INFO

Usyk, Krimeatik datorren pisu handietako txapeldun berria

Klitschko anaiek irekitako bidea jarraituz, Oleksandr Usyk ukraniarrak Anthony Joshua ingelesa gainditu du Londresen egindako boxeo jaialdi arrakastatsuan eta pisu handietako txapeldun berria bilakatu da 34 urterekin.

Usyk garaipena ospatzen. (Adrian DENNIS / AFP)

Oleksandr Usyk ukraniarrak pisu handietako hiru gerriko -WBA, IBF eta WBO- eskuratu ditu Anthony Joshua ingelesa puntuetara mendean hartu ostean. Gaur egun Errusiaren menpe dagoen Krimean sortua da, nahiz eta berak ukraniarra dela aldarrikatu. Garaipena ospatzeko atera zuen bandera begiratzerik baino ez dago. Klitschko anaiek pisu handietan edo Lomachenkok beheragokoetan egin bezala, Ukraniako eskolatik dator munduko txapeldun berria.

Londresen burutu zen boxeo jaialdian 68.000 ikusle inguru elkartu ziren Tottenham Hotspur futbol taldearen zelaian.

Joshua zen txapelduna. Gazteagoa -31 urte- eta handiagoa, pisu zein altueran. Ia bi metrotara heltzen da eta ukraniarrak 1,91 metro neurtzen ditu. Pisuari dagokionez, 10 kilo gehiago ditu ingelesak. Usyk 100 kilorekin agertu zen lehiara, baina profesionaletara salto egin zuenean 91 inguruan aritzen zen. Bi boxeolariak Olinpiar Jokoetan urrea irabazitakoak dira pisu ezberdinetan Londresen, 2012an.

Etxetik kanpo borrokatzeak ez zuen kikildu ukraniarra. Askoz hobeago mugitu zen taula gainean, azkarragoa zela erakutsi zuen, bere ezkerrarekin min gehiago eginez. Joshua ez zen ausartu aurrera joaten eta azken «round»-ean lurrera erortzeko zorian izan zen.

Borroka galdu arren, diru gehiago eraman du etxera ingelesak. Diotenez 10 miloi libra ziurtaturik zeuzkan eta Usyk-entzat berriz, hiru miloi ziren. Telebista eskubideengatik jaso beharrekoa zehaztu gabe zegoen, baina handiagoa zen banaketa ingelesarentzat. Jarraitzaile kopuru handiagoa baitu.

Badirudi errebantxa egongo dela laster. Sinatuta omen dago. Hori bai Joshuaren porrotak bere asmoak atzera bota ditu. Tyson Furyren aurka neurtu nahi baitzuen. Horren aurretik, ‘Ijitoen errege’ bezala aurkezten den irlandar jatorriko boxeolariak. Wilderren kontrako hirugarren borrokaldia egingo du urrian. Izan ere, Furyk dauka pisu handietatako beste gerrikoa.