INFO

Guggenheimeko garbitzaileen grebaren aurrean Udal Gobernuak duen jarrera salatu du EH Bilduk

Guggenheim Bilbao Museoko garbitzaileek lan prekarietatearen eta soldata arrakalaren aurka egiten duten borroka «ikusezin bihurtzeko» Udal Gobernuak duen «estrategia» salatu du EH Bilduk. 120 egun daramatzate greban.

Guggenheimeko garbitzaileen elkarretaratze bateko artxiboko argazkia. (Monika DEL VALLE/FOKU)

EH Bilduk salatu du Udal Gobernua Guggenheim Museoko garbitzaileen borroka «ikusezin bihurtzea helburu duen estrategian aktiboki laguntzen« ari dela. Museoko garbitzaileak ekainaren 11tik jarraitzen dute greban, beren lan-eskubideen alde.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez eta Guggenheim Museoko garbiketa zerbitzuko langileek salatu dutenez, zerbitzu horren enpresa esleipenduna, Ferrovial Servicios, langileen grebarako eskubidea «urratzen» ari da, greba egiten ari diren langileei dagozkien kanpoaldeak garbitzen ari baitira. Era berean, ohartarazi dute Guggenheim Museoa, Bilboko Udal Gobernuarekin batera, Udaleko makineria eta langileak erabiltzen ari dela greban dauden langileei ere dagozkien lanak egiteko Museoaren kanpoaldean.

Ildo horretan, talde subiranistak galdera batzuk aurkeztu dizkio Kepa Odriozola Zerbitzu eta Bizi Kalitate Saileko zinegotzi arduradunari, Guggenheim Museoaren inguruan udal garbiketa zerbitzuak zer nolako lanak egiten ari diren argitzeko. Zehazki, galdetu du ea greba hasi aurretik udal zerbitzuek museoko sarrerako eremuak garbitzen zituzten; noiztik garbitzen dituzten; zergatik jarduten duten udal garbiketa-zerbitzuek ez dagokien eremu batean, eta noren aginduz.

«Egoera hori berretsiz gero, Udal Gobernua Museoko garbiketa-zerbitzuko langileen grebarako eskubidea urratzen ariko litzateke, eta, nolanahi ere, agerian geratzen da emakume horien borroka ikusezin bihurtzen laguntzen ari dela. Emakume hauek hilabeteak daramatzate greban soldata-arrakala eta lan-prekarietatea kasu eskandalagarri bat salatzeko», adierazi du.

Fatuarteren ustez, «Udal honek bizkarra ematen die garbiketa-zerbitzuko langileei, eta lan-baldintza duinen aldeko eta prekarietatearen eta soldata-arrakalaren aurkako borroka oztopatzen du». «Udala langileak laguntzen egon beharko litzateke eta ez boikoteatzen», gaineratu du.

EH Bildu Udal taldeak gertakari hau «onartezintzat» jo du eta, Museoan garatu diren aurreko lan-gatazketan egin duen bezala, Udala konponbide bat bilatzen inplikatzea eskatu du, batez ere Aburto alkatea Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuko kide denean, eta Museoko Fundazioak urtero 250.000 euroko diru-laguntza jasotzen duenean udal-kutxetatik.

Amaitzeko, Fatuartek berretsi du EH Bilduk babesa eman diela Museoko garbiketa zerbitzuko langileei lan-prekarietateari eta soldata-arrakalari aurre egiteko borrokan.