INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Lemoatxako gurutze frankista eraitsi du Ernaik, Hispanitatearen Egunaren bezperan

Lemoatxa mendiko gurutze frankista eraitsi du Ernaik eta «espainiar kolonialismoaren, faxismoaren eta 78ko erregimenaren sinboloa den» Hispanitatearen Egunerako Euskal Herriko eskualdeetan antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Lemoatxako gurutze frankista, eraitsita. (@ernaigazte)

Frankismoaren erreferentziek gaurkotasuna dute oraindik ere. 36ko gerran garaile izan zirenak goresten dituzte hainbat tokitako kaleen izenek edo eraikuntzek. Horietako bat da Lemoatxa mendiko muinoaren gainean dagoen gurutzea, bart Ernaik eraitsi duena, «ikur frankistak Euskal Herritik ezabatzeko» asmoarekin.

Gazte antolakundeak astearte honetan ospatuko den Hispanitatearen Egunaren baitan egin du ekintza hau; izan ere, hainbat mobilizazio antolatu ditu astearte honetarako Euskal Herrian zehar, «espainiar kolonialismoaren, faxismoaren eta 78ko erregimenaren sinboloa den» egun honen aurka.

«Ospatzeko ezer ez dugula ozen esan, espainiar faxismoa eta 78ko erregimenarekin hautsi eta bereziki, amesten dugun Euskal Herria aldarrikatzeko» mobilizatuko da Ernai, eta dei egin dio euskal gazteriari eskualdeka antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera.

Ohar batean azaldu duenez, «85 urte bete dira aurten espainiar altxamendu faxistatik. Muturreko errepresioa zabaldu zen Euskal Herriko bazter gehienetan, besteetan faxismoari erresistentzia eta gerra. Udaberrian beteko dira 85 urte gure herriaren gertakari lazgarrienetako batzuetatik: Otxandio, Durango, Gernika, Bizkargi, Lemoatxa, Bilbo... erresistentzia eta askatasun ikurrak gazteontzat».

Belaunaldi berriek gertakari horiek bizi ez zituzten arren, egun «faxismoari gorazarre egitea zilegi dela» ikusi dutela azaldu du antolakundeak eta, gaineratu duenez, Lemoatxako gurutzea bezalako «ikur eta monumentu frankistak gure artean ditugu oraindik».

Monumentu hauek frankismoaren «elementu sinbolikoa» izatetik haratago, frankismoak 78ko erregimenean biziraun duenaren erakusle dira Ernairen esanetan. «Estatu espainiarra itxuraldatu arren, dena ondo lotuta mantentzeko aurpegi garbiketa hutsa izan zen trantsizioa, eta gaur arte bizirauten duen erregimena», gehitu du.

78ko erregimena, beraz, frankismoaren oinordeko politikoa da antolakundearen arabera: «Monarkia, elite ekonomikoen agintea, kolonialismoa, komunikabide handien erabateko kontrola, botere judizialean eta indar armatuetan frankismoaren jarraipen hutsa, herrien erabakitze eskubide eta autodeterminazio eskubidearen onarpen eza. Hitz gutxitan, demokrazia eta askatasun eza herritar eta Euskal Herriarentzat».

Faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada eta 78ko erregimena «krisi politiko sakonean» dagoen honetan, «inoiz baino gehiago dagokigu faxismoaren eta 78ko erregimenaren aurka borrokatzea», adierazi du.

«Memoria ardatz dugulako eta bestelako Euskal Herri bat nahi eta behar dugulako belaunaldi berriok: antifaxista, askea, feminista, burujabea, euskalduna eta langile eta herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituen errotiko eraldaketa sozialean oinarritzen dena», gaineratu du.

Horretarako, gazteek eguneroko borrokan lerratzen direla nabarmendu du Ernaik, gaur «ikur frankistak Euskal Herritik ezabatuz», eta  bihar «espainiar kolonialismoaren, faxismoaren eta 78ko erregimenaren sinboloa den Hispanitatearen egunean, Euskal Herri osoan zehar kaleak hartuz».