Urtetik urtera berrituz handi egin den historia txikia
EHUren Udako Ikastaroak antolatzeko ideia izan zuen Ricardo Echeparek traineru handi batekin alderatu izan ditu. Autonomiak ematen die olatua nondik nora datorren ikusi eta berehala erantzuteko aukera, etengabe berrituz eta gaurkotasuna lortuz.
Gogotik ospatu zuten asteazkenean EHUren Udako Ikastaroen 40. urteurrena. Ekitaldian parte hartu zuten lehengo eta oraingo langileei ilusioa sumatzen zitzaien. Juanito Etxeberriari, adibidez. 22 urtez ibili da UIKen zuzendariorde. 13. edizioan sartu zen, 1994an, eta 35.ean atera, 2016an. Oroitzapen ederrak ditu.
«Denetarik egiten genuen. Oso talde txikia ginen. Oso jende motibatua. Ez bakarrik zuzendaritza taldea, administrariak ere bai. Ilusioa eta bizipoza genuen. Oraindik mantentzen da. Talde txikia izateak gutxiren artean lan asko egin behar izatea dakar; bestalde, elkartasuna, konfiantza ematen du. Unibertsitatea bera, errektore taldea, ez da sartzen Uda Ikastaroetako programan. Bertako zuzendaritzak askatasun osoa dauka eta horrek erabakiak azkar hartzeko aukera ematen du. Burokrazia minimoa da».
Urtean 200 ikastaro antolatzen dituzte azkenaldian eta horiek bertze hainbertze zuzendari dituzte. «Horiengan ere konfiantza handia dugu. Eta gehienetan ongi atera zaigu», adierazi du irribarrez.
Bere ustez, autonomiak ematen dien berehala erantzuteko eta urtetik urtera programa berritzeko aukera da Miramarren fokua duten ikastaro hauen bereizgarri nagusia. Egokitzapen hori egiten dutelako jarraitzen dute. Urtero proposamen piloa jasotzen dute. Erakundeenak eta askatasun osoz hurbiltzen den edozeinenak. Azaroan biltzen da programa batzordea, aukeratzeko.
1982an hasi ziren, ikastaro esperimental gisa. Orduko programari begiratuta, jada antzematen da zeintzuk izanen ziren 40 urteko historia honetako eztabaidagaiak: energia ikuspegi berriak, ingeniaritzako formakuntza, arkitekturaren papera, antropologia eta Euskal Herriaren autonomia agertzen dira. Lehen urte haietako partaideen artean Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja, Alfonso Sastre eta Bernardo Atxaga gazte bat daude. 1985ean Ricardo Echeparek hartu zuen zuzendaritza eta orduan hasi zen hazkundea. 1986an jada ingurumenari eskaini zioten ziklo bat eta Jose Luis de la Cuesta eskubide ekologikoaz mintzatu zen.
Miramarretik Euskal Herrira
1989an Miramar hartu zuten etxetzat, toki paregabea. BBVk dirua jartzea lortu zuten eta horrek bidea ireki zuen erakunde eta enpresa gehiago sartzeko. Prentsak egin zuen dibulgazio lana ere garrantzitsua izan zen.
1997an, Ernest Lluchek eta Miguel Herrero de Miñonek “Foralismoa, eskubide historikoak eta demokrazia” topaketa zuzendu zuten eta, hortik, liburu garrantzitsu bat argitaratu zen, “Derechos históricos y Constitucionalismo útil”, legelari eta politikariek kontsultatzen dutena, Lakuako Gobernukoek barne.
1999an Eduardo Chillidaren logotipoa hartu zuten ikastaroek, eta 2000n Lakuarekin itun bat sinatu zuten, hezkuntzako profesionalentzat ikastaroak egiteko. Osakidetzarekin antzeko itun bat lortu zuten.
25. urteurrena bertze mugarri baten gisan oroitzen du Juanito Etxeberriak. «Noam Chomsky etorri zen. Ezohiko gauza asko egin ziren». Hortik jarraituz, ‘Bizitzaren bidaia’ programa arrakastatsua antolatu zuten, publikoa zabaltzeko asmoz. «Beti esan dugu Uda Ikastaroak Unibertsitatearen leiho ireki bat direla jendearentzat, Unibertsitatera sartzeko. Eta programa honetara oso jende ospetsua etorri zen, komunikatzaile bikainak». Andoni Egaña, adibidez, bertsolaritzaz eta jendaurrean hitz egiteaz aritu zen.
Kurtsoak hasi zirenean zuzendarien %11 soilik ziren emakumeak. 2021ean %46 dira eta iaz %52 izan ziren.
2010ekoa izan zen inauguraziorik bereziena, Joaquin Achucarro pianistaren emanaldiarekin egina. 34. edizioan, Carmen Agouesek hartu zuen zuzendaritza eta ikastaroak Euskal Herrira zabaltzen hasi ziren: Leitzako Peru Harrira txangoa, Atxagaren ibilbide literarioa Asteasun barna, Zumaiako flyscha eta Pasaiako badia ‘Mater’ ontziko ikuspegi pribilegiatutik... «Miramar beti izan da erdigunea, baina konturatu ginen enologiari buruz ikastaro bat antolatzeko Guardia egokiagoa izan zitekeela. Erromanizazioa Oiasso museoan landu genuen; moda, Balenciagan; antzerkia, Topic-en eta futbola, Zubietan». Adineko jendearekin egindako ibilaldiak ere hagitz maiteak izan dira.
«Gai batzuen inguruan kosta egiten zaigu hausnartzea. Matia Fundaziokoekin heriotzari buruzko ikastaro bat antolatu genuen eta sekulako harrera izan zuen». Aurrera begira bide beretik segituko dute. Ea zer olatu datorren adi, etorri baino lehen hartzeko.
Urtero egiten dira arlo guztietako ikastaroak: psikologia, hezkuntza, zuzenbidea, fisika… Goi mailakoak eta herrikoiak. Etxeberriaren esanetan, oreka lortzea da gakoa.
Administrariak, UIKen «altxorra»
Covidaren aitzineko edizioan, 44 agertokitan egin ziren ekintzak, Euskal Herri osora iristeko bokazioz. Baina presentzialtasuna bilatu badute ere, pandemia iritsi zenean azpiegitura prest zuten ikastaroak online emateko. 2020an DSF Donostia Sustainability Forum jaio zen, jasangarritasuna diziplina anitzetatik lantzeko, ingurugiroa, jendartea eta ekonomia aintzat hartuz.
Aipatutako guztiaz gain, UIKek badu altxor bat: Miramarreko langileak dira. Juanito Etxeberriak, 22 urtean zuzendaritza taldeko kide izanak, eta kideekin harremanetan segitzen duenak, hala azpimarratu du: «Zuzendaritzakook Unibertsitateko irakasleak gara eta ez gara egunero Miramarren egoten. Administrazioko langileak, bai. Haiek dira kurtsoen zuzendariekin harremana dutenak. Maitasun handia jartzen dute. Eurenak bezala hartzen dituzte ikastaroak».
Itziar Alkorta: «Gazteak nola erakarri izango da xede nagusia»
Itziar Alkorta EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria Naiz Irratian izan zen asteazkenean. 2019an hartu zuen kargua eta balantzea positiboa bada ere, pandemia dela-eta «susto apur batekin» egon direla azaldu zuen. 2020 eta 2021ean «goitik behera berritu» behar izan dute. Teknologiari esker urruti heldu dira. «Aurten bost kontinenteetako ikasleak izan ditugu. 1.000 ikasle baino gehiago iritsi zaizkigu kanpotik eta ezustekoa izan da».
Gaur egun, ikastaroetako partaideen profila honakoa da: profesionala, emakumea, 40 urtetik gorakoa eta ikastaro jakinetara etortzen dena. Horiei eutsita, «gazteak nola erakarri», hori izango dute helburu nagusia. «Konturatu gara dibulgazioaren mundua oso lehiakorra dela. Hori gustuko dugu hobetzeko pizgarri delako», adierazi zuen.
Ilusioa eta bizipoza ezaugarri dituen proiektu honen mugarri batzuk
1982an
jaio ziren EHUren Uda Ikastaroak. Ricardo Echeparek Santanderreko Menendez Pelayo Unibertsitateko ikastaro batean parte hartu zuen. Inbidia sanoz, lan egiten zuen Gipuzkoako Foru Aldundian antzeko zerbait egitea proposatu zuen. Honen babesean hasi ziren, 6 milioi pezetarekin, EHU bi urteko haurtxoa zela. Lehen argazkia ‘Egin’-en zegoen.
2007an
edizio berezia egin zuten 25. urteurrena ospatzeko, Noam Chomsky, Juan Uriagereka, Maria Angeles Duran, Rojas Marcos eta Pedro Miguel Etxenikerekin.
2016an
Justizia errestauratiboari buruzko Europako kongresuak legegintzako 400 profesionaletik gora bildu zituen. Carlos Lesmes Espainiako Botere Legegilearen Kontseilu Orokorreko presidenteak kontzeptu berri bat berretsi zuen bertan, zeinean biktimak eta mina egin duenak parte hartzen duten eta «ordaindu baino berreskuratu» egiten den.
2021ean
13.000 partaide izan dira. 40 urtetan 287.975 lagun pasatu dira orotara eta 3.627 ekitaldi antolatu dituzte. Bederatzi ikastaro izan ziren 1982an eta 200 azken edizioetan.