INFO

Zuazok ezin du hutsik egin etxean eta Bera Berak lidergoa sendotu nahi du Granollersen

Zuazok zein Bera Berak neurketa garrantzitsuak dituzte asteburu honetan. Ez da Kopako kanporaketa edota Europakoa –biek ala biek azken egunetan jokatu dituzte horiek, emaitza ezin hobeekin– baina ligan helburuak betetzeko, funtsezkoa izango dute batak Lanzaroteri eta besteak Granollersi irabaztea.

Adriana Cardoso Elxeko Nicole atezainaren aurrean gol eder bat egiteko prest. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Zuazok Kopako lehen kanporaketa pasata, beste perspektiba batekin hartuko du Lanzaroteren aurkako dema. Bizkaitarrek aspaldiko partez garaipen bat erdietsi zuten –Zilarrezko Mailako arerio indartsu baten kontra– eta horrek, ezinbestean, beste sentsazio batzuk ekarri dizkie. 

Azken neurketetan oso ondo lehiatzen aritu dira benetan gogorrak diren arerioekin. Xixongo La Calzadaren zein Atletico Guardesen aurka bi goleko aldeagatik galdu zuen Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak gidatutako taldeak. Ondo aurre egin bai baina minutu erabakigarrienetan huts egiten dute bizkaitarrek eta hori horrela, arerio zuzen baten kontra hutsik ezin egiteko premiarekin daude. Are gehiago, Lasesarren jokatuta (larunbatean, 17.15etan). 

Zonzamas Cicar Lanzarote izango dute aurkari. Oraindik neurketarik irabazi ez duen talde bakarra, alegia. Bostetik bost galdu ditu, eta laugarren jardunaldiko Porriñoren aurkako norgehiagoka dauka oraindik ere jokatzeke (astelehen honetan jokatuko dute). 

Zuazok, aldiz, garaipen bat behintzat erdietsi zuen Morvedreren aurka eta horri esker, jaitsiera postuetatik at dago. Baina ez dago hain urrun. Hamargarren sailkatua da –hamalau talde dira orotara eta lau jaisten dira– eta Salud Tenerife, Morvedre eta Sant Quirze haina puntu ditu. Gol diferentziak salbatzen dio oraingoz eta beraz, hil ala biziko partidak jokatzeko oraindik goiz bada ere, antzerako kutsu bat dauka larunbat honetakoak. 

Izei Permach pibotea errekuperatu zuen Haito entrenatzaileak Kantabrian jokaturiko partidan eta «lesionatuen zerrenda murrizten» joatearekin gustora dago. Prestatzaile bizkaitarrak onartu du azken bi asteetan astero bi partida jokatzeak neke puntu bat ekarri duela taldera baina onartu du, alde horretatik pareko daudela bi taldeak. 

Uste du «erritmo handiko» partida egin behar dutela aurkaria ahuldu asmoz, defentsako sendotasuna gehiago finkatzearekin batera. Iritzi du «erasoan soilik asmatzea» falta zaiela: «Azken partiden oso argiak ziren aukerak huts egin ditugu baina aukera sortzen gabiltza eta hori da garrantzitsuena». 

Bien arteko lehendabiziko norgehiagoka izango da. 

Beti arriskutsua den Granollers

Sailkapenean espero baino beherago dagoen arren, Granollers beti da arriskutsua; zer esanik ez, bere pabilioian. Bera Berak ondo baino hobeto daki hori –duela bi urte lezioa ikasita itzuli zen (27-26)–. Nolanahi ere, azken bi bisita ofizialetan garaile atera da Imanol Alvarezen taldea eta horrek beste modu bateko ikuspegia ematen dio. Denboraldi-aurreko lehian ere nagusi izan zen (23-30). 

Kanpoan etxean baino gehiago kostatzen ari zaio Donostiako taldeari –Tenerifen hortzak estutu behar izan zituen irabazteko eta Porriñon, berdinketa lortzeko– baina Paris 92-ren aurkako itzulerakoan emandako erakustaldiak kasik baliogabe uzten ditu aurretik sufritutako partidak. 

Elxen aurka ere aurpegi oso serioa erakutsi zuen Bera Berak, nahiz eta bigarren zatiaren hasieran neurketa konplikatu zitzaion. Minutu erabakigarrienetan bere bertsiorik onena ateratzen du eta horri esker dago sailkapenaren buruan eta EHF European League txapelketako 3. kanporaketan. 

«Astea borobiltzea geratzen zaigu. Partida konplikatua izango da, normalean asko kostatzen baitzaigu bertan garaipena eskuratzea», azaldu du Sara Gil jokalari katalanak. Granollersen irabaztea hainbeste kostatzen zaielaren arrazoiaz galdetuta adierazi du «bere etxean handi sentitzen den» talde bat dela, edozeini irabazteko gai sentitzen delako. 

Hala ere, nabarmendu du Bera Berak erakutsi duela kantxa handietan irabazteko gai dela eta beraz, «egiten ari garen lanean sinetsi behar» dutela. 

Gainera, nabarmendu du, lehiatzeari dagokionez, Bera Berak martxa bat gehiago daukala eta hori positibotzat jo du. «Olatuaren gainean gaude eta horrela jarraitu behar dugu. Oraindik ere hortzak estutu beharko ditugu lasaitasun egunak etorri aurretik», azpimarratu du. 

Sara Gilek jada atzean utzi du pasa den denboraldian geldik egotera behartu zuen lesioa –«askoz hobeto» dagoela adierazi du eta gutxika-gutxika konfiantza hartzen doala–. 

Eli Cesareo eta Maddi Aalla atezainaren lesioekin jarraitzen du taldeak eta beraz, asteazkenean debuta egin zuen Oihane Bautistak bidaiatuko du bigarren atezain gisara.