Euskal Herriak zazpi domina irabazita bukatu du Mundiala, azkena 23 urtez azpiko brontzea
Euskal Herriko selekzioak beste domina bat irabazi du Sokatira Mundialean. Oraingoan, brontzezkoa zintzilikatu du 23 urtez azpiko gizonezkoen selekzioak 600 kiloko kategorian, Errusiaren aurkako azken norgehiagokan gailenduta. Arratsaldeko saioan euskaldunek ezin izan dira finalerako sailkatu.
Euskal Herriko selekzioak beste domina batekin itxi du azken lau egun hauetan Getxok hartu duen Lur Gaineko Sokatira Mundiala. Ez da izan larunbateko jardunaldia bezain oparoa baina 23 urtez azpiko selekzioak brontzezko domina zintzilikatzea lortu du 600 kiloko kategorian, hirugarren postuko borrokan Errusia mendean hartu ostean. Kategoria honetan lau herrialdek soilik lehiatu dute baina nolanahi ere, lan dotorea eginda bukatu du hirugarren postuan.
Goizeko saioan, gizonezkoen 720 kiloko kategorian, beste domina bat eskuratzeko zorian egon dira euskaldunak, baina hirugarren eta laugarren postuetarako lehia horretan ezin izan dute Herbehereak garaitu. Kategoria honetan Suitzak irabazi du urrea eta Alemaniak zilarra –23 urtez azpikoetan egin legez–.
Arratsaldeko jardunaldian, gizonezkoen 640 eta emakumezkoen 540 kiloko kategorietan, Euskal Herriko selekzioak ez ditu finalerako behar bezain beste puntu batu eta multzoko fasean amaitu da beraien ibilbidea. Kategoria hauetan, Suitza eta Suedia gailendu dira, hurrenez hurren.
Hala, Euskal Herriak zazpi dominarekin itxi du Getxoko Sokatira Mundiala. Espero baino emaitza oparoagoak erdietsi dituzte euskaldunek eta beraz, balantzea positiboa da. Kluben txapelketan, Gaztedik hiru domina zintzilikatu zituen (bi urrezko eta brontzezkoa) eta Goiherrik bakarra (brontzezkoa). Selekzioen lehian, bi urrezko dominarekin egin ziren euskaldunak larunbateko jardunaldian eta igandean, brontzezkoarekin itxi dute asteburu gogoangarri hau.
Hala, dominen sailkapenean, Euskal Herriak bigarren postuan bukatu du txapelketa. Suitzak 14 irabazi ditu –guztira 16 domina egon dira jokoan eta kasik lehia guztietan presente egon dira suitzarrak– eta euskaldunek, esan bezala zazpi. Euskaldunen txapelketa oparoaz ideia bat egite aldera, Alemaniaren gainetik bukatu dute Mundiala, ez dela balentria makala.