INFO

Callejak «hazten» jarraitu nahi du; Marcelinok 90 minutuak «maila gorenean» jokatu nahi ditu

Athleticek eta Alavesek ostiral honetan neurtuko dituzte beraien indarrak eta bi taldeetako entrenatzaileek «intentsitate» handiko lehia bat aurreikusten dute. Callejak «hazten» jarraitu nahi du eta Marcelinok azken neurketetako azken minutuetan jasotako ezustekoak saihestu nahi ditu. 

Marcelino, San Mameseko aulkiaren parean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Ez dut amesgaiztorik izan, egoerak datozen moduan jaso behar dira. Baina egia da ia batuta geneuzkan hiru puntu joan zaizkigula (bat Rayoren aurka eta bi Valentziaren aurka), eta irakaspen magistrala izan da, partida epaileak adierazi duenean amaitzen dela gogoratzeko», adierazi du Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaileak. 

Egoera hori saihesten saiatuko da Alavesen aurka, San Mamesen berriro ere hiru puntuak batu ahal izateko. Arerioa moralki sendo iritsiko dela aurreikusten du astuariarrak, bost porrot jaso ostean sekulako garaipena eskuratu baitzuen Atletico Madrilen aurka. 

Era berean, oraindik ere Alavesek Athleticek baino behar gehiago ditu sailkapenean –zuri-gorriek 10 puntu batu dituzte eta Marcelinoren ustetan, bere taldeak puntu gehiago behar luke «errendimendu eta eginiko jokoarengandik»– eta asturiarrak uste du «oso atzeratuta» jokatuko duela, 5-4-1 sistemarekin.

Horregatik, Athleticen «abiadura, zehaztasuna eta pazientzia» beharko ditu horri aurre egiteko. «Lehen Mailako edozein talde oso zaila da irabazten. Aurkariarekiko errespetuan umilak izan behar dugu, bere armak ere badituelako eta horiekin Atletico Madrili irabaztea lortu duelako», laburbildu du.

«Erritmoan intentsitatea izan behar dugu. Tematiak izan behar gara eta pazienteak izatea ideiarekin, eta 90 minutu jokatzea gure maila gorenean», gaineratu du Marcelinok. «Gakoa, beti bezala, zehaztasunean eta areetan asmatzean» egongo dela iritzita, publikoaren «babesa» ere eskatu du. 

La Ligak jarritako helegitearen ondotik, oraindik erabitzeke dago San Mameseko edukiera %60koa izango den –Lakuak nahi bezala– edota %100ekoa –Estatu espainoleko Osasun Ministeritzak arautu legez–. 

«Bertsiorik onena» ematen hasiak

Hala, Alavesek oraindik ez daki nola aurkituko duen San Mames. Edukieraren %60 beteta duela edo %100ean eta hori ere kontuan hartu beharreko faktorea izango da. Nolanahi ere, Callejak «gora» begiratu nahi du, are gehiago pasa den larunbatean denboraldiko lehen garaipena erdietsi ostean; noren aurka eta Liga txapeldunaren aurka!

Atletico Madrilen aurkako garaipenaren ostean, «pisu bat» askatu dutela onartu du madrildarrak. Izan ere, bere jokalariak «konfiantza handiagoarekin» daudela egiaztatu ahal izan du, eta «bertsiorik onena» ematen hasi direla ohartarazi du.

«Jokalariek hazten jarraitu behar dute, hiru puntuak ahaztu eta aurreko jardunaldian egindako lan onari jarraipena eman», eskatu du Callejak. 

«Defentsa mailan irmoak» izatea eta «arreta maila altua mantentzea» puntuak batzeko gakoak izango direlakoan da. 

Athletici buruz esan du «bloke bezala ligako onenetakoa» dela. Raul Garcia eta Iñaki Williams bezalako gizonak nabarmendu ditu, aurkariak «kontzentrazioari eutsi behar izatea eragiten dutenak, edozein despiste espero dutelako min egin ahal izateko». 

«Oso ondo landutako taldea da, Marcelinok ondo ezagutzen ditu bere taldearen bertuteak eta akatsak. Oso trinkoa da eta zaila da akatsak aurkitzea», esan du Alaveseko entrenatzaileak.

«Iñaki Williams desberdina da, oso desorekatua, eta zaintza berezia izan behar dugu eta laguntza horietan adi egon behar dugu», azpimarratu du Javi Callejak.