Amorebietak begi onez ikusten du derrigorrez Kirol Sozietate Anonimoa ez bihurtzeko aukera
Gaur egun klubek Kirol Sozietate Anonimo bihurtu behar dira profesional mailan lehiatu ahal izateko, baina Estatu espainioleko 2022ko Aurrekontu Nagusien Legean antzematen denez, egungo Kirol Legean dagoen aukera hori ezabatzeko zuzenketa bat aurkeztu dute.
Gaur egun futbol klub guztiak Kirol Sozietate Anonimo izan behar dute Futbol Liga Profesionalean (LFP gaztelerazko siglekin) lehiatu ahal izateko. Horrek SD Amorebietari izaera aldatzea behartuko lioke Bigarren Mailan jokatzen jarraitzeko. Hala ere, Estatu espainioleko 2022ko Aurrekontu Nagusien Legean antzematen denez, egungo Kirol Legean dagoen aukera hori ezabatzeko zuzenketa bat aurkeztu dute.
Honen aurrean, Amorebietak ohar bat kaleratu du aukera hau «oso begi onez» ikusten duela azpimarratzeko. Izan ere, zenbait puntutan aipatzen duenez, zuzenketa hori emango balitz, «Kirol Sozietate Anonimo bihurtu beharrik gabe, Amorebietak lehiatzen jarraitu ahal izango luke futbol profesionalean».
Iragan urrian Zornotzako klubak egindako bilera informatibo batean, bere bazkideei «bermatu zitzaien oso adi egongo ginela gai honen inguruan ematen diren berritasunekin». Hala, Legean aipaturiko zuzenketa hori eta bere onarpen hipotetikoa «legegintza-berritasun narbarmena da eta momentu honetatik oso kontuan hartzeko gaia da», azpimarratu du SD Amorebietak.
Zornotzako klubak jakinarazi du baita ere, gaia ezagutu duen momentu berean, bere kabinete juridikoarengana jo duela gaia aztertu eta ahalik eta informazio guztia biltzeko. Aldi berean, datozen egunetan Kirol Kontseilu Gorenarekin (CSD gaztelerazko siglekin) harremanetan ipiniko dela baieztatu dute Amorebietako arduradunek, «egungo Kirol Legeari egindako zuzenketa horrek zein egoera juridiko irekiko lukeen jakiteko».
Zuzenketa onartu edo ez jakin baino lehen, «azken hiru urte eta erdi hauetan Zuzendari-Batzorde honek gidatu dituen zuhurtasun eta ardurarekin jardungo da», adierazi dute.
Azkenik, behin informazio guztia bilduta eta mantendu beharreko harremanak mantenduta, Amorebietako Zuzendari-Batzordeak bere masa soziala bilduko du «gai erabakigarri» honen inguruko datu guztiak emateko, «SD Amorebietaren etorkizuna beraiek erabakitzeko», azpimarratu dute.