INFO

Gizarteratu eta ekonomia berriak sortzeko mikrokooperatiba

Martxoan jarri zuten martxan MC Zerbitzuak mikrokooperatiba. Gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko xedea duen egitasmoaren inguruan mintzatu da NAIZ bultzatzaile eta langileekin.

MC Zerbitzuak mikrokooperatibako langileak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Almari beti gustatu izan zaizkio estilismoa eta estetika, baina lan faltak, hara eta hona ibiltzeak, iraupen luzeko kontratu faltak, edo, besterik gabe, kontratu faltak, gremioz aldatzera bultzatu zuen bost urtez laguntzarik gabe nolabait iraun ondoren. Iturgintzari eta elektrizitateari buruzko ikastaroak egin ditu, eta orain, Mohammd eta Mikelekin batera, MC Zerbitzuak enpresako langilea da.

Apirilean Patxi Urroz eta Arrosatxo Ibarraren eskutik abiatu zen irabazi asmorik gabeko mikrokooperatiba da MC Zerbitzuak. Elgorriagan dute egoitza, Malerreka, eta Bidasoko eskualdean gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei gizarteratzen eta laneratzen laguntzea du helburu.

Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko kontseilari ohia ere hasi da lanean bazkide laguntzaile gisa, eta, NAIZi azaldu dionez, eskualdean horrelako enpresa askorik ez zegoela konturatu ziren Ibarra eta Urroz, eta probatzea erabaki zuten. Biak dira bazkide nagusiak. Itxialdian egin zituzten bideragarritasun planak, telefonoz, formazioa sarean eginez. Eta martxoan hasi ondoren, apirilean egin zituzten lehen kontratazioak.

Kontratatu zutenetako bat izan zen Mikel, eta positiboki baloratzen du esperientzia. «Orain lehen egiten ez nekizkien gauzak egiten ditut; praktika falta nabaritzen nuen eta zailagoa zen hasieran. Azkenean ikasketa gutxi ditugu eta zaila izaten da, beti ateratzen dira sei hilabeteko kontratak edo urte batekoak», nabarmendu du. Mohammd marokoarrak denbora dezente darama Euskal Herrian finkatuta, baina ez da erraza lana aurkitzea: «Lehen sei hilabetez lan egiten nuen, eta gero subsidioa». Patxi Urrozekin elkartu zen arte. Orain, mikrokooperatibak eskaintzen die gutxienez sei hilabetez lan egitea eta gehienez hiru urtez, «bizi proiektuan lagundu, haien bizi-kalitatea hobetu eta haien hezkuntza, lan eta gizarte inklusioa sustatzen dituzte bitartean».

Baina Mikelek funtsezko gai bat ere jarri du mahai gainean: osasun mentala. Bere ustez, mikrokooperatiban lan egiteak «lasaitasuna» ematen dio: «Ez dizkiozu bueltak ematen buruari, etxean beti geldirik zaude. Gorputza ere animotsu, eta, noski, depresioen kontra nabaritzen da». Mikel, Alma eta Mohammd ez ezik, Leire Landa ere kontratatu dute, gizarte teknikaria.

Ekonomia zirkularra jomugan

Landa ingurunetik lan egiten dute, beste landa enpresa batzuekin lankidetzan, udal, toki erakunde, enpresa nahiz partikularren eskariari erantzungo dioten zerbitzuak eskainiz. «Lorezaintza lanak egiten ditugu, etxeak hustu eta baita garbiketa lanak ere, besteak beste», azaldu du Elizaldek. Baina haratago ere begiratzen dute, ekonomia, gizarte eta ingurumen jasangarriak lortzeko aletxoa jarriz: «Proiektu berezi batzuk landu nahian gabiltza, ekonomia zirkularraren inguruko proiektuak jarri nahi ditugu martxan, nekazaritza eta produkzio ekologikoaren inguruan».

Momentuz, baratze sozialak eta elikagaiak eraldatzeko gunea, sukaldaritza soziala eta komunitarioa, ardi latxaren artilea biltzea eta balorizatzea, gaztainondoak berreskuratzea eta balorizatzea eta beste hondakin batzuen bilketa, tratamendua eta balorizazioa dira MC Zerbitzuak mikrokooperatibaren lan ildoak. «Ezohiko egoera batekin sentsazio ona daukagu, zenbait udalek lana eman digute. Partikularrekin ere hasi gara lanean. Harrera ona izan dugu eta ongi ari gara lanean», nabarmendu du Urrozek. Bere ustez, langileak formatu ez ezik, hauek ere ikusi behar dute non sentitzen diren ongi; azken batean, MC Zerbitzuak enpresak «beste lan normal bat lortzeko pistak» ematen dizkie.