INFO

2022ko udan atzerrian hizkuntzak ikasteko 548 plaza iragarri ditu Lakuako Hezkuntza Sailak

EAEko DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleei zuzendua dago eskaintza. Guztira, 548 plaza eskainiko dira eta azaroaren 22an bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Ikastola bateko ikasle talde bat. (Aritz LOIOLA/FOKU)

2022ko udan atzerrian hizkuntzak ikasteko eskainiko diren 548 plazetako bat eskatzeko epea jada zabalik dagoela iragarri du astearte honetan Lakuako Hezkuntza Sailak. Hori horrela, ikastaroetan parte hartzeko interesa duten EAEko DBHko 3. eta 4.mailetako eta Batxilergoko ikasleek azaroaren 22ra arte egin ahalko dituzte eskaerak Hezkuntza Sailaren web orrialdean edo ikasketa zentroan bertan.

Plaza bat eskuratzen duten ikasleak Irlandara, Erresuma Batura, Estatu frantsesera edo Alemaniara joan ahalko dira ingelesa, frantzesa edo alemaniera ikastera. Zehazki, hau izango da herrialde bakoitzera joan ahalko den ikasle kopurua: 198 Irlandara, 280 Erresuma Batura, 50 frantziar Estatura eta 20 Alemaniara.

Hala ere, ikasleek hainbat baldintza bete beharko dituzte atzerriko hizkuntza ikastaro bat eskatu ahal izateko. Hasteko, ikasleak aukeratutako hizkuntza edo hizkuntzetan gutxieneko 7 puntuko nota izan beharko du aurreko ikasturtean. Hala ere, beharrezkoa izango da ikasleak atzerriko hizkuntza hori gutxienez bi ikasturtetan landu izana. Hortaz gain, nahitaezkoa izango da aurreko ikasturteko gainerako ikasgaien bataz bestekoak eta atzerriko hizkuntzaren notaren baturak 16 puntu gainditzea. Adinari dagokionez, ikasleek 19 urte baino gutxiago izan beharko dituzte.

Lakuako Hezkuntza Sailak 847.038 euro bideratu ditu ikasleek hiru astez atzerrian ikas dezaten. Hori horrela, Hezkuntza Sailak ondorengo gastuak hartuko ditu bere gain: joan-etorriko bidaia EAEko hiru hiriburuetatik ikasleak egonaldia egingo duen herrialderaino, bidaia asegurua, hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, ostatua, mantenua eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.

Hala ere, plaza eskuratzen duten ikasleen familiek dagokion ordainketa egin beharko dute. Aurreko ikasturtean bekadunak izan diren ikasleen kasuan, 170 euro ordaindu beharko dituzte. Bekarik izan ez dutenek, ostera, 680 euro.