INFO

Euskararen aldeko jarrerak indartzeko gogoetak partekatuko dituzte Iruñean

‘Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak’ jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak, Nafarroan gero eta herritar gehiago euskararen indarberritze prozesuarekiko enpatiko izateko diskurtsoaz hausnartzeko.

Jardunaldiak Iruñeko Kondestable jauregian egingo dira, urriaren 14an. (Iñigo URIZ/FOKU)

‘Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak’ jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak urriaren 14rako. Kondestable jauregian, «Nafarroan gero eta herritar gehiago euskararen indarberritze prozesuarekiko enpatiko izateko diskurtsoaz, praktikaz eta bestelako baliabideez» hausnartuko dute. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, azken inkesta soziolinguistikoan, 2016koan, Nafarroan euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerari dagokionez, honako datuok agertzen dira: alde %33,3, ez alde ez aurka %27,6, eta kontra %39,1.

Ehunekoak 1990eko hamarkadakoekin konparaturik hobeak diren arren, Euskaltzaleen Topaguneak ohar batean nabarmendu duenez «oraingoz urrun daude gehiengo soziala izatetik».

Hala, Euskaltzaleen Topagunearen helburu estrategikoetako bat etorkizunean Nafarroako biztanleriaren gehiengoa euskararen indarberritze prozesuaren alde egotea dela kontuan hartuta, «indarberritzeko hartu behar diren erabakiak» babesten dituela azaldu du.

Bide horretan, «aliantzak zein eragile lanak indartzen, eta gizarteari praktika eredugarriak zein diskurtsoak eskaintzen» ari direla azaldu du. Horien artean, Nafarroako Gobernuarekin duten eta jardunaldi honen antolakuntzan agerikoa den elkarlana.

Nafarroan euskararekiko aldekotasun hori nola landu dezakegun pentsatzen laguntzeko, zenbait jakintza eremutatik gaiari heltzen dioten ikuspegiak ekarriko dituzte urriaren 14an, hala nola: ikerketa (Eusko Ikaskuntzak egindako ikerketaren ondorioak eta Euskarabideak egingo duen ikerketa aurkeztea), ikuspegi filosofiko-etikoa, soziologiko-antropologikoa, komunikazioa, gizarte eragileak; eta hedabideek gai honetan jokatu dezaketen moduaz ere hitz egingo dute mahai-inguru batean.

Urriaren 8ra arte edo aretoko edukiera betetzen den arte egongo da zabalik jardunaldietan izena emateko aukera.