Oinatz Bengoetxeak argi du errekuperazioa dela bere «handicap» handiena
Bilboko frontoiko lurra leundu eta konpondu dute eta distiragatik hasierako inpresioa oso bizia izango dela bada ere, behin probatuta ez omen da horrenbesterako
Lehen partidan galtzaile irten ostean, hil ala biziko partida jokatuko dute igande honetan Oinatz Bengoetxeak eta Aitor Elordik Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Irabazterik izan ez bazuen arren, esan daiteke mallabiarra nolabait indartuta irten zela Jokin Altuna asko estutu ostean. Oinatz Bengoetxeak, aldiz, galtzeaz harago, zortzian geratu zen Peio Etxeberriaren aurka eta markagailu honek gauzak are zailagoak jartzen dizkio bere azken Lau eta Erdikoa izan daitekeen honetan.
Leitzarrak, ordea, ez du bere grina inolaz ere galdu eta igandean, ohi bezala, «gerra ematera» hurbilduko da Bilbora eta ondo daki irabazteko aukerak izateko fisikoak asko baldintza dezakeela bere jarduna. «Peioren aurka hankaz eta ongi ibili nintzen, lehendabiziko partea ona egin nuen baina gero bi tantotan gehiegi bete nintzen eta ez nion buelta ematerik izan. Gerratxo hori hor daukat, denborarekin errekuperatzea gero eta zailagoa da eta nire handicap bat da baina, espero dut partida bigarren partean ere eustea igandean», azaldu du gaurko material aukeraketan.
Aitor Elordik, bere aldetik, ongi daki partida luzatzea bere onerako izan daitekeela, Jokin Altunaren aurkakoa partida gogorra izan bazen ere, ondo eutsi zion eta argi dauka arlo fisikoan abantaila bat izan dezakeela. «Nire asmoa hori izan daiteke, pixka bat partida gogortzea eta hasieratik ez itsutzea tantoa egitera joatearekin. Ezkerreko paretara sartu beharko dut pilota, pixka bat tantoa gogortu baina argi dago aukera dudanean tantoa amaitzen saiatu behar dudala», azaldu du bizkaitarrak.
Pilotalekua, eraberritua
Ez ohiko egunez, ostiralez, egin dute igandeko partidarako material aukeraketa eta horren arrazoia azken egunetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan egin dituzten txukuntze lanak izan dira. Lurra konpondu eta leundu dute eta ezker pareta margotu. «Konponketa egin dutenetik gaur ikusi dut lehen aldiz eta sartu naizenean ostras, begira ematen du oso bizia izango dela, baina gero, pilotak eta probatzerakoan ez du ematen horrenbesterako denik eta itxura oso ona dauka», azaldu du Aitor Elordik.
Bertan entrenatzeko aukerarik izan ez badute ere, Oinatz Bengoetxea ere bat dator kantxak jokatzeko itxura ona duela aitortzerakoan. Frontoi eraberritu horretan jokatuko du Aimar Olaizolak bere azken partida Bilbon, baina Gipuzkoan oraindik beste bi jokatzeko asmoa baduela baieztatu du Baikok. Esaterako, hurrengo ostiralean Azpeitian iragarri dute, Labriteko azkenaren bezperan eta hilaren 29an, ostiralez baita, Oiartzungo Madalensoron jokatuko du goizuetarrak