INFO

Murgiltze ereduko elkarteak lehen ministroarekin izandako bilkurarekin baikor agertu dira

Murgiltze eredua irakasten duten elkarteak biltzen dituen Eskolim sareak agiria kaleratu du. Joan den astean Jean Castex lehen ministroa frantsesarekin egin zuten bilkuraren ondoren, bertan esandakoarekin baikor agertu dira, bereziki kontzertaziorako erakutsi duen nahiarengatik.

Hizkuntza gutxituen defendatzaileek Lehen ministroarekin izan zuten bilkura. (@GILLES_SIMEONI)

Irailaren 15ean telekonferentziaz Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen defendatzaileen elkarteen eta Jean Castex lehen ministroaren artean izan zen bilkuraren balorazioa egiteko agiria kaleratu du Eskolim sareak. Bertan izandako kontzertaziorako nahiarekin baikor agertu dira murgiltze eredua eskaintzen duten elkarteetako ordezkariak.

Bi oren eta erdiko bilkuran, maiatzaren 21ean Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionala zela deliberatzearen ondorioak aztertu ziren, eta bereziki, Christophe Euzet eta Yannick Kergolot diputatuek Castexek eskatutako txostenaren ildoari segituz. Hizkuntza gutxituen egoerari buruz eta bereziki murgiltze ereduari buruz eman beharreko urratsetaz mintzatu ziren.

Eskolimetik Castexen izan zuen jokamoldea nabarmendu dute:  «Gobernuburuaren hitz lasaigarriak kontutan hartzen ditugu. Iragarritako kontzertazioaren bideratzeari izigarri adi egonen gara, eta hartu beharreko neurriak hurbiletik segituko ditugu».

Castex Blanquerren ordez

Gobernuaren ordezkariak, hizkuntza gutxituen defentsarako erakunde publiko zein elkarteetako ordezkariekin bildu ziren. Alde batetik, Castex eta Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa, eta parean, Eskolim federazioa osatzen duten murgiltze ereduko sei elkarteetako presidenteak, hizkuntzen erakunde publikoetako lehendakariak eta Gilles Simeoni Korsikako elkargoko lehendakaria.

Castex hizkuntza gutxituen gaia Hezkuntza ministeritzaren eremutik ateratzea proposatzen du, eta beste ministerioekin batera instituzio bat osatzea: «Agintaldia bukatu baino lehen, bere agindupean liteken lurraldeetako hizkuntzei buruzko kontsulta erakunde iraunkor baten sortzeko xedea iragarri du Lehen Ministroak, hizkuntza guttituen irakaskuntza eta hizkuntzen politiken gaiak jorratzeko gisan».

Aldi berean, Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionala zela deliberatzeko errekurtsoa Hezkuntza ministroaren bulegoetatik heldu zela jakinik, eta Blanquer hizkuntza gutxituen «etsaitzat» hartua izan dela kontuan izanik, mintzaide aldaketarekin pozik agertu dira Eskolimeko kideak.

Seaska ikastolen federazioko presidentea den Peio Jorajuriak argiki adierazi du: «Aldaketa beharrezkoa zen».

Zirkularra egiteko kontzertazioa

Kontseilu Konstituzionalaren deliberoaren ondotik, nola aplikatu behar den esango lukeen zirkular bat aterako dela jakinarazi dute Gobernutik. Printzipioz, iraila bukaeran argitara eman behar zela aipatu bazen ere, beranduago izanen dela dirudi. Joan den asteko bilkuran, gehienez 2022ko hauteskunde presidentzialak baino lehen izen behar dela aipatu zen.

Zirkularra idazteko hizkuntza gutxituen defentsaren aldeko eragileekin elkarlana izatea entseatuko direla esan zuten bilkuran, baina Jorajuriak lana ez dela erreza izanen aitortu du: «Zirkularrak legea errespetatu behar du, eta Kontseilu Konstituzionalak emandako erabakiaren hitzak ere, zaila izanen da».

Eskolim sarea, Ikastolen federazioarekin batera, A.B.C.M. Zweisprachigkeit, Calandreta, Diwan, La Bressola eta Scola Corsak osatzen dute.