INFO

Enpleguaren ezengorkotasunak eta hornidura arazoek «susperraldia» lausotu duten beldur

Euskal Elkargoak eskaturiko txostenaren arabera espero baino azkarrago berreskuratu da jarduera ekonomikoa pandemiak eragindako krisiaren ondotik. Izan ere enpleguaren ezegonkortasunak, alde batetik, eta hornidura arazoek, bestetik, panorama argilunez bete dute.

Inox Pyrennees enpresako langileak. Larresoroko enpresa horretan egin zuten 2019an «industriaren astea». (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Elkargoko eta Frantziako Bakuko ordezkariek eskuz esku aurkeztu dituzte, gaur goizean, Baionako «Techonocite» industri-eremuan, egoera ekonomikoari buruz elkarlanean landutako txostenaren emaitzak.

«Berpizte ekonomikoa sendoa eta azkarra izan da». Horra hor Euskal Elkargoko lehendakari ordea eta ekonomia eta berrikuntzarako delegatu den Sylvie Durrutyk ikerketa horri buruz eginiko laburpena.

Irakurketa baikorra hori argudiatzeko datu bilduma eskaini du. 2021ko uztailean eginiko zerrendatzearen arabera 912 enpresa berri sortu dira aurten Ipar Euskal Herrian, pandemiaren urtearekin alderatuta baino %15 gehiago.

Enpresa berrien %60a zerbitzuen eta sektore komertzialean sortu dira. Izan ere industrian zein laborantzan egitasmo berriak plantan dinamika nabarmendu du Durrutyk, iazko urtearekin alderatuta %58ko hazkundea gertatu dela aipaturiko alorretan erranez.

Industrian sortzen den lanpostu bakoitzarengatik bertze hiru enplegu sortzen direla zerbitzuen alorrean aintzat harturik, Euskal Elkargoak sektore horiek bultzatzeko eginiko apostua «eraginkortzat» jo du erakundeko ordezkariak.

Esaterako, susperraldiak eragin zehatza izan duela enpleguaren eremuan oroitarazi du. Bere erranetan, Ipar Euskal Herria krisi aurretiko zifretara itzuli da. Hiru lurraldetan  langabezia tasa %7,4ean kokatu du bere azken neurketan Insee institutuak.

Lauak enpresak 132 langile kanporatu zituen pandemia garaian

Kazetari baten galderari erantzunez Frantziako Bankuko ordezkariak, Catherine Errecartek, hainbat argibide eman ditu enplegu galerari buruz.

Zehaztu duenez 2020-2021 epean 14 enplegu espediente aurkeztu ziren Ipar Euskal Herria barne den departamenduan. Horien ondorioz 384 langilek lanpostua galdu zuten.

Adibide hurbilago ematearren Aiherran kokatuta dagoen Lauak enpresak 132 langile kanporatu zituen osasun krisiak bete betean jo zuenean, 2020ko azaroan.

Anartean aeronautikaren sektorean punta puntako den enpresak diru-laguntza publikoak jaso zituela salatu zuten irailaren 27an lan auzitegian kanporatze espediente horren aurka helegitea ezarri zuten zortzi beharginek.

Izan ere 2016-2021 urte artean enpleguaren bilakaerari buruzko datu absolutuak eskutan enplegu galerarik ez dela egon Ipar Euskal Herrian defendatu du berehala Sylvie Durrutyk, lanpostu berrien ezaugarriei buruz aparteko xehetasunik eman gabe.

Osasun krisiak eragindako kalteei aurre egiteko estatutik bideraturiko 553 milioi euro jaso zituzten Ipar Euskal Herriko enpresek. Komertzioak sostengu funtsetatik %39 bildu zuen, zerbitzuek %21, industriak %20 eta ostalaritza sektoreak %15.

«Aldagai guztiak berdean ditugu eta enpresa-buruek erakutsi duten erresilientzia eta aitzina egiteko determinazioari esker espero baino azkarrago altxatuko dugu burua», errepikatu du behon baino gehiagotan Durrutyk.

Aurreikuspenak bereziki hauskorrak direla garai hauetan aitortu ondoren, «krisiaren aterabidea argitzen ari dela» gaineratu du Errecartek.

Izan ere, Frantziako Bankuak erakundeak Akitania Berrirako eginiko prospekzioak argi-ilun dezente jaso ditu. Sektoreen arabera ñabardura asko badira ere langileak atzemateko arazoak dituztela aitortzen duten enpresa anitz «egokipen eta berrikuntza prozesu azkarretan» sartuak dira.

Erronka horiei entzutearekin aski lana ez bazuten lehenik ere lehengaiei buruzko hornidura arazoak edota energiaren prezioen gorakadak traba berria ezarri dute bidean.

Goranzko joera baino erritmo motelagoa

Hala, aurreikuspen ekonomikoak urte hasieran baino baikorragoak izaten jarraitzen badute ere, han-hemenka susperraldiari buruzko perspektibak apaltzeko joerak azaleratu ditu txostenak, hala nola eraikuntza, ostalaritza edo industria sektoretan.

Osasun krisiak lehengaien jasotzaile eta hornitzaileen herrialdetan une eta era diferentean eragin duen heinean -besteak beste txertaketari buruzko arrakalarengatik-  horrek ziurgabetasun egoera luzatu daitekeen susmoa agertarazi du txostengileak.

Egoera horretan, orain arte erakundeek gauzatu duten enpresen sorrera eta garapena sostengatzeko egitasmoak bere baitan jarraitzeko beharra nabarmendu dute agerraldian.

Besteak beste Ipar Euskal Herrian historikoki izan den lur sail industrialaren eskasiari erantzuteko. Egun 144 aktibitate ekonomikorako eremu (ZAE delakoa) badaude Ipar Euskal Herri osoan. Izan ere eskualdeko garapen estrategiari begira premiazko diren antolaketa egitasmo horiek guztiak ez daudela gauzapen fase berdinean.

«Start-up» delakoei sostengua emateko «teknopolizazioaren apostua» defendatzearekin batera berrikuntzaren ataletan indarra eginen du urte hondarrean Zuberoan industria formazio eskaintza berria plantan emateko asmoa duen Euskal Elkargoak.