%70aren nahia den erabakitzeko eskubidea babestea eskatu die Gure Eskuk alderdiei
Ez daitezela herritarron %70a biltzen duen adostasunetik urrundu eskatu die Gure Eskuk Gasteizko Legebiltzarreko taldeei. «Erabakitzeko eskubidea adostasun esparrua da herritarron artean, eta halaxe izan beharko luke jardun politiko-instituzionalean dabiltzanen artean ere», azpimarratu du.
Gure Eskuren ordezkariak Gasteizko Legebiltzarrean izan dira ostiral honeran «ordezkari politikoei esateko badela mugitzeko garaia». «Ez daitezela bere garaian hasitako bidetik urrundu. Ez daitezela herritarron %70a biltzen duen adostasunetik urrundu. Erabakitzeko eskubidea adostasun esparrua da herritarron artean, eta halaxe izan beharko luke jardun politiko-instituzionalean dabiltzanen artean ere, baldin eta herritarron ordezkari izateko bokazioa badute», nabarmendu dute Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk.
Adierazu dutenez, «egungo euskal herritarron gehiengoak bere etorkizuna aske erabaki nahi du». «Euskal Herriko zazpi lurraldeetako herritarren %70a erreferendum bidez erabakitzearen alde agertzen da. Hamar herritarretik zazpi: badago hori baino adostasun zabalagorik?», galdegin dute, eta Eskoziaren egoera ekarri dute gogora.
Izan ere, beraien esanetan «inork ez du pentsatuko Eskozian bigarren erreferendum bat egitea Boris Johnsonen gobernuaren lehentasunen artean dagoenik, eta hala ere, Alister Jack kabinete kideak berriki adierazi du eskoziarren %60a erreferendum baten alde agertuko balitz, eta sostengu hori denboran zehar mantenduko balu, erreferenduma egiteko borondate zabal bat dagoela onartu, eta hautesontziak jarri beharko lituzketela».
«Guk aise gainditzen dugu %60 hori! Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa josi eta josi aritu gara azken urteotan: ehundu, adostu eta erabaki. Eta hara non, lortu dugu erabakitzeko tresna geureganatu, eta herri galdeketen bidez, erabiltzen hastea, edota tresna legeztatzeko bidean adostasunak bultzatzea», gaineratu dute.
«Itzulinguruka»
Halaber, 2018an, EAEko Legebiltzarreko bi alderdi nagusiek erabakitzeko eskubideari bide ematea adostu zutela ohartarazi dute, «eta akordio politiko garrantzitsua zela jakitun, txalotu egin genuen. Baina ordutik hona, hilabete asko pasa dituzte itzulinguruka, aurrerapauso handirik eman gabe, eta orduan erakutsitako jarreretatik gero eta urrunago».
«Ez zaigu zentzuzkoa iruditzen orduan hasitako bidetik urruntzea. Izan ere, errealitatea tematia da, eta behin eta berriz erakusten dizkigu burujabetza gabeziaren ondorio larriak. Osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua, eta zein erraz ken diezazkiguketen Madrildik eta Paristik gure eskumen mugatuak. Gure erakundeei herritarrok zaintzeko tresnak falta zaizkie, beharrezko neurriak hartzeko gaitasuna falta zaie», azpimarratu dute.
Esan dutenez, «bizitakoak bizi ondoren, orain, inoiz baino gehiago, burujabetzan sakontzeko determinazioa izan beharko genuke. Badakigu erabakiak herritarrongandik gero eta gertuago hartu, eta herritarron parte hartze gero eta handiagoa ahalbidetu, hobeto egokitzen direla gure errealitatera eta beharrizanetara. Zentzu horretan, Estatutu Berria gauzak aldatzeko bidean mugarri izango da, baldin eta prozesua herritarron eskutik egiten bada».
Zentzu honetan, ordezkari politikoei eskatu diete har dezatela behingoz erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko bidea, eragileekin batera. «Ez dizuegu bidea bakarrik egin dezazuen eskatuko. Guk lidergo partekatuetan sinesten dugu, eta orain arte egin izan dugun bezala, eskua luzatzen dizuegu bidea elkarrekin egin dezagun. Gurekin konta dezakezue. Zintzotasunez diogu herritarron borondateari bide emateko gurekin konta dezakezuela», adierazi dute.
Hurrengo pausoak
Iragarri duten arabera, datozen asteetan Voxekin ezik Legebiltzarreko beste talde parlamentario guztiekin biltzeko asmoa dute, «erabakitzeko bidea erakunde, eragile eta herritarrok elkarrekin» egin nahi dutelako, «eta gure esku dagoen guztia egingo dugu bide hori adosteko. Estatutu Berria mugarri izango da, baldin eta herritarron %70aren nahia, erabakitzeko eskubidea, hartzen badu ardatz, eta herritarron parte hartzea oinarri. Horiek dira gure marra gorriak, eta zentzu horretan doaz talde parlamentarioei helaraziko dizkiegun proposamenak».
Bestalde, abenduaren 31ra arte, «herritarron konpromisoak» biltzen jarraituko dute, Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketaren bidez, eta datorren urte hasieran, «milaka eta milaka sinadura eskutan, erakundeak interpelatuko ditugu erabakitzeko bidea arautu dezaten. Herritarron bultzada emango diegu, erreferendumak egiteko ahalmen osoa beren gain hartu, arautu eta garatu dezaten».
«Edonola ere, argi diogu: erakundeak interpelatzeak ez du esan nahi haien erantzunaren zain geratuko garenik. Ez dugu onartuko ez blokeorik ezta gehiengoaren borondateari betorik ere. Guk beti aurrera egingo dugu, geldi egoteak ez duelako balio, eta badakigulako atzera ez egiteko era bakarra aurrera egitea dela», azaldu dute, eta datozen asteetan batzar irekiak egingo dituztela aurreratu dute, «eskualdez-eskualde, gure bide-orria partekatu eta ahalik eta jende gehien gugana batu dadin. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta azkarrago iritsiko gara gure helburuak lortzera. Gailurra zain dugu!».