INFO
Entrevue
Silvina Schnicer eta Ulises Porra
‘Carajita’ filmaren zuzendariak

«Etxe aberatsetako haurtzainen eta umeen harremanaren irudi erromantikoa deseraiki dugu»

‘Tigre’ filmaren ostean, Dominikar Errepublikako etxe aberats bateko lau hormen artean familiak eta etxeko langileak bizi duten harremana dakarte Silvina Schnicerrek eta Ulises Porrak. Azaleko irudiaren eta benetako errealitatearen dikotomia.

Silvina Schnicer eta Ulises Porra, pozik, lanaren estreinuaren aurretik. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Dominikar Errepublikara garamatza Silvina Schnicerrek eta Ulises Porrak elkarrekin sinatu dute bigaren lanak. Familia dirudun baten etxera, hain zuzen ere. Bertako lau hormen artean Yarisak eta Sarak eraiki duten harremana goxoa da, estua. Baina benetakoa?

Haurra zenetik zain du Yarisak Sara eta elkar maite dute. Baina istripu batek, heriotza batek, harremana zartatuko du.

«Dominikar Errepublikara zabaldua dagoen irudia da haur zaintzaileen eta umeen arteko lotura erromantikoarena. Egia da oso lotura ederra sortzen dela umearen eta bere zaintzailearen artean, baina haurrak 18 urte betetzean etxeko langile soil izatera pasatzen da zaintzailea», kontatu du Porrak.

Filmaren ekoizlea den Ulla Pridaren eskutik iritsi zitzaien 16 urteko neska baten eta bere zaintzailaren harremana pantaila handira eramateko proposamena. «Bere egina zuen ‘ipuin’ polit hori baina gure zeregina izan da kontakizun hori deseraikitzea. Jakintzat ematen zena kuestionatzea izan zen gure lana», jarraitu du.

«Nabaria zen menpekotasun harremana, klasismoa, beste herrialdeetan ere modu berean ematen dena», nabarmendu du.

Lehen pausua Dominikar Errepublikako errealitatea ezagutzea izan zen. Izan ere, bi egileak Argentinan bizi dira –Ulises kataluniarra da– eta arrotza zitzaien. «Bertako pertsona askorekin hitz egin genuen informazioa biltzeko», azaldu du.

Bertakoen testigantzez eta kanpokoen begiradaz joan zen istorioa harilkatzen. «Errealitatea distantziatik begiratzea lagungarria izan da, lantalde osoaren sentsazioa izan zen hori. Entzun eta ikusitakoari gure bagabe propioa erantsi genion».

«Dominikarrek eurek ere badakite irudi erromantiko horren azpian zer dagoen, baina eraikiz doazen narratibak dira. Horien gainean eraikitzen dira gaur egungo gizarteak eta ez dira horizontalak. Oso elkarrizketa aberasgarriak izan genituen lantaldeko kideekin, bertakoekin», gaineratu du.

«Dominikar Errepublikako fenomeno soziala izanik ere, egia da mugaz gaindiko gaia dela», adierazi du Silvina Schnicerrek.

Filmaketa bete-betean harrapatu zuen izurriak. «Filmatzen hasi eta hiru astera mundua bertan behera geratu zen. Proiektua bertan behera geratuko zela ere pentsatu genuen... aktoreetako asko nerabeak dira eta aldaketa handia izan dute denbora horretan... ezinezkoa zirudien zazpi hilabete beranduago berriz ekingo geniola. Geldialdian idazten jarraitu genuen, editatzen, eta laburrago egin genuen kontakizuna, beraz onerako izan zelakoan gaude».

Tentsio handia somatzen da filman lehen eszenatik. Isiltasunak gehiago esaten du hitzek baino. «Hitzez adierazitakoa benetan gertatzen denaren aurkakoa da. Dena ondo dagoenaren itxura egin behar da, kosta ala kosta, hori da filmak planteatzen duen gaietako bat. Baina unea iritsitakoan familiak bere burua babestuko du».

Mirespenez hitz egiten dute bi aktore protagonistetaz. Magnolia Nuñezek jokatzen du Yarisaren papera, Cecile Van Weliek-ek Sararena. «Oso modu biszeralean egiten lan lehenak, oso era arrazionalean bigarrenak, baina sekulakoa izan da biak lanean ikustea».

Oro har, lantalde osoaren inplikazioa nabarmendu dute. «Proiektuari jarri dioten energia eta lanerako jarrera izugarria da, profesionaltasun handia erakutsi digute», esan du Porrak. Benetan familia sortu dugu», dio. Egun hauetan Donostiaz gozatzen ari dira euretako asko.

Bikotekide dira bi zuzendariak eta hau bigarren kolaborazioa da zinemagintzan. «Bion arteko elkarlanean bakoitzaren ideiak handitu egiten dira, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean kolaborazioak funtzionatu egiten du», amaitu du Schnicerrek.