Galduta izan eta gero, lortu du Bilbao Basketek denboraldiko aurreneko garaipena (85-80)
Laugarren laurdenaren hasieran 55-68 atzetik egon eta gero lortu du talde bizkaitarrak markagailuari buelta eman eta irabazitako neurketen kontagailua martxan jartzea. Hasieran sartu ez dituen hirukoak sartu ditu azken laurdenean etxeko taldeak, eta zaleen laguntza ere aldeko izan du irabazteko.
SURNE BILBAO BASKET 85 - URBAS FUENLABRADA 80
Inor ere ez dago irabaztera derrigortua, baina Surne Bilbao Basketek 0-5eko balantzearekin ekin dio ACB Ligako seigarren jardunaldi honi; are gehiago, Fuenlabrada lako aurkari baten kontra. Hau da, etxeko lanak tajuz egiten hasteko sasoia iritsita harrapatu duela talde bilbotarra partida honek. Baina ia galduta izan du partida, 55-68 azkenenko laurdenaren hasieran, eta hirukoak sartzea lortu duenean bakarrik eman ahal izan dio buelta markagailuari. Partida galduta izan du, baina hirukoek, jokalarien ahaleginak eta zaleen bultzadak lortu du, halakoren baten, bilbotarrek beren bolada txarra apurtzea.
Izan ere, dela urduritasunagatik edo dena delakoagatik, asko kosta zaio etxeko taldeari partidan murgiltzea, eta akordatzerako 1-8 atzetik aurkitu du bere burua. Defentsako lanean oso bigun aritu da aurreneko minutuetan, eta Eyenga zein Victor Alexanderrek bapo baliatu dute ahuldade hori. Bestetik, Bilbao Basketen erasoan Goudelockek ez du baloirik ia ikusi ere egin eta, aldiz, Angel Delgado dominikarrak aukera larregi izan ditu aukeran.
13-21 atzetik dela errakzionatu du behingoan Bilbao Basketek, Mumbruren aurreneko aldaketei esker. Alex Reyesek zazpi puntu sartu ditu segidan, eta Roussellek 21na berdindu du baloia ohostu ondoren. Bestalde Jeff Witheyk Delgaren lekua hartzeak ere mesede galanta egin dio bizkaitarren defentsari. Ez du aurrerik hartu Bilbao Basketek aurreneko laurdenaren amaieran, baina nola ekin dion aintzat hartuta, gaitzerdi.
Kostata, baina azkenean lortu du Bilbao Basketek partidako buruzagitza hartzea. Goudelockek lortu du, jaurtiketa libre batzuei esker. aurrez Mumbruren gizonek defentsako errebotea zaintzeko makina bat arazo dituztela ikusi da , baita Fuenlabradak ere aurreneko laurdenean adina asmatzea kosta behar zaiola ere, are gehiago Leo Meidl hegaleko brasildarra lesionatuta duten bitartean. aipagarria, bestalde, Hakansonen lana bai erasoan hala defentsan; suediarra ez da munduko jokalaririk onena, ez horratio, baina saiatua da eta ahalegin horrek etekinak ekarri dizkio Bilbao Basketi, jokoan eta markagailuan ekimena hartu arte.
Kyle Alexanderrek 33-34 aurreratu du Fuenlabrada hiruko bati esker; berehala erantzun dio Angel Delgadok –ez uztai ez taularik ikutu ez duen jaurtiketa librea ere laga digu dominikarrak ezusteko oparitzat–, baina ia erabat agortu dira orduan talde bien etorriak atsedenaldira bidean. Ez kosta gabe, baina Valentin Bigoteren saskiratze bati esker Bilbao Basketek atsedenaldirako bidea aurretik eman du: 38-37. Aipatzekoa hor ere Hakansonek aurreneko erdiko azken jokaldian egin duen defentsa, Fuenlabradako jaurtitzaileak faltarik egin gabe oztopatuz.
Epaileekin erotuta
Lau puntutik gorako alderik atera ezinda ibili dira beltzezko gizonak hirugarren laurdenean. Fuenlabradak Armand bakarrik aurkitu du puntuak pilatzeko bide, baina bilbotarrek ere inspirazio eskasa izan dute, nahiz eta masiulisek behingoan puntu batzuek saskiratu. Are gehiago, Delgadoren «bi gehi bateko» jokaldi batek Miribilla eta Alex Mumbru bera ere sutu ditu, eta ondorioz, hasiera baten entrenatzaileak falta teknikoa ikusi badu ere, azkenean epaileek atzera egin eta dominikarraren saskiratzeaz gain, beste ezer adierateke laga dute.
Jokaldi horrek erabat onetik atera ditu etxekoak eta, aldiz, Madrilgo taldeak hauspoa aurkitu du. Are gehiago Risticek bi hiruko saskiratze kateatu ostean. Ia ezerezetik, Fuenlabradak patxada eta jokoaren ekimena berreskuratu ditu eta Bilbao Basketek, berriz, agian bere sailkapeneko egoera txarrak eragindako histeria puntua. Hala, azken laurdena markagailua 55-61 dela iritsi da.
Fuenlabradak bere aukera baliatu du eta 55-65 aurreratu da; 55-68 Angel Delgadok bi jaurtiketa libre hutsegin eta Risticek bere hirugarren hirukoa segidan sartu ostean. Miribillako 5.962 zaleak etsia hartzen hasi dira, baina tira, halakoren baten, Masiulisek eta Goudelockek hiruko bana kateatu dute eta 61-68 markagailua jarri ondoren, piztu ere egin dira zaleak. Hori bai, Fuenlabradako entrenatzaileak berehala eskatu du hutsartea, hirugarren laurdenean Mumbruk ez bezala. Burua hotz mantentzeko eskatu ohi diete entrentzaileek jokalariei, baina errezeta berbera teknikarientzat ere balekoa da.
Hirukoak onerako eta txarrerako
Hirukoak sartzen hasi zaizkio Bilbao Basketi; Valentin Bigoteren bi hirukok, aurrez Masiulisi kiroltasunaren kontrako falta adierazi ondoren, markagailua 67-71 ezarri du artean bost minuturen faltan. Hegaleko frantsesak hartu du bilbotarren erasoaren ardura eta puntu bakarrera hurbiltzea lortu du: 72-73. Baloia galdu du orduan Fuenlabradak, baina Bilbao Basketek itxaron egin behar izan du epaileak eta mahaiko kideak elkarrekin ezin konpondu itzelezkoa izan baitute.
Berriz ere aztoratu dira etxekoak eztabaida horien karietara eta Victor Alexanderrek «bi gehi batekoa» sartuta baliatu du aztoramen hori. Hala ere, bilbotarrek oraingoan ez dute bururik galdu, eta Hakanson eta Delgadoren artean 76na berdindu dute minutu eta erdiren faltan. Are gehiago, hurrengo defentsan baloia berreskuratu dute eta Goudelockek aspaldiko partez, minutu baten faltan, 79-76 aurreratu du etxeko taldea. Murtziaren aurka kale egin bazuen, igande honetan ez.
Baina partida oraindik ez da amaitu eta Goudelockek kale egin du lau metroko jaurtiketa aurrez Emeganok 79-78koa ezarri ostean jaurtiketa libreen marratik. Korrika erasotzen saiatu da Fuenlabrada errebotea jaso ostean, baina Novak antolatzaileari baloiak kanpora egin dio ihes: 22 segundoren faltan, baloia Bilbao Basketentzat.
Kostata lortu du baloia jokoan jartzea eta Rafa Luzek falta ere jaso du. Kiroltasun kontrakoa? Zaleen iritziz, zalantzarik gabe; epaileei kosta zaie erabakia hartzea, azkenean baietz hauek ere hala izan dela onartu arte.
Rafa Luzek ez du barkatu, 81-78, eta Goudelockek beste bi jaurtiketa libre atera dizkie aurkariei, eta honek ere ez du barkatu. Novakek azken aukera bat eman dio fuenlabradari, baina 83-80 dela markagailua eta sei segundoren faltan, Bilbao Basketek hainbeste sufrituriko aurreneko garaipena, Hakansonen bi jaurtiketa libreei esker, bermatu du halakoren baten. Hurrengoak ez al dira hainbeste kostako!
PARTIDAREN FITXA
Bilbao Basket: Rafa Luz (4), Goudelock (12), Bigote (18), Masiulis (7) eta Delgado (16) –hasierako bostekoa–, Rousselle (7), Hakanson (12), Reyes (7), Withey (2) eta Miniotas.
Fuenlabrada: Cheatham (6), Novak (9), Eyenga (10), Alexander (14) eta Emegano (13) –hasierako bostekoa–, Armand (13), Ristic (15), Bagayoko, Vicedo eta Lopez.
Epaileak: Cortes, Araña eta Fernandez Esteban. Egotzitakorik gabe.
Partzialak: 23-23, 15-14, 17-24, 30-19.
Gorabeherak: 5.962 ikusle Bilbao Arena pabilioian, onarturiko mugarekiko bi heren, ikusle kopuruaren %80a sartzeko baimena izanagatik.