Astigarragako Herri Eskolako covid agerraldiak bost gela mantentzen ditu itxita
Iragan astean zazpi gela itxi zituzten Astigarragako Herri Eskolan eta 150 ikasle inguru konfinatu. Bi geletako ikasleak itzuli dira klasera, baina bostek oraindik itxita jarraitzen dute.
Aurreko astean Astigarragako Herri Eskolan atzemandako covid-19aren agerraldia murriztu egin da, eta une honetan bost gela itxita daude, Eferi Lehen Hezkuntzako ikastetxe horretako iturriek jakinarazi diotenez.
Aipatu iturrien arabera, ikastetxea iragan astea zazpi ikasgela itxita zituela amaitu zuen eta 150 ikasle inguru konfinatuta. Kopuru horiek murriztu egin dira astelehen honetan bertan, bi klasetako ikasleak ikastetxera itzuli ahal izan direnean.
Lakua Osasun Sailak astelehen honetan bertan eguneratu ditu pandemiaren bilakaeraren datuak, azaroaren 1etik 7ra, 1.424 positibo detektatu baitziren, aurreko astean baino 445 gehiago. 400 kasutik gorako intzidentzia metatuari dagokionez, 5.000 biztanletik gorako herrietan, birusaren transmisio-eremu gorria deiturikoan kokatzen dituztenak, Astigarragaren kasua nabarmentzen da bereziki, astebetean 254,5etik 1.108ra igaro baita. EAEn datu altuenak dituen herria da.
Udalerri gipuzkoar honetako Udalak bere web orrian jakinarazi du Herri Eskolan izandako agerraldi hori, eta udalerrian «covid-19 kasu ugari» antzeman direla, «ia guztiak 0-12 urte bitarteko haurren artean». Guraso batzuk ere kutsatu dira.
Testuinguru horretan, Udalak erabaki zuen joan den astebururako haurren jardueren agenda bertan behera uztea, elkarteei proposatzea astebetez 0 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten talde-jarduerak bertan behera uzteko, eta familiei eskatzea ahalik eta gehien murriztu ditzatela haurren arteko harremanak zazpi egunez.