Nafarroa Oinez urriaren 16 eta 17an antolatuko dute Lizarran, «zuhurtziaz»
Lizarrako ikastolak bi eguneko egitaraua prestatu du 2021 honetako Nafarroa Oinez berezi baterako. Urriaren 16 eta 17an, formatu txikian eta gerturatzen direnei «errespetua eta zuhurtzia» eskatuta, musika, herri kirolak, txikientzako ekimenak eta azokak antolatuko dituzte hirian barrena.
Lizarrako ikastolak 50 urte bete zituen iaz. Eta urteurren hori Nafarroa Oinez jaiarekin borobiltzeko asmoa zuten. Koronabirusak, baina, hau guztia ere eten egin zuen. Orain, bi urteko lanaren ostean, izango dute aukera hori. Urriaren 16 eta 17an, Lizarrako hiriak Nafarroa Oinez jaia hartuko du.
Ekitaldia, hala ere, egoerara egokituta egonen da. «Duela bi hilabete ia ezinezkoa zen ezer antolatzea, duela hilabete baldintza batzuetan antolatzeko aukerak ikusita plan horrekin hasi ginen eta duela astebete, murrizketak ezabatu zituzten, baina ez dago denborarik Nafarroa Oinez ohiko moduan antolatzeko», azaldu du Josu Sueskunek, antolakuntzako kideak. Berarekin izan dira, Iruñean egindako agerraldian, Unai Gardoki, Lizarra Ikastolako lehendakaria eta Urko Peral, Jarduerak batzordeko kidea.
Nabarmendu nahi izan dutenez, hitzordua «ez da aurrekoak bezalakoa» izango. «Murrizketen desagerpena berri ona izan bada ere, burutsu jokatzeko deia egin nahi dugu», gehitu du Sueskunek. «Bakoitzak bere burua, ondoan dituenak eta ingurugiroa errespetatu behar ditu. Hala eginez gero, segurtasun propioa zein besteena bermatuta egongo da».
Lizarrara gerturatzen denak ez du ohiko azpiegiturarik topatuko. Ez da gune ezberdinak lotzen dituen ibilbiderik egonen, ekimen guztiak hiri barnean izango direlarik eta prestatutako aparkalekurik ere ez da izanen.
Formatu «apalagoa» izan arren, ehunka boluntario aritu dira eta ariko dira lanean egun horietan bertan. «Ikastolek babesten duten auzolanaren isla da, baita euskal kultura eta hizkuntza zabaltzeko duten erantzunkizunarena ere», erantsi du antolakuntzako kideak.
Honela, Nafarroa Oinez zazpi gune ezberdinetan banatuko da. Urriaren 16an, larunbatean, Foru eta Santiago plazek hartuko dituzte ekimenak. Bertan artisau azoka, hainbat kalejira, euskal joko eta kirolak edo antzerki tailerra izango da. Igandean, aldiz, Zezen plaza, Remontival pilotalekua, ikastola, Los Llanos parkea eta bertako lorategiak batuko dira. Kontzertuak, herri kirolak eta haurrentzako hainbat ekimen prestatu dituzte.
Era berean, ohiko Nafarroa Oinez batean egoten diren jende pilaketak ez direla egonen onartuta, jendearen esku ere jarri dute etxetik laguntzeko aukera. Webgunearen bitartez ekarpen ekonomikoak jasoko dituzte.
Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiote Lizarrako Udalari jaiari egin dion harreragatik, laguntzagatik.