Ikastolak Herriari jaialdiaren bigarren ekitaldia azaroaren 27an egingo da, Bilbon
Aurten, iaz bezala, Ikastolak Herriari jaialdia ezin izan da egin ohiko formatuan, baina ikastolen aldeko jaien «lagin bat» prestatu dute azaroaren 27ko jaialdian erakusteko. Sarrerak Euskalduna jauregiaren webgunean daude salgai.
Ikastolak Herriari jaialdiaren bigarren ekitaldia azaroaren 27an egingo da, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Anje Duhalde eta Paz de Ziganda helduen abesbatza, Julen Alonso, Amak taldea eta Eñaut Elorrieta arituko dira.
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak egingo dituzte aurkezle lanak 20.00etan hasiko den ekitaldian, eta sarrerak dagoeneko salgai daude, 15 euroan, Euskalduna jauregiaren webgunean.
Maixa Lizarribar (Amak taldea), Julen Alonso eta Eñaut Elorrieta astelehen honetan egindako aurkezpen agerraldian izan dira, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Elkar taldeko ordezkari Andres Camio Jiturekin batera.
Azaldu dutenez, euskararen eta euskal kulturaren bost plaza handi dira ikastolen jaiak, «euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak».
Aurten, iaz bezala, ezin izan dira egin ohiko formatuan, eta ikastolek ez dute hutsik utzi nahi izan aurtengo urtea ere, eta horregatik, plaza horietako lagin bat prestatu dute azaroaren 27ko jaialdian erakusteko.
Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaien aurtengo edizioak formatu txikian egin dira. Urriaren 17an Lizarran ospatutako jaia izan zen ohiko jaien ezaugarrietara hurbildu zen bakarra.
«Baina antolaketan aritu diren talde guztiek lanean jardun dute denbora guztian, baita boluntario andanak ere, aldiro egoerara egokitzen eta aurrez antolatutako ekintzak berregokitzen. Une batzuetan, pandemiak ezartzen zizkigun mugen ondorioz, gure gureak ditugun ezaugarrietako batzuei uko egin behar izan diegu: parte hartzeari, herrigintzari, auzolanari. Oso gogorra izan da hainbatetan», ziurtatu dute.
Edonola ere, adierazi dutenez, «pandemiak baldintzatutako egoerara moldatuta, eta zenbaitetan eguraldia lagun izan ez badugu ere, gure ustea da formatu txikiagoan izanik ere lortu dugula, gutxienez, iazko argazki desolatuari buelta ematea».
Plaza bat kulturari
Bada, azaroaren 27ko ekitaldiaren bitartez, urtero ikastolen jaietan parte hartzen duten artistei eskerrak eman nahi dizkiete, baita urtero jaiotara joaten diren herritar guztiei ere. Aldi berean, plaza bat eskaini nahi zaio euskal kulturari, «bi urte gogor hauetan sektorea bortitz kolpatu baitu pandemiak».
«Urtero gure jaietan presente diren babesleak ere aintzat hartu ditugu, eta, nola ez, baita jaiak antolatzen ilusioa, lana, elkarlana eta auzolana eskaini duten ikastolen komunitateko kideak ere», gaineratu dute.
Halaber, ikastolen jaien babesle den EITBri esker, ekitaldia Euskal Herriko etxeetara iritsiko da, jaialdia egin eta egun batzuetara emanaldia telebista bitartez eskainiko duelako euskarazko kateak.
Azkenik, Ikastolen ordezkariek eskerrak eman dizkiote Elkar taldeari, jaialdia antolatzeko eman duen laguntza handiarengatik.