Irune Costumero: «Auzitegi Gorenera joko dugu justizia bila, hemendik kanpo»
EAEko Auzitegi nagusiaren ebazpenak ez du ezustean harrapatu Irune Costumero, baina halere minduta azaldu da: «Espero nuen norbaitek nire alabarengatik begiratuko zuela, hemen ahaztutako handiena bera baita». Gorenera joko du, «hemendik kanpo, EAJk hainbeste indarra» ez duen gunera.
EAEko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Zigor-arloko salaren bere kontra egindako ebazpenaK ez du ezustean harrapatu Irune Costumero, auzitegietan egindako bide luzeak irakatsi dizkion legez. Dena den, sekula ez da esperantza galtzen. Ezta borrokatzeko grina.
2017ko abuztuaren 4an, orduan alabak 5 urte zituenean, besoetatik kendu zioten Diputazioko Umeen Zerbitzukoek. Joan den maiatzean, Bizkaiko Foru Aldundia eta Umeen Zerbitzuko lau langile akusatuen –horien artean Sergio Murillo, gaur egungo Gizarte Ekintzako diputatua– aulkian eseri zituen bizkaitar ama honek.
Prebarikazio administratiboa, tratu txarrak eta lesio psikologikoak leporatu zizkioten akusatuei. Gainera, Diputazioko zerbitzuen txostenetan argudio bezala erabili zen GAS gurasoen alienazio sindrome faltsuak bazterrak murgiarazi zituen.
Halere, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak uztailean lau funtzionariak absolbitu zituen. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak sententzia horri ezarritako errekurtsoa baztertu du.
«Nik itzelezko lotsa sentitzen dut Euskal Herrian dagoen injustiziagatik –aipatu dio NAIZi Irune Costumerok–, eta niri orain burura datorkidan lehen hitza lotsa da. Inork ez duelako begiratu nire alabagatik, eta berriro sartu dute alaba ‘garbigailu’ instituzional honetan, bueltaka ari delako hor urteetan. Hori ez da justizia eraginkorra, urteak eta urteak egon behar baduzu ondo tratatzen ez zaituen pertsona batekin bizi behar baduzu».
«Amore ematea ez dute lortuko»
Auzitegi Gorenera joko du justizia eske: «Hemendik kanpo, hor politika beste era batekoa delako, eta EAJk ez daukalako hainbeste indarrik. Pentsatzen dut han era justu batean begiratuko dela hau guztia, frogak hor daudelako. Gauzak ikusi nahi dituenak baino itsuagorik ez dagoelako. Badakigu EAJk zer nolako boterea duen eta leku guztietan daudela eta honekin zera lortu nahi dute: alde batetik, nire desesperazioa eragin, ea amore ematen dudan, baina hori ez dute inoiz lortuko; eta beste aldetik, erakutsi boterea. Nire sententziarekin jurisprudentzia sortuko da GAS inguruan. Hau, beste batean aipatu zuen nuen bezala, gaztelaniaz esaten den ‘aviso a navegantes’ bat da. Berez, Estatu mailan 50.000 ume tutelatuak daude, eta hemen Euskal Herrian asko eta asko. Eta hor negozio bat sortu dute: psikologoak, laguntzaileak, lanpostu asko eta asko, dirulaguntzak, enpresa pribatuak... eta nola onartu dezakegu umeen kudeaketan enpresa pribatuak egotea? Niri arrazoia ematen didate, beste hainbat ama aterako dira Jumangi bezala. Itxaroten daude, beldurrez».
Bien bitartean, eta haurra amaren eskutik kendu zuten unetik, zigortuta sentitzen dira biak, erabat, bananduta, eskubideak galduta: «Zainketa partekatua oraindik ez dago [Diputazioaren aurka hasi zenetik kendu zioten]. Urtarrilean atera zen neurri kautelarren auto urgentea, eta harrezkero daukat alaba bi astean behin, asteburuan, eta oporren erdia, hori bakarrik. Baina egon naiz lau urte hori eduki gabe, eta hemen didate apurrak. Ez da zainketa partekatua, eta errekurtsoa aurkeztuta dago. Baina berez zainketa konponduta ez da egokiena ere, ondo tratatzen ez duen pertsona batekin doalako.
Urtarrilean beteko ditu alabak 10 urte, eta 5 urterekin eraman zuten, bere bizitza erdia eman du etxetik kanpo. Justiziak erakutsi dio, edo mezu hori bidali dio behintzat, eutsi behar duzula zure aita delako... baina hori hain da krudela da ume batendako...»
«Zigortuta gaude, eta umea zigortuta dago, hitz egitera ausartu garelako, salaketa jarri eta ez isiltzeagatik. Baina ez naiz geldituko», dio Irune Costumerok.