INFO

Bost domina ekarri dituzte Euskal Selekzioko pilotariek Franekerreko Europako txapelketatik

Emakumezkoek wall balleko bi urreak irabazi dituzte 19 eta 17 urtez azpikoetan eta zilarra joko internazionalean. Mutilen bi dominak 17 urtez azpiko wall ballean eta joko internazionalean heldu dira, biak brontzezkoak.

Euskal Selekzioko neskak, podiumaren goren lekuan. (EEPF)

Helburu handiekin ekin zion Euskal Selekzioak Franekerreko junior mailako Europako Txapelketari eta pozik itzultzeko moduan dira, batez ere neskek emandako mailarekin. Orotara bost domina eskuratu dituzte joko zuzeneko CIJB erakundeak antolatutako txapelketan, bi urre, zilar bat eta beste bi brontze.

Bi urreak wall ball modalitatean heldu dira, hau da, pareta baten aurka eta txaparik eta ezker paretarik gabe jokatzen den joko motan eta biak ere neskek atera dituzte, 19 urtez azpikoetan finalean Belgikari gailenduta eta 17 urtez azpikoetan, aldiz, Italia izan da finalean izan duten arerioa. Emaitza hauek ikusita, modalitate honetan nesken etorkizuna oso oparoa dela esan genezake, okertzeko arrisku handirik gabe.

Zilarrezko domina ere neskek lortu dute, joko internazionalean heldu da, gure bote luzearen antza handia duen jokamoldean. Finalerdietan Italiari gailendu ostean, ezin izan zuten Valentziarekin, nahiz eta lan handiak eman zizkieten 6-5 galduta.

Joko internazionalean gorantz

Mutilen bi dominak brontzezkoak izan dira, 17 urtez azpiko wall ballean eta joko internazionalean. Lehenengoan, Herbehereak izan ziren Euskal Selekzioari finalerako bidea eten zietenak, baina hirugarren postuari eutsi ahal izan diete Belgikari 2-1 nagusituta. Joko internazionalekoa historikotzat jo daitekeen domina da. Valentziak eten zien finalerako ametsa baina kontsolazio finalean etxeko taldeari 6-1 gailenduta oso pozik egoteko hirugarren postua eskuratu dute.