INFO

Bera Berak astea biribildu du Granollersen eta Zuazok airea hartu du Zonzamaseri irabazita

Bera Berak aise garaitu du Granollers sekulako lehen zatia egin ostean (26-39). Lehen orduerdian 21 gol egin dituzte donostiarrek eta bederatzi goleko aldea iraultzea ezinezkoa bihurtu da etxekoentzat. Zuazok ere garaipen garrantzitsua lortu du Zonzamasen aurka eta airea hartu du (26-18). 

Cavo izan da golegile nagusia, sei golekin. (KH7 GRANOLLERS)

Ondo baino hobeto biribildu du azken astea Bera Berak. Granollersen aise nagusitu da –erraz esaten da baina sekulako lan ona egin dute donostiarrek– eta hala, lidergoan gero eta sendoago dago. Lehen zatian 21 gol sartuta eta soilik 12 jasota, neurketa kasik erabakita utzi dute Imanol Alvarezen jokalariek. 

Granollersen pabilioia konplikatua dela jakitun, donostiarrak oso serio kantxaratu dira edozein ezusteko saihestu asmoz. Oraindik ere goiz da lidergoa seriotasunez hartzeko –hala adierazi zuen entrenatzaile ermuarrak– baina jakina dena da, Bera Bera oso sentsazio onekin dabilela azken aste hauetan eta hala, garaiezina izan daitekeela. 

Gogotik ordaindu du talde katalanak Bera Beraren erritmo bizia. 10. minutura, lau goleko aldearekin nagusi izan dira gipuzkoarrak eta alde hori areagotzen joan da minutuak pasa ahala. 20. minutura hamar goleko errenta atera dute donostiarrek, beraien nagusitasunaren islada gisa, bai defentsan eta baita erasoan ere. Etxekoek beraien erasoen erdiak asmatu badituzte, kanpokoek kasi %70 asmatu du. Atezainen lana ere agerian geratu da: Alice eta Oihane Bautistaren estatistikak batuta, jaurtiketen %30 gelditu dute; Granollerseko Nicole Wiggins eta Marta Merak, aldiz, %23. 

Jokalari guztiak egon dira fin ate aurrean (denek sartu dute golen bat, atezainek izan ezik) eta Malena Cavo argentinarra izan da golegile nagusia sei golekin –zortzi jaurtiketa saiatu eta sei sartu ditu–. Zati askotan beregain hartu du erasoko ardura eta oso ondo aritu da, azken asteetako sentsazio onak berretsiz. Era berean, Sara Gil ere konfiantzaz gero eta hobeto dagoela ere igarri da egin dituen bost golekin. 

Lehen zatirako neurketa erabakita geratu da eta beraz, bigarren zatian lana ixtea zegokion Imanol Alvarezen taldeari. Eta halaxe egin du. Inoiz ez du burua galdu eta berearekin jarraitu du, bukaerarako aldea hamahiru golekoa izan arte. 

Granollers: Nicole, Chayhab (1), Elene Vazquez, Sarandeva (4), Monllor (1), Vegue (2), Prelchi (5), Mera, Dias (2), Herce, Gonzalez (3), Castañera (1), Tamada, Sobrepera (4), Capdevila (3)

Bera Bera: Silva; Moreno (3), Hernandez (1), Ugartemendia (2), Boada (1), Cavo (6), Etxeberria (4). Bautista (o.a.), Arrojeria (3), Fernandes (1), Menendez (2), Gil (5), O'Mullony, Cardoso (3), Loidi (3), Polonio (3). 

Epaileak: Fernandez Molina eta Murillo Castro. Bera Berako Moreno eta Menendez kaleratu dute. 

Partzialak: 3-4, 4-8, 7-12, 8-18, 10-19, 12-21; 14-23, 17-25, 18-29, 21-33, 24-36, 26-39.

Gertaerak: Ligako zazpigarren jardunaldia.  

Zuazoren bigarren garaipena

Zuazok ere astea sentsazio onekin bukatzea lortu du Zonzamas Lanzarote taldeari irabazi ostean. Asteazkenean Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu zen eta larunbat honetan ligako bigarren garaipena eskuratu du sailkapenean oxigeno pixka bat hartzeko –nahiz eta sailkapenean aldaketa nabaririk ez egon–. 

Hasieratik nagusi izan dira etxekoak –aurreikusi bezala– eta oraingo honetan, neurketa guztian nolabaiteko erregulartasuna mantendu dute bi puntu poltsikoratzeko. Lehenengo zatia hiru goleko aldearekin bukatu dute eta bigarrengoan, dinamika berari eutsita, aldea handitzen joan da Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak gidatutako taldea. 

Bigarren zatian kanpokoek gol bat egiten zutenerako, Zuazo bizpahiru pilatzen joan da eta horrek ahalbidetu dio azkenengo hamar minutuetara zazpi goleko aldearekin iritsi izana. 4-1 partzialarekin errenta oraindik eta gehiago areagotu eta azkenean zortzi golengatik irabazi du partda. 

Ane Encina eta Sarrionandia-Ibarra izan dira taldeko golegile nagusiak, bakoitza bost golekin. Eta erasoan, hain zuzen ere, egon da bi taldeen arteko diferentzia. Zuazok jaurtiketen %60 asmatu duen bitartean, kanpokoek erdia baino gutxiago asmatu baitute (%45). Atean, aldiz, kontua parekatuago egon da. 

Zuazo: Ezbida, Velasco (3), Paula Garcia, Sanchez (3), I. Fernandez-Agusti (3), Berasategi, Sarrionandia-Ibarra (5), Encina (5), Erauskin (4), Gonzalez, Blazquez, Permach (1), M. Fernandez-Agusti (2). 

Zonzamas Lanzarote: De Leon, Santana, Sanchez, Maldonado, B. Roger (3), I. Roger (2), Gonzalez (8), Molina (1), Martin, M. Sanchez, Hiraldo (1), Fernanda de Almeida (2), Machin (1), Isic, Bermudo.  

Epaileak: Perez Gonzalez eta Diaz-Flores. Zuazoko Encina (2), Blazquez eta M. Fernandez-Agusti kanporatu dituzte. Zonzamasetik, Maldonado, Molina (2), Hiraldo eta Fernanda de Almeida (2). 

Partzialak: 0-0, 3-1, 5-3, 6-6, 8-6, 10-7; 13-8, 15-9, 18-11, 20-13, 24-14, 26-18. 

Gertaerak: Ligako zazpigarren jardunaldia.