INFO

Iraitz Zubizarretak osatuko du Promozioko finala balio handiko garaipena lortuta (17-22)

Ataungo aurrelari gazteak asko sufritu du lehen tantoetan pilota abiadura handian mugitu duen Javier Zabalaren aurka. Errioxarra 13-5 aurreratu da, baina behera egin du nabarmen bigarren zatian eta Zubizarreta gai izan da markagailua irauliz bere lehen finalera sailkatzeko.

Iraitz Zubizarreta, artxiboko irudi batean. (Jon URBE / FOKU)

Iraitz Zubizarreta izango da Joanes Bakaikoaren aurkaria datorren igandean jokatuko den Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finalean. Ataungo aurrelari gazteak 17-22 menderatu du Javier Zabala Logroñon, balio handiko garaipena aurrean zuen pilotariaren maila kontuan hartuta.

Izan ere, Javier Zabalak argi erakutsi du gaur ere abiaduraz ez duela maila nagusiko pilotarien inbidiarik. Pilota oso bizi mugituz, neurketa hasiera bikaina sinatu du errioxarrak eta markagailuan 10-3 eta 13-5 aurreratu da.

Lehen tantoetan saketik bi falta egin dituen arren, ez zen gaizki ari Zubizarreta III.a, gogotik saiatu da tantoak aurrean nahastu eta Zabalari jokoa zailtzen, baina hasiera horretan Aspekoak ez du ia akatsik egin eta ez dio aukerarik eman gipuzkoarrari.

Nekea, eskua minduta...

Baina 13-5eko horren ondoren egoera nabarmen aldatu da. Nekearen erruz, edo eskubia mindu zaiolako –Miguel Muntion botileroari aipatu dionez–, Zabalaren mailak behera egin du eta Zubizarreta gero eta aukera gehiago izaten hasi da. Ataundarrak asmatu egin du sakearekin –guztira bost tanto egin ditu lehen pilotakadarekin– eta Zabalari sufritzea tokatu zaio.

Lehen partzial horretan bost tanto egin ditu jarraian Iraitzek, 13-10 hurbiltzeko, eta hurrengoan, zazpi izan dira, partidan lehen aldiz aurretik ipini eta 14-17 agintzera pasatzeko. Gipuzkoarra gozatzen ari zen kantxan eta Zabala ezinean.

Tanto solteren bat gora-behera, Zubizarretak sendo jarraitu du azken unera arte eta amaieran emaitza 17-22koa izan da, profesional mailako bere lehen finalerako sailkapena eskuratuz.

«Nire ibilbideko partida sufrituena izango zen, onena agian, eta poz handiena eman didana. Nire lehen finala izango da eta oso pozik nago», aitortu du Zubizarretak amaieran. «Hasieran ere ez nintzen gaizki sentitzen, baina badakigu ni baino kolpe handiagoa duela eta sufritzea tokatu zait. Baina gero uste dut nekatu egin dela, eta aukera gehiago izan ditut nire jokoa egiteko», gaineratu du ataundarrak.