INFO

Aurpegia berriz erakusteko parada izanen den egunean maskara, badaezpada, eskura

Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian Bizi Jolas ekimenaren baitan haurrek berdin sega zein sagar bilketa oinarri duten jokoetan jardun dute maskararik gabeko lehen egunean. Alta, Marak musukoa ez duela berehala baztertuko erran digu eta Manexek paparrean darama musukoa, «goiza hotza baita».

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Zuri-beltzez beteriko garaian maskararik gabeko egunak ezin zuen irudi gardena utzi. Gauzak horrela, goiz honetan Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian Bizi Jolas ekimenaren baitan ariketak egiten atzeman ditugun haur gehienek aurpegia erakusten bazuten ere, bakan batzuek oraindik ere musukoa zeramaten.

Hendaiako Gure Ikastolan 3. eta 4. mailetako haurrekin lan egiten duen Miren Arriaga Goirizelaia irakasleak gertutik jarraitzen zituen haurren jolasak.

Min ttipia hartu duen ikaslea maitekiro eskutik helduta zuen irakasleak. «9 urte eta erdi» adina duen Marak aitorpen harrigarria egin digu. Bere gelako haur gehienek dagoeneko maskararik gabe badabiltza ere bera lasaiago sentitzen dela musukoa jarrita azaldu dio NAIzi.

«Berdin zait lagunen aurpegiak ez ikustea, ni eroso sentitzen naiz», gehitu du. Horrendako, ikastolako poltsan edo etxeko bazter batean «badaezpada» maska eskura atxikiko du.

Hala ere, Miren irakasleak egun berezia dela gaurkoa nabarmendu du. Haurrak pozik etorri dira ikastolara ikaskideen aurpegiak ikusi ahalko dituztela jakitun. Mara ez da, ordea, erresistentzia pittin bat erakutsi duen bakarra. Beste hainbat ikaslek ere musukoa gorde nahi dutela azaldu diote irakasleari.

«Guri dagokigu egoeraren bilakaera azaltzea, betiere haur guztiekiko errespetua agertuz», laburbildu du Miren Arriagak.

Protokolo berriaren arabera lehen mailako haurrek ez dute musukorik erabili beharko gaurdanik Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastetxeetan.

Pirinio Atlantikoen Prefeturak iragan ostegunean iragarri zuen oro har ikastetxeetan poztazunez hartu den neurria.

Asteak joan asteak etorri pandemiaren zifrek etengabe behera jo dute. Atzo 100.000 biztanlekiko 35,7 kasu neurtu ziren Ipar Euskal Herria barne den departamenduan.

Hobekuntza horrek ahalbideratu duela aldaketa azaldu die irakasleak 8 eta 10 urte arteko ikasleei.

«Izan ere, protokoloak agintzen duenez, irakasleok jarraituko dugu musukoa erabiltzen, beraz neurriak ez direla egun batetik bestera desagertu ikusiko dute ikasleek, prebentzioarekin jarraitu behar delako», nabarmendu du maskara beltza daraman Arriagak.

Atzera begiratuta, «maska erabilita adierazkortasun asko galdu da gelan, haurrek askotan guk zerbait esan aurretik badakite zer azaldu nahi dugun aurpegiari so eginez, eta musukoak zaildu du harreman hori», oroitarazi du lehen mailako irakasleak, behar bereziak dituzten haurrentzat «egoerak oraindik ere askoz ere trabagarriagoa izan dela» gehituz.

«Maskararen erruz batzuetan gaizki entzuten ginen elkar, eta batzuetan giroa itogarria egiten zitzaigun», gaineratu du irakasleak.

Malgutasunez jokatzeko beharra

Ikastolako eragileek eta bereziki haurrek egokitzeko gaitasuna aski frogatu dutela nabarmendu du Mirenek irakasleak, betiere malgutasunez jokatu behar izan dutela etengabe aldatzen ziren protokoloak gelara eramateko orduan gehitzea ahantzi gabe.

Hala, distantziarekin eta beste hainbat prebentzio neurriak tartekatuz «hainbat aktibitate egiteko maska jaisteko baimena eman dietela ikasleei» aitortu du.

Gaur goizean anekdotak ez dira falta. Metro gutxira Bizi Jolas programaren baitan antolaturiko froga bat egiten ari den Unaxi galdetu dio irakasleak zergatik ez zuen maska kentzen, gaurdanik ez baita derrigorrezkoa. «Gaur hotz handia egiten duelako» erantzun du, pozez zoratzen, hori bai maska paparrean, sagar bilketa jokoaren baitan aurrera eta atzera lasterka dabilen ikasleak.

Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Federazioak elkarlanean garatzen duten Bizi Jolas programaren animatzaile da Aritz Bereziartua. Astelehenero, eguberriko oporraldia hekdu bitartean, Hendaiako Gure Ikastolako haurrekin arituko da baserriko lanetan oinarrituriko jolasak partekatzen.

«Haurrek beraiek moldatu behar izan dute gehienbat egoera berrira, eta ez da erraza izan, osasunaren izenean nire ustez osasuna bere osotasunean aintzat hartzen ez zuten hainbat neurri ezarri dietelako, agian kaltegarriak izan zitezkeenak», azaldu du azkeneko bi ikasturtetan indarrean izan diren osasun protokoloek utzitako arrastoari buruz galdetuta.

Dagoeneko kanpoko eremuetan maskarik gabe jolasten zuten haurrek. Gaurdanik gela barruan ere aurpegia libre izanen dute. Hori dela eta, erabakiak «gure jarduerari begira baino haurren ongizateari mesede eginen diolako» kontent azaldu da Aritz.

«Txertoak direla, zein beste neurriak direla, egin beharrekoak eginak daude eta hemendik aurrera ezin dugula etengabe beldurrez bizi», gehitu du, betiere «haur bakoitzak izan duen bizipena aintzat hartuta».

Hori dela eta «gaur goizean haurrei erran diegu ahal dutela maskararik gabe ibili, baina inor ezertara beharko gabe», laburbildu du Bereziartuak.

Unaxek, hotza egin bitartean, bederen, maskara buff bezala baliatuko du. «Lasai nago musukoa eramaten dudanean eta ez dudanean eramaten ere» bere neurrirako irizpideari helduta Mirenen eskuetatik askatu berri den Marak musukoa ez du jarri gelakiderengana berriz hurbildu denean. Mina joan zaion, nonbait. Gurasoak, ez kexa.

Pandemiaren bukaera dekretuaren bidez ezin bada agindu, maskarari buruzko protokoloa zer esanik ez.