INFO

AZET Etxebizitza Sindikatuak Bilbon okupatutako ‘Arrakala’ espazioaren aurkako epaiketa hasi da

Hiru dira joan den maiatzaren 11ko desalojoaren baitan auzipetu dituzten AZET sindikatuko kideak. Akusatuei usurpazio delitua eta kalteak eragitea egozten diete astelehen honetan hasi den epaiketan. 

 

Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatua (AZET) ‘Arrakala’ espazio okupatuaren aurkako prozesuaren prentsaurrekoan. (Oscar MATXIN/ FOKU)

Bilboko AZET Etxebizitza Sindikatuko hiru kideren aurkako prozesu judiziala hasi da. Hiru akusatuak ‘Arrakala’-n txanda egiten ari ziren bitartean identifikatu zituzten, pasa den maiatzaren 11n, espazioaren desalojoaren baitan. Fiskaltzak usurpazio delitua eta kalteak eragitea egozten die sindikatuko kideei.

Akusatuak deklaratzen aritu diren bitartean, sindikatuko hogeita hamar kide inguru epaitegiaren aurrean batu dira auzipetuei babesa eta elkartasuna helarazteko asmoz. AZET Etxebizitza sindikatuko bozeramailea den Andreak jakinarazi du epaiketari dagokionez kideen abosluzioa espero dutela baina badakitela «justizia burgesa» ez dagoela inoiz beraien alde.

‘Arrakala’ AZET Sindikatuak pasa den martxoan okupatutako espazioa zen. Espazio honen helburua AZETen egoitza, etxegabetuak izango ziren sindikatuko kideen larrialdiko etxebizitza eta ASETU herri biltegirako gunea izatea zen.

Sindikatuak salatu duenaren arabera, okupazioa burutu bezain laster sindikatuko kideen aurkako «jazarpen polizial etengabea» hasi zen: «Auzolanetara gerturatu ziren hainbat kide identifikatu zituzten —batzuk etxeraino jarraituz—, argazkiak atera eta bideoak grabatu zituzten eta Polizia orduan indarrean zegoen etxeratze-agindutik kanpo agertu zen behin baino gehiagotan, txanda egiten ari ziren kideak kikiltzen saiatzen».

Sindikatuak gaineratu du ‘Arrakalak’ iraun zuen 40 egunetan hiru «Mozal» isun, zigor bidetik hiru kideren salaketak eta identifikazio «arbitrarioak» pairatu zituztela. Horretaz gain, Bilboko Udala seinalatu du jazarpenaren eta hustutzearen arduradun politiko gisa.

Hurrengo pausoak

Sindikatuak adierazi du beraien aburuz etxebizitzaren desmerkantilizazioaren aldeko borrokak «erradikala» baino ezin duela izan. Hortaz, «espekulazioaren, gehiegikeria insituzionalaren eta erreskate hurtsa diren etxebizitza politiken» aurrean «antolakuntza eta klase elkartasuna» erabiliko dituztela.

Hortaz, birjabetzearen eta kolektibizazioaren alde egiten duten hautua berresteko manifestazioa deitu dute datorren urriaren 8rako, ostiralerako, 18.30ean Bilboko Unamuno plazan.