INFO

Kontrakantxetako «beharginei», gorazarre Kluben arteko Nazionalaren finalaren baitan

Lemoari (3-0) gailenduta, Irurtzunek eraman du 2020koa behar zuen txapela, 2019an lortutako garaipenari segida emanaz.

Zumarragako Beloki pilotalekuan izandako omenaldiaren irudi bat. (Juan Antonio GARAIKOETXEA/PILOTABIZI)

«Zer litzateke Euskal Herri pilotarik gabe» dio herri kanta baten ahapaldi ezagunak, eta ziur aski beste berri bat gehitu beharko litzaioke abesti horri, «zer litzateke pilota gazteenen prestakuntzan bizitza erdia frontoietan utzi duten ehunka eta ehunka pilotazale horien lan ordainezinik gabe» esango lukeena.

Kontrakantxako behargin anonimo horietako zazpi omendu dituzte gaur Zumarragako Beloki pilotalekuan Pilotabizi elkartean antolatzen duen Euskal Herriko Kluben txapelketaren finalaren baitan. Zumarraga bertako Antonio Elizondo eta Jose Antonio Aldama, Tolosako Aurrera Saiaz klubeko Luis Galarraga eta Andres Aramendi, Zegamako Tartaloetxeko Juan Mari Gereñu, Burlatako Zugarraldeko Felix Miguel eta Amurrio klubeko Jon Guerrero izan ziren oroigarriez harago, bertaratutako gainontzeko pilotari ugarien txaloak eta berotasuna eraman dituztenak, Euskal Herriko pilotaleku guztietan kide dituzten beste pilotazale ugariren ordezkari.

Irurtzunek, erraz

Kirol arloan, Irurtzunek eraman du 2020koa behar zuen txapela, 2019an lortutakoa berretsiz Lemoari (3-0) gailenduta. Arratiarrek eta euren zale animosoek ere merezi dute saririk, egindako lan onagatik eta, batez ere, kirolari eta pilotazaleek klubarekiko duten atxikimendu handiarengatik.

Finalari hasiera eman dion lau eta erdiko partidan Alberto Ongay profesional ohiak eman dio lehen puntua talde nafarrari Aitor Etxebarriari 18-9 irabazita. Lehen erdian saiatu da, batez ere defentsa eta lanaren bidez, bizkaitarra partidari eusten, baina azkenerako Satrustegikoaren kalitate eta indarra nagusitu dira. Buruz Buruko lehiak antzekotasun dezente izan ditu lehen partidarekin eta profesional izandako beste pilotari batek, Julen Retegik, lortu du erabakigarria izan den puntua, Aurrekoetxeari emaitza beraz, 18-9 gailenduta.

Dena erabakita zegoela, Irurtzungoek garaipena eguneko partidarik errazenarekin borobildu dute. Olaextea-Bergerak, erraz, 22-4, irabazi diete Elezkano I.a-Egañari.