INFO
Entrevue
Unai Laso
Baikoko aurrelaria

«Zaila da esaten pasatakoak mesede egin didala, une oso txarrak pasa nituen, baina lagundu dit»

Aita pilotazale amorratua, urteak emana Uharteko pilota eskolan; ama ere hamaika ordu emandakoa da  Bizkarreta-Gerendiaingo pilotalekuan, eta frontoi horretan bertan aitona ere apustu sonaturen bat jokatutakoa izanda, pilota Unai Lasoren bizitzaren muinean izan da beti, bere poz eta miseriekin.

Unai Laso. (Iñigo URIZ/FOKU)

Iruñean bizi arren, Bizkarreta-Gerendainen jarri diguzu hitzordua, mapan jarriko duzu herria...

Niretzat berezia da, txikitatik etorri naiz, nire amona eta amaren familia hemen bizi da eta beti hona etorri naiz asteburuetan eta uda guztietan. Nik beti esan dut hemengoa naizela. Egia da Iruñean ikasi dudala eta bertan bizi naizela, baina telebistan eta jendeari beti esaten diet hemengoa naizela. Hemen ditut nire sustraiak.

Amets bat bizitzen ariko zara honekin guztiarekin, ezta?

Bai hala da, ez dut  oraindik asko pentsatu horretan baina bai, azkenean final handi batean nago, txikitatik hori izan da nire ametsa eta hor nago orain.

Asimilatuta, oraindik zure burua kokatzen, nola zaude?

Gaur kokatu naiz, hainbeste elkarrizketekin beharko kokatu, baina ondo,  disfrutatzen eta ea eguna heltzen den.

Ez duzu oso gustuko elkarrizketak eman behar hau, ala?

Asko ez zait gustatzen, ez; telebistan agertzea ere ez zait gustatzen, baina egin egin behar da eta ikasten ari naiz hobeto egiten. Eta asko eginez gero, seinale ona.

Orain dela urte eta erdi inork esan balizu Lau eta Erdiko finalean izango zinela?

Hala da, bai; gaizki pasatu nuen egun haietan baina, beti esan dudan bezala, ez nion egun bakar batean ere entrenatzeari utzi, afizionatuetan tope jokatzen aritu nintzen eta azkenean honaino heldu naiz. Lanarekin, ze lan asko egin dut, eta nik uste merezi dudala. Lan asko dago atzean, fisikoki, mentalki, familia hor egotea, lagunen babesa… azkenean sari bat bezalakoa da.

Gakoetako bat da kolpea jaso eta berehala hasi zinela lanean.

Bai, hori izan zen; asko pentsatu dut horretaz eta klabea izan zen ez biktimizatzea, “hau zergatik pasa zait niri” esanez ez jardutea. Hurrengo egunetik bertatik hasi nintzen entrenatzen tope eta amorru hori ondo bideratu nuen. Asko lagundu dit afizionatuetan jokatzeak; berriz hor egotea kolpe gogorra izan zen, baina oso ondo aritu nintzen betiko lagunekin jokatzen eta ondo atera zen dena.

«Gakoa izan zen ez biktimizatzea,  "hau zergatik pasa zait niri" esanez ez jardutea. Hurrengo egunetik bertatik hasi nintzen entrenatzen tope eta amorru hori ondo bideratu nuen»

Bere txarrean, gaur egunetik begiratuta, pasatako guztiak mesede egin dizu? Beste patxada bat eman dizu kantxan?

Bai, hori da, azkenean kolpe gogor horrek lagundu dit bizitzako gauza txikiak baloratzen eta azkenean orain berriz profesionaletan egotea askoz gehiago baloratzen dut eta partida eta entrenamendu bakoitza asko baloratzen dakit.

Bi debut izan dituzten pilotariak ez dira asko izango

Hala da, azkenean niri tokatu zitzaidan, baina nik uste lagundu didala. Zaila da esaten lagundu didala, ze momentu oso txarrak eta asko pasa nituen, baina orain hor nago eta nik uste une zail horrek lagundu didala.

Esan genezake heldutasuna eman dizula?

Bai, orain beste heldutasun bat daukat, kantxan sendoago nago, serioago. Lehen urduritasun  handiagoa izaten nuen kantxan eta ez nuen demostratzen hainbeste nire jokoa. Egia da ere urtarrilean aldatu nuela prestatzaile fisikoa eta kaña handia eman diot fisikoari eta hori ere nabari da.

Gehiago sineste duzu zure buruan?

Bai, hala da. Uda luze hau, onenekin jokatzen, master bat egitea bezalakoa izan da, onenekin egunero jokatzeak asko laguntzen dizu hobetzen.

Esaten bada pilotariak kantxan hitz egin beha duela, zuk hala egin duzu?

Bai, hala da. Lanarekin eta azkenean bai. Ondo atera zait uda guztia eta nik uste zerbaitegatik dela.

Final hau zurea da, baina badu zerbait kolektibotik? Taldekideak asko poztu dira zure arrakastagatik.

Bai, asko. Taldekideak asko poztu dira eta beraiengatik nago hemen, egin zuten denagatik. Gainera, asko lagundu didate bide hau ondo eramaten eta azkenean denek elkarrekin egindako zerbait da. Oso babestua sentitu naiz.

 «Taldekideak asko poztu dira eta beraiengatik nago hemen, egin zuten denagatik. Gainera asko lagundu didate bide hau ondo eramaten eta azkenean denek elkarrekin egindako zerbait da, oso babestua sentitu naiz»

Itzulera ere ez zen erabat erraza izango zuretzat; Nafarroako Lau eta Erdian enpresako onena izan ostean Mastersetik kanpo geratzea kolpea izango zen.

Hura ez zen horrenbesteko kolpea izan. Nik nirea ondo egin nahi nuen; enpresaren erabakietan ni ez naiz sartzen. Egia da nik uste dudala sartu behar nindutela, baina gero azkenean partidak jokatu nituen ordezko bezala, ondo bete nituen eta burua egunerokoa ondo egin eta partidak ondo jokatzean nuen, nire lana ondo egitea eta listo. Ez nuen harago pentsatu nahi, ze bestela buruari bueltak ematen hasiko nintzen berriz. Hobe ahazten jakitea; horretan asko pentsatzen baduzu, burua kargatzen duzu sentsazio txarrekin eta okerrerako da.

Pixkanaka gero eta gehiago dira laguntza psikologikoa izan duten pilotariak, zuk izan duzu halakorik?

Nik izan nuen, baina duela bi urte edo; psikologo batekin izan nintzen eta asko lagundu zidan. Harremana dut harekin orain, dagoeneko ez naiz berarengana joaten, baina asko lagundu zidan eta asko gustatzen zait irakurtzea autolaguntzako eta psikologiako liburuak; gehienbat kirolaren ingurukoak, baina baita egunerokoa gusturago bizitzearen ingurukoak, emozioak ondo kudeatzea eta hori guztia.

Pilotan izan da tabu moduko bat horren inguruan?

Ez nuke esanago, beharrezkoa da eta ez bakarrik pilotari edo kirolarientzat, nik uste pertsona guztiek joan behar dugula, agian bizitzan behin, gutxienez barruak askatu eta lasaitzeko.

Pasatakoaren zauririk  geratzen zaizu?

Ez, ez dut horretan pentsatzen, orainean pentsatzen dut, atzokoaz aritzea alferrik da eta.

Jon Mariezkurrena duzu botilero, harreman oso polita duzue eta niretzat eredugarria da bi nafar gazte, ez eremu bereiziki euskaldunetakoak, eta zuen artean dena euskaraz aritzea. Hautu bat da edo horrela irteten zaizue?

Horrela irteten zaigu, partidetan pilotariok euskaraz aritzen gara. Gero agian aldagelan ez dugu dena euskaraz egingo, baina “zurea”, “nirea” eta halakoak euskaraz irteten zaizkigu. Jonekin egia da igual egunerokotasunean ez dugula beti euskaraz egiten, baina frontoian bai. Nik uste dut hobeto geratzen dela eta honekin euskarari ere bultzadatxo bat ematen diogula.

Nola aldatu den, azkenaldian, onerako gainera, kontu hori.

Bai, lehen baziren euskaraz aritzen ez ziren pilotari asko, eta gaur egun nafar guztiok euskaraz egiten dugu. Nik ikastolan ikasi nuen, hemen, Bizkarreta-Gerendiainen, apenas hitz egiten da euskaraz, ez dut euskara maila on-onik. Ikasi nuen euskaraz, baina gero goi mailako eta erdi mailako zikloak erdaraz egin nituen eta nabaritzen da, baina hitz egiten, elkarrizketetan eta, hobetzen ari naiz.

Altuna udan estutu zenuen, zer falta zaizu hari irabazteko?

Nik uste irabazi zuela tanto klabe batzuetan berak gehiago asmatu zuelako. Bera onena da momentu klabe horietan dena ondo egiten duelako, baina partida batera edozer gerta daiteke. Egia da ez dudala oraindik asko pentsatzen horretan baina ikusiko ditut partida horiek eta hausnarketa bat egin.

Esperientzia bere alde dago, zure lehen finala da

Bai, hala da. Badago aldea, final asko jokatu ditu, badaki zer den 3.000 pertsonen aurrean jokatzea eta sentsazio horiek badakizki kudeatzen. Baina nik uste dut ez dudala ezer galtzeko, ni finalera heldu naiz, ikaragarria da niretzat eta orain beste pauso bat emateko aukera hor dago. Nik nahi dudana da partidaz gozatzea.

Finala jendearekin jokatzea tokatu zaizu gainera

Bai, hori handia da. Jenderik gabe aritzea frontoi batean oso-oso tristea da, niri gainera asko gustatzen zait jendearekin egotea, tanto on bat egin eta jendea berotzea… jendeak animatzea gustatzen zait, agian beste pilotari batzuk kikildu bezala egiten dira baina niri gustatzen zait.

Herrian nabari da final giroa?

Orain herria oso harro dago nitaz. Herriari publizitatea eman diot gainera, jendea orain etortzen da eta badaki zien herri den eta landetxean ere badute lan gehiago.

Ospakizunik prestatu dizute?

Bai, Iruñean egingo dugu, herrian ezin da jende asko sartu eta Iruñean egingo dugu, jatetxe batean eta gero parranda, gertatzen dena gertatzen dela.

Aitak jarraitzen du partidetako datu guztiak apuntatzen?

Bai, bai, hori da bere afizioa eta beti esaten diot ez ibiltzeko horrela. Esaten diot, ‘hartu gin-tonic bat edo zerbait’, baina hori gustatzen zaio.

«Hori da aitaren afizioa afizioa –bere partida guztietako datuak biltzen ditu umetatik– eta beti esaten diot ez ibiltzeko horrela. Esaten diot, “hartu gin-tonic bat edo zerbait”, baina hori gustatzen zaio eta horixe da dagoena».

Gero errieta asko egiten dizu?

Ez, ez, beretzat egiten du eta egia da txikia nintzenetik egin duela, etxean pdf-a bat egin du eta jartzen duela partida bakoitza, emaitza eta kronika txiki bat eta hori hor geratuko da.

Pilotaz at, nolakoa da Unai Laso?

Mutil normala, lagunekin egotea gustatzen zait, herrira asko etortzen naiz lagunekin eta amonarekin egotera, txakurrarekin mendira joatea, kartetan jokatzea gustatzen zait, zinema ere bai, baina gehien, lagunekin egotea eta bidaiatzea.

Ikasketak eta ere badituzu ala?

Bai, egin nuen kirol mailako goi ziklo bat, eta gero iaz egin nuen kurtso bat enpresaritza ingurukoa. Kontua da beti egiten dudala zerbait. Orain agian izena emango dut euskaltegi batean, ez aditzak eta ikasteko, baizik hitz egiteko eta zerbait egiteko. Azkenean pilota ez da izango bizitza guztirako eta zerbait izan behar da.

«Kontua da beti egiten dudala zerbait, orain agian izena emango dut euskaltegi batean, ez aditzak eta ikasteko, baizik hitz egiteko eta zerbait egiteko».

 

Zu geldik egotea ez da erraza izango

Ez, ez, oso urduria naiz, baina pixkanaka-pixkanaka ari naiz lasaitzen.