Streaming plataformen indarra, aparra bezala, gorantz Zinemaldian
Aurreko nazioarteko jaialdi handietan eman den joera bertsua ikusten ari da Zinemaldian. Horretan ez gara desberdinak. Nork sinetsiko baitzuen orain bost bat urte Netflixeko ekoizpen bat Urrezko Maskorraren lehian sartuko zenik? Ikus-entzunekoan plataformen negozio eredua zabaldu da.
Garai berrien seinale, pandemiaren eraginez azkartu den joera, gelditzeko etorri den negozio mota bat... Mota honetako esaldiak entzun eta irakurri ditugu maiz, ikus-entzunezko plataformen gorakada aztergai izaten den askotan.
Streaming bidezko plataformak, zinemaren industriaren erabat gustukoak ez diren arren (neurri handi batean, mesfidantza ukitu hori ez zaie erabat desagertu egun), urtetik urtera nazioarteko jaialdietan gero eta presentzia handiago izaten ari dira. Maitasun-gorroto erlazio antzekoa, hori bai.
Canneseko jaialdia eta Netflixen artean, esaterako, azken edizioetan gurutzatutako kritiken ostean tregoa antzeko batera iritsi ote gara? Thierry Fremaux, jaialdiko zuzendariak, uztailean egindako adierazpenak ikusirik zaila egiten da jakitea, Fremauxek zinema aretoen ‘magia’ goraipatu zuelako... baina: «Zinemaren 125. urteurrena ospatu berri dugu. Ea ehun urte barru ospatzen ei dugun plataformen urteurrena».
Esaldia bitxia egiten da, dena den, zinemagile askok plataformen aldeko hautua egin dutenean. Eta guztien artean indartsuena, noski, Netflix. 190 herrialdetan presente, ordainpeko 211 milioi harpidudenekin, streaming bidezko entretenimendu plataformak Veneziako iraileko hasierako jaialdian bere indarra erakutsi zuen: Jane Campionen ‘The power of de dog’ western ederra aurkeztu zuen, baita Paolo Sorrentino handiaren ‘E’stata la mano di dio’ hunkigarria ere.
Titulu biak Donostiara ere ekarri ditu Netflixek. Egile australiarrena Perlak sailean dago ikusgai, eta Sorrentinorena saio berezietan, masterclass batekin batera (asteartean, Tabakaleran). Baina ez dira hauek soilik Netflixek Donostian egin duen ‘lurreratze’ indartsuaren adierazle, astelehen honetan bertan Sail Ofizialean lehian estreinatu den Claudia Llosa perutarraren ‘Distancia de rescate’ Netflixen ekoizpena delako era berean.
Filma urriaren erditik aurrera plataforman ikusi ahal izango da, baina plataformek daramaten estrategian egin ohi denez, lehenengo zinema aretoen bidea egingo du, urriaren hasieratik.
‘Horizontes latinos’ sailean dagoen Alonso Ruizpalacios mexikarraren esperimentu interesgarria ere Netflixen zigilupean dator, baita Tatiana Huezoren ‘Noche de fuego’.
Telesailak eta plataforma berriak
Netflixetik ez omen da zuzendaritzako inor gerturatu Donostiara, promoziorako prentsa talde handia etorri den arren, bai ordea Filmin plataforma independentetik. «Etxeetako ikusleak zinema aretoetakoak bezain garrantzitsuak dira. Bakoitzak zinemaz goza dezala nahi duen bezala», idatzi zuen igandean Twitterren Jaime Ripollek, Filmineko sortzaileetakoa eta argitalpen zuzendariak, igandean bertan hainbat plataformak Tabakaleran egin zuten mahai inguruaren ostean.
Gerard Cassado Filmineko prentsa arduraduna da. Online filmak eskaintzeaz aparte, banatzailea ere bada Filmin. Azken urteetan ekarri izan dituzte titulu batzuk Zinemaldira, baina aurtengoa jauzi bat dela onartu digu, alor honetaz gain urrian beraien lehen ekoizpen propioa aurkeztuko dutelako, ‘Doctor Portuondo’ izenekoa.
Donostiara guztira sei film ekarri dituzte, horietatik hiru plataformaren apustu garbiak: Gaspar Noe frantssaren ‘Vortex’ eta Rude Jude-ren ‘Bad Luck Banging or Loony Porn’, azken hau Berlingo jaialdiko irabazlea. Charlotte Gainsbourg-en ‘Jane pour Charlotte’ ere ekarri dute, zuzendaria eta guzti.
Hiru titulu hauek 2022an zehar estreinatuko dituzte, lehenengo zinema aretoetan, gero plataforman. Bitartean, Donostian lanean jarraitzen dute: «Erosketa alorrez arduratzen diren nire lankideek egunero bilera anitz izaten dituzte, Donostia akordioak ixteko toki oso aproposa delako. Nik ez nuke esango aurten industriako ordezkari gutxiago etorri denik, bai kontrakoa», dio Cassadok.
Jose Luis Rebordinos ez omen da Canneseko parekoaren iritzi berekoa, Movistar+ekin iritsi den akordioa kontuan izanik. Pandemia garaiotan gaudenez, jaialdiaren esperientziak ahalik eta ikus-entzule gehienei helaraztek asmoarekin, lehen aldiz, telebista plataforma bat A klaseko jaialdi handi batean «online zinema aretoa» eskaintzen ari baita, sail desberdinetako tituluen aukeraketarekin.
Eta Zinemaldian aurkeztu da, era berean, HBO Max plataforma, Warner Brosen streaming plataforma berria, alegia; urriaren 26an jarriko da martxan.
‘Su hotsa’, telesail bat ekoizlearen bila
Filmin, HBO, Movistar+ eta Amazon Estudios plataformako arduradunekin elkartu ziren igandean, Tabakaleran, 2DEOSeriak 2021 proiektuan aukeratutako hiru proiektuak. Azken hilabeteetan proiektua garatzeko laguntza jaso ondoren, txosten bat aurkeztu ahal izan zieten egileek hainbat ekoizle, banatzaile edo inbertitzaileri, bereziki telebista-plataforma eta kanelei.
Hauek dira aipatutako hiru proiektuak: Angel Aldarondoren ‘Su hotza’ (nahita eta nahi ez, urtero proiektu bat euskaraz behar du izan), Paloma Moraren ‘Print!’ eta Victor Alonso-Bernel eta Jan Matheoren ‘Raval’.
«Lehenengo kontaktua izan da. Berez proiektua aurkeztu egiten zaie, txostena, eta gero ikusiko dute ea egokitzen den beraien estrategian. Normalean ez duzu hau bezalako aukera izaten, esaterako, HBOko buru bat zegoelako bertan. Beraiek ez dituzte proiektuak hartzen, eta esan ziguten beraien lantaldeari pasatuko zietela», argitu digu Angel Aldarondok. Pausu asko gelditzen zaie oraindik, proiektua horixe baino ez da, eta «dena itxita dagoenean, eta zorte handiarekin horrelako plataforma batek erosten badu, idazten hasiko ginateke».
Diru-iturria bilatzea da, beraz, gakoa. «Nirea ia guztiz euskaraz da, eta, esan zigutenez, horrelakoak egiteko plataformek arazoak izaten dituzte, badakitelako jendeak ez dituela azpitituluak irakurri nahi, ezta bikoiztua ikusi ere. Beraientzat zaila da beste hizkuntza batean ekoiztea».
Hala ere, plataformak gauza berrien bila dabiltza, beste begiradak, beste istorioak. «Guztiek esaten zuten badagoela telesail lokalak egiteko gogoa. Arazoa dago zeren askotan nortasunik gabeko produkzioak egiten dira».
Esaterako, ‘Hondar ahoak’ bezalako telesaila Filminen aurkitu daiteke, baina ETBren laguntzarekin dago ekoitzita. ‘Merli’ ere plataforma bat eta TV3 katalanen artean dago egina... agian gure kate publikoak garatu beharreko bidea izango litzateke?
Eta zer da ‘Su hotza’? Thriller bat. Hemen abiapuntua: «Donostiako jatetxe ospetsuenetarikoan, hau da, munduko jatetxerik onenetarikoan, mahaikide arraro bat hiltzen da, ustez modu naturalean. Kazetari gazte bat heriotza horren inguruan ikertzen hasten da eta halako trama ustel bat aurkitzen du».