INFO

Sendagaien Europako Agentziak Pfizer txertoaren errefortzu-dosia gomendatzen du

Populazio orokorraren kasuan, pauta osatu eta sei hilabetera gomendatzen dute hirugarren dosia. Immunodepresioa duten pazienteetan, berriz, bigarren dosia jaso eta 28 egunera, Pfizer zein Modernaren kasuan. Gomendioa hau den arren, estatu bakoitzak bere erabakia hartu beharko du. 

Hirugarren dosiaren gomendioa 18 eta 55 urte bitartekoentzat da. (Gorka RUBIO/FOKU)

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) Pfizer txertoa hartu duten pertsonei errefortzuzko hirugarren dosi bat hartzea gomendatu du, bigarrena jarri eta sei hilabetera. Gomendio hau 18 eta 55 urte bitarteko populazio orokorrari zuzendutakoa da; inmunodepresioa duten pertsonei egindako gomendioa desberdina da: Pfizer zein Moderna txertoen kasuan, pauta osatu eta 28 egunera hirugarren dosi hori hartzea.

Agentziako arduradunek bilera egin dute astelehen honetan bertan Pfizer/BioNTech laborategiek bidalitako datuak ikertzeko eta horren arabera erabaki bat hartzeko. Hala ere, gogoratu du estatu mailako osasun erakundeek izango dutela azken hitza eta faktore desberdinak izan ahalko dituztela kontutan hirugarren dosi hori eskaintzeko, tartean txertaketa kanpainaren abiadura edo dosien eskuragarritasuna.

EMAk argitu duenez, «errefortzuzko dosiaren ostean ez da bihotzeko gaixotasunik somatu, ezta albo-efektu arrarorik, eta horiek guztiak tentuz aztertzen ari dira».

Bestalde, agentziak esan du immunodepresioa duten pertsonen kasuan, ikusi dutela nola hirugarren dosi batek «koronabirusaren aurkako antigorputzak sortzeko gaitasuna handitzen duen organoren transpantatuta duten pazienteetan».

«Antigorputzak sortzeko gaitasun horrek covid-19aren aurrean babesten dituzten jakiteko frogarik ez dago, baina espero da kasu batzuetan behintzat hala izatea dosi gehigarri horri esker», gaineratu du EMAk.