INFO

«Final tankerako finalerdia» jokatuko dute igandean Altunak eta Ezkurdiak Ogetan

Hamargarren aldia da elkarren aurka Lau eta Erdian indarrak neurtuko dituztela Amezketakoak eta Arbizukoak, horietatik hiru, finaletan. Nafarra final-laurdenetako ligaxkan partida guztiak irabaztetik datorren bitartean, Altunak Oinatz Bengoetxearen kontra egin zuen bere partidarik borobilena.

Lau eta Erdikoan klasiko bihurtu dira Altuna eta Ezkurdiaren arteko lehiak. (Iñigo URIZ / FOKU))

Aspe pilota enpresak «aurretiazko finala» dela adierazten du bere webgunean Jokin altunak eta Joseba Ezkurdiak igandean Gasteizko Ogetan jokatuko duten Lau eta Erdiko Txapelketako bigarren finalerdia. Zer esango du, bada, Eibarko enpresak aurrelari biak «bereak» badira? Alabaina, dagoeneko hiru aldiz pilotari hauek biek Lau eta Erdiko finalean elkar ikusi badute, derrigor eman behar zaio igandeko finalerdiari final kutsua.

Material aukeraketa izan da ostegun honetan eta, bezperan Laso eta Etxeberriaren artean gertatu zen antzera, pilotez oso gainetik mintzatu dira bi protagonistak. «Iganderako oraindik asko falta da, baina noiz iritsiko zain nago», onartu du egungo txapeldun Jokin Altunak. «Entrenamenduetan eta asko ari naiz gozatzen; gaur bertan gustora geratu naiz entrenamenduan eta pilotak ere onak izan dira, beste partidetakoak baino pilota lasaixeagoak ote diren ustea dut», berretsi du Amezketako aurrelariak.

«Ez dakit nire momenturik onena den, baina ongi nago: eskuz, fisikoz, jokoz... Finalerdi zail bat daukagu aurrean, baina era berean oso polita, eta gogotsu ea bertatik zer ateratzen den», erantzun du bere aldetik Joseba Ezkurdiak.

Hamar alditan jokatu dute hauek biek Lau eta Erdiko «kaiolaren» barruan eta, bada, elkarren aurka jokatzeko garaian, ez dago sekretu handirik. Biek ala biek badakite Ezkurdia jotzaileago dela Altuna III.a baino, baina horrek ez du esan nahi gipuzkoarra ez denik kapaz Arbizukoari 22 tanto sartzeko.

«Bengoetxearen aurka ongi eta lasai jokatu nuen buruan ongi sartuta dudalako nornahiren aurka galtzea badudala, baina, era berean, nire lana behar bezala eginez gero, nornahiri irabazi diezaiokedala», azpimarratu du Altunak. Bere hitzetan, «ez nintzen arduratu ligaxkako bigarren partida galdu nuenean», alegia, Ezkurdia partidarik galdu gabe iristeak ere ez duela batere estutu.

«Badakit Josebak nola jokatzen duen eta bere kontra jokatzea beti da zaila. Josebak azkenengo partida galdu izan balu ere arriskutsua berdin-berdin izango zatekeen eta, azkenean, aurreko partidan zer egin izan den begiratzeak ez du ezertarako balio», bota du Amezketakoak.

«Norbere eskuan dagoena egin»

Altunak Lau eta Erdiko azken sei finalak jokatu ditu eta profesionaletara iritsi denetik, buruz buru jokatu dituen finalerdi guztiak eraman ditu orain arte. Bezperako partidak ezer askorik ez badu balio igandera begira, zer esan datu estatistikoei buruz –«estatistikak eta bikinia» gurutzatzen zituen Boza Maljkovicen analogia erabili beharrik gabe–?

Zentzu horretan, «partida zaila izango dela» garbi adierazi du Joseba Ezkurdiak. Arbizukoak «ligaxkako hiru partidetan asko gozatu» duela onartu du, eta «helburu horrekin» kantxaratuko dela ere bai. «Irabazteko nire eskuan dagoen guztia egingo dut; nirea ematen saiatuko naiz eta hori da dena», amaitu du aurrenari nafarrak.