa ondoren, Rober Correa aulkian jarriko da.