INFO

Iurreta eta Altsasuko ostiraleko jaialdiek irekiko dute Lau eta Erdiko Promozioko txapelketa

Enpresa bakoitzeko lau pilotari arituko dira, zortzi guztira, eta azaroaren 6an amaituko den txapelketa hau irekia aurreikusten da. Egiguren iazko azpitxapeldunak eta Zubizarretak, Iurretan, eta Salaberria-Zabala, Altsasun, irekiko dute Lau eta Erdiko promozio txapelketa. 

Lau eta Erdiko Promozioko txapelketan arituko diren zortzi pilotarietatik zazpik hartu dute parte aurkezpenean. (Oskar MATXIN / FOKU)

Behin Lehen Mailako Lau eta Erdikoa martxan dela, astearte goiz honetan aurkeztu dute Promoziokoa. Bertan zortzi pilotari arituko dira ‘kaiolako’ txapelaren bila. Dariok, Egigurenek, Zabalak eta Salaverrik Aspe ordezkatuko dute, eta Zubizarretak, Alberdik, Bakaikoak eta Larrazabalek Baiko.

Zortzi pilotari hauek final-laurdenetako ligaxka jokatuko dute lehenik eta behin, eta hortik lau pilotari onenek finalerdietara egingo dute salto. Finala azaroaren 6an jokatuko dute.

Txapelketa ostiral honetarako Iurretan eta Altsasun antolatu dituzten pilota jaialdietan ekingo diote pilotariek Lau eta Erdiko Promozio Txapelketako lehenengo jardunaldiari. Egiguren V.a-Zubizarreta III.a izango dira aurrez aurre Iurretan, eta Salaberria-Zabala Altsasun. 

Larunbatean Bakaikoak eta Alberdik neurtuko dituzte elkarren indarrak Balmasedan. Eta igandean Dariok eta Larrazabalek itxiera emango diote Eibarren aurreneko jardunaldiari.

Iurretako partida horretan iazko finala jokatu eta Elordiren aurka galdu zuen Julen Egiguren arituko da. «Egia da azpitxapelduna naizela, baina lesio batetik nator, oraindik erritmoa hartzea kostatuko zait seguruena. Partidaz partida onena ematen ahaleginduko naiz», adierazi du Aspeko pilotariak gaurko aurkezpenean.

Aurrean Iraitz Zubizarreta izango du. Baikokoak azpimarratu duenez, «Julen hoberena espero dut. Iaz finala jokatu zuen, eta hori zerbaitengatik izaten da. Oso pilotari fina da, oparirik egiten ez duena; beraz, gauzak oso ondo egin beharko ditut».

Bestalde, larunbatean indarrak neurtuko dituzten pilotarien artean, Jon Alberdik Dario ikusten du «besteen gainetik». Izna ere, «udaran, partida guztietan maila ona eman duela ikusi da».

Joanes Bakaikoa, aldiz, berriro «topera» egoten saiatuko da. «Azkeneko bi urteetan, gauza batengatik edo besterengatik ez zaizkit nahi bezala atera, baina aurten ere hemen gaude», azpimarratu du.