Gabonetako Loteria espainolaren iragarkia, Baztanen eta Moriartikoen eskutik
Baztango herri txiki elurtu bat Gabonetako Loteria espainolaren dezimoz bete da modu misteriotsu eta anonimoan, auzokideen arteko eskuzabaltasun kate bat sortuz. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek zuzendu dute 2021eko Gabonetako Loteriaren iragarkia.
Bizitza partekatzen dugunekin zortea ospatzea da Gabonetako Loterien kanpaina berriaren leloa. Baztanen filmatu zen, eta ‘La trinchera infinita’ edo ‘Handia’ filmetako Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek zuzendu dute. Bertan, familiek, lagunek eta bizilagunek saria eurekin ospatu nahi duten ezezagunen dezimoak jasotzen dituzte.
Leku asko baztertu ondoren, inguru hau bere ingurune eta arkitekturagatik aukeratu zuten, «oso kostunbrista» delako baina aldi berean fantasia kutsuarekin, azaldu dute Arregik, Garañok eta Goenagak, Moriarti ekoiztetxekoak.
Euskaraz, katalanez, galegoz eta gaztelaniaz emitituko den iragarkian ikus daitekeenez, zortea partekatu nahi duten pertsona misteriotsuen dezimoak jasotzen dituzte bizilagunek. Azkenean, kate bat sortzen da, eta mundu guztiak dezimo bat ematen dio saria nahi duen eta berarekin ospatu nahi duen norbaiti.
Iragarkiak 750.000 euroko kostua du, eta fantasiazko eta Gabonetako ipuin kutsua du, hein batean filmaketaren kokapenagatik, Elizondon eta Baztan ibarreko ondoko herrietan filmatu baitute, azaldu du Carlos Jorge Hernandez Contrapunto BBDOko zuzendari nagusi sortzaileak ostegun honetan egin duten aurkezpenean.
Hernandezen arabera, kanpaina «ahalik eta positiboena, baikorrena eta alaiena» egitea zen helburua.
Aurten 3.400 milioi euroko billeteak jaulkiko dira, eta horietatik %70 saritan banatuko dira, guztira 2.408 milioi. Urtero bezala sari potoloa lau milioi euro dira seriean (400.000 euro dezimoan).
Bigarren saria 125.000 eurokoa izango da dezimo bakoitzeko, eta hirugarrenak 50.000 euro dezimo bakoitzeko. Dezimoaren zenbatekoa 20 eurokoa da.