INFO

Klima aldaketak mehatxupean dauka Atacamako loraldia

Txileko Atacama basamortuak lurzoru idorra izateari uzten dio bost-zazpi urterik behin, milaka loreren bizitoki bihurtuz. Hala ere, klima aldaketak eragindako prezipitazioen gutxitzeak arrisku larrian jartzen du Atacamako loraldia.

Atacamako basamortuaren loraldia. (Martin BERNETTI/AFP)

Atacamako loraldia Txileko Atacama basamortuan bost-zazpi urterik behin gertatzen den fenomeno natural bat da. Basamortu hau munduko txoko lehorrenetarikoa izan arren, euri pixka bat egiten duenean, milaka lorek koloreztatzen dute normalean sastraka soil batzuen bizitokia den basamortua. Hala ere, adituek ohartarazi dute klima aldaketak fenomeno hau desagerrarazi dezakela, euriteak gero eta urriagoak baitira Txilen.

Joan den ekainean bi eurite labur izan ziren Atacaman, orduko 12 eta 17 milimetroko prezipitazioekin. Horrek eragin du lur azpian gordeta zeuden haziak ernaltzea eta Caldera eta Chañaral bitarteko 100 kilometroko tarte bat 900 espezie desberdinetako landarez bete izana.

Hala ere, adituek ohartazi dute klima aldaketak eragin larriak izan ditzakeela loraldiarengan. La Serena Unibertsitateko akademikoa eta biologoa den Andrea Loayzak jakinarazi du aurtengo loraldia «lokalizatuagoa eta aurrekoak baino intentsitate txikiagokoa» izan dela. 1980tik 2017ra bitartean, bederatzi loraldi baino ez dira erregistratu.

Atacama basamortuko loreak. (Martin BERNETTI/AFP)

Izan ere, Txile azken urteetako lehorte gogorrena ari da pairatzen, %90eko prezipitazio defizitekin. Hori horrela, Piñeraren exekutiboak prezipitazio urritasuneko gunea izendatu zuen Atacama pasa den maiatzean. «Prezipitazio kopuruak beheranzko joerarekin jarraitzen badu beste hamarkada batzuetan fenomenoa desagertu ahalko litzateke», deitoratu du Loayzak.

Berez, loraldia ‘El Niño’ izeneko fenomeno klimatiko batek eragiten du. Itsas korronteak ohikoa baino gehiago berotzen dira, ura lurrundu egiten da, eta, ondoren, prezipitazioak egoten dira basamortuan landare desberdinak esnaraziz.

Naturaren moldatzeko gaitasuna

Txileko Unibertsitateko biologia doktorea den Francisco Squeok azaldu du basamortuan milioika urte, glaziazioak eta sasoi askoz lehorragoak biziraun dituzten lore sortak daudela. Hori natura oso «erresiliente eta moldakorra» denaren seinale izanik.

Atacamako basamortua gurutzatzen duen bide bat, loraldi sasoian. (Martin BERNETTI/AFP)

Hala ere, Squeok oroitarazi du duela 200 urte orain baino lau aldiz ur gehiago zegoela eta lehorteak loraldia arriskuan jarri dezakela: «Tenperaturek igotzen jarraitzen badute eta prezipitazioek, kontrara, jeisten, haziak ezingo dira hazi».

«Espero dugu gizakiak laster neurriak hartzea klima aldaketa gutxitzeko, baina galdera da zera da: loreek itxaron ahalko dute?», hausnartu du doktoreak.