INFO

Ocean Viking itsasontziak 139 pertsona erreskatatu ditu azken 24 orduetan

SOS Mediterranee GKEak iragarri duenez, Ocean Viking itsasontziak bi erreskate burutu ditu azken 24 orduetan. Lehenengoan 44 migratzaile ontziratu dituzte, bigarrenean, aldiz, 94.

Ocean Viking itsasontziko lantaldea erreskatatutako emakume bat artatzen. (@SOSMedIntl)

SOS Mediterranee Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) astearte honetan iragarri duenez, berak kudeatutako Ocean Viking itsasontziak 139 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneo itsasoan azken 24 orduetan. Horretarako, bi erreskate gauzatu dituzte. Lehenengoan 44 pertsona ontziratu dituzte. Bigarrenean, ostera, 94 izan dira GKEak artatutakoak.

SOS Mediterraneek lehen erreskatea gauez izan dela azaldu du bere twitter kontuan. Ocean Viking-ek itsasontzitik 200 metrora zegoen ontzi txiki bat bistaratu zuen eta, hortaz, «bizkor» erantzun zuela adierazi du GKEak.

Erreskatatuen artean bost adin txikiko daudela nabarmendu du SOS Mediterraneek. Eta, horretaz gain, migrante guztiak Gurutze Gorria eta Ilargi Erdi Gorriaren osasun arreta jasotzen ari direla gaineratu du.

Erreskate hori gauzatu eta ordu gutxira, itsasontziko eskifaiak beste ontzi bat aurkitu duela azaldu du SOS Meditarreneek. Bigarren ontzi hori Libia aurrean, «gainezka», ia airerik gabe eta «ia» urez beteta topatu zutela salatu du GKEak. Erreskate taldeak ontzi gainean zihoazen 94 lagunak erreskatatzea lortu du.

Erakunde pribatuak dira Mediterraneoan migratzaileen erreskate lanak egiten dabiltzanak. Hauek Afrika iparraldeko kostaldeetan, Libian eta Tunisian batik bat, ontziratzen dira Europako Batasunean babesa eta bizitza hobe bat izateko ametsarekin. Bidaia horretan zehar oso ohikoa da ontziak erreskatearen zain dauden bitartean hondoratzea. NBEren kalkuluen arabera, aurten, gutxienez, 1.180 migratzaile desagertu edo hil dira Mediterraneoa zeharkatu nahian.

Aita Mari Euskal Herrira dator

Bitartean, Aita Mari erreskate ontziak iragarri du berrogeialdia bukatu duela eta Trapanitik, Siziliatik, etxerako bideari ekingo diola. Urriaren 26az geroztik Trapaniko portuan egon da, Maltako uretan 105 migratzaile erreskatatu ondoren berrogeialdia betetzen. Izan ere, 16 positibo atzeman zituzten erreskatatuen artean.

Nabarmentzekoa da, migratzaileak jaso zituen unetik, urriaren 19tik, ia astebetez ibili zela ontzia noraezean, nonbait porturatzeko baimenaren zain.

Orain, finantzaketa lortzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Aita Marik Euskal Herrian. Hasteko, hilaren 7an, igandean, elkartasun topaketa bat egongo da Portugaleten, non argazki erakusketa, pintxo potea eta kontzertuak egongo diren.