INFO

Arte Ederren eraikina eraistearen aurka mobilizatu dira Donostian

Arte Ederren barnealdea eraistearen eta ekipamendu turistiko bihurtzearen aurkako manifestazioa egin dute gaur Donostian, hainbat elkartek antolatuta. Eraikin historikoa eraisteko lanen hasiera «klandestinoa» salatu dute.

Arte Ederren eraikina eraistearen aurkako manifestazioa Donostian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

‘Bellas Artes, zinema historikoa baino askoz gehiago’ lemapean, Donostiako hainbat elkartek Arte Ederren eraikinaren aldeko mobilizazioa egin dute larunbat honetan Donostian. Manifestazioa 12.00etan abiatu da, zinematografotik bertatik, eta Bulebarrean amaituko da. Bertan, eraikin historikoa eraisteko lanen hasiera «klandestinoa» salatu dute.

Elkarteek Arte Ederren barnealdea eraistearen eta ekipamendu turistiko bihurtzearen aurka daude, eraikinaren jabeak, SADE enpresak, egin nahi duen bezala. Diotenez, obrak jauregiaren egitura eta barne-banaketa «erabat desagertzea» dakar, bai eta fatxaden jatorrizko diseinuan aldaketa garrantzitsuak egitea ere.

«Jabetzaren proiektuak, robotizatutako lurpeko 3 garaje-solairu, 84 turismo-ostatu eta 2 altuerako altxaera berri bat gaitzen dituenak, Espainiako zinematografo zaharrenaren osotasunaren eta benetakotasunaren aurka egiten du, haren ondare-balioa baliogabetuz», diote.

Gogoratu dutenez, Monumentu eta Lekuen Nazioarteko Kontseiluko lehendakaria Donostiako alkateari zuzendu zaio, «adituen desadostasuna azalduz kultura-esanahi unibertsala duen higiezin baten galera tamalgarri eta atzeraezinaren aurrean, bere tipologiaren barruan bizirik dirauen bakarra baita».