INFO

Aristik, Ballarinek, Bouk, Martinek eta Sotok Euskaltel-Euskadin jarraituko dute

Euskaltel-Euskadi taldearekin hitzarmena berritu dute Mikel Aristi, Iker Ballarin, Joan Bou, Gotzon Martin eta Antonio Sotok. Beste urte betez talde laranjan jarraituko dute bost txirrindulari hauek; Martinentzat laugarren denboraldia izango da Euskaltelen, gainontzekoentzat, bigarrena. 

Mikel Aristi, Euskaltel-Euskadi taldearen aurkezpen ofizialean. (Oskar MATXIN / FOKU)

Euskaltel-Euskadik asteazken honetan jakinarazi du Mikel Aristi, Iker Ballarin, Joan Bou, Gotzon Martin eta Antonio Soto txirrindulariek taldean jarraituko dutela datorren urtean.

Bou, Martin eta Soto Espainiako Vueltan lehiatu ziren eta «aurrerapauso nabarmena» eman dute aurten. Bada, hirurek jarraituko dute euskal taldean garapena amaitzeko, eta horrenbestez, «oraina eta etorkizuna ziurtatuta daude kirol mailan», taldeko arduradunek adierazi dutenez.

Aristi eskarmentuko txirrindularia da, oraindik 30 urte bete ez dituen arren. Aurten, burua azaldu zuen denboraldiko aurreneko zatian eta lau aldiz bigarren helmugaratu zen: GP Valencia, Per Sempre Alfredo eta Alentejoko bi saio. Azkenik, Ballarin «ilusioaren eta gaztetasunarren irudia» da eta taldeak lekua eman dio hazten jarraitzeko.

Modu honetan, Aristik, Bouk, Ballarinek eta Sotok bigarren urtea egingo dute Euskaltel-Euskadin, eta Martinek, berriz, laugarrena. Momentuz, 12 txirrindulari baieztatu ditu taldeak datorren urterako: Mikel Aristi, Iker Ballarin, Joan Bou, Gotzon Martin, Antonio Soto, Unai Iribar, Xabier Mikel Azparren, Mikel Bizkarra, Julen Irizar, Mikel Iturria, Juanjo Lobato eta Luis Angel Mate.