Xilabako sei finalistena da hitza
Donibane Lohizuneko Jai Alaik soineko ederrena jantziko du Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko VI. Bertsulari Txapelketaren finala hartzeko. Sei bertsolari igoko dira oholtzara Xilabako lehendabiziko final parekidea elkarrekin josteko; puntadaz puntada, silabaz silaba.
MADDALEN ARZALLUS ANTIA
«Eguneroko nire lanak zeharka prestakuntzarako balio izan dit»
Nor da Maddalen Arzallus? Zertan ari da egun?
Maddalen betikoa da. 30 urteko neska bat, 20 urte zituenean zen pertsona bera eta, era berean, desberdina. Bertsolaria, lanean telebistan ikusiko duzue segur aski, horretan pasatzen dut orain denbora gehiena. Bestela, etxekoen eta lagunen pertsona bat eta afizioz bertsolaritzarekin segitzen dut, ahal dudan denbora gehien eskainiz.
Orokorrean, nola ikusi duzu txapelketa? Zer azpimarratuko zenuke?
Orokorrean txapelketa maila onean ikusi dut, ez ditut saio guztiak ikusi, baina batzuetan izan naiz eta gustuz entzun ditut besteen saioak. Norbere saioak gehiago kostatzen da baloratzea. Jendea ilusioz sumatu dut, gazteak ilusioz sumatu ditut eta hori da azpimarratuko nukeena.
Zure saioak nolakoak izan dira? Zer prestakuntza egin duzu? Bakarrik aritu zara lantzen, taldean?
Uste dut zortea izan dudala nire saioetan, jende kopurua alde batera utzi –nahiz eta jende kopuruz nahiko ongi joan diren–, saio beroak izan dira, jendeagatik, aretoagatik edo denagatik agian. Esker oneko saioak izan dira eta kantatzeko aski errazak alde horretatik.
Nire prestakuntzari dagokionez, zoritxarrez denbora askorik ere ez dut nire baitatik gauzak egiteko eta batez ere taldean landu dut, bertso eskolan elkartuz ahal zenean. Astean behin behintzat bertso eskola bat izatea izan da nire prestakuntza. Horrez gain, eguneroko nire lanak hainbat gai lantzea ahalbidetzen dit eta horrek zeharka prestakuntzarako balio izan didala esango nuke.
Covidak geldialdia ekarri zuen; zer on, zer txar ekarri dio horrek bertsolaritzari? Gizartea nola ikusi duzu?
Nik uste dut covidaren geldialdiak pertsona bakoitzari ekar ziezaiokeela onetik zerbait. Hau da, hausnartzeko denbora izan dugu. Nire kasuan horrela izan da eta esango nuke, kalteez gain noski, onurak ere ekarri dizkidala. Lehen ez bezala, momentu honetan tarte gehiago hartzen ditut niretzako, ezezko gehiago esateko arazorik ez dut eta uste dut alde horretatik pertsonalki bertsolari gisa on egin didala. Aldiz, bertsolaritzari ez dut uste on handirik ekarri dionik edo, behintzat, momentuz ez dut gehiegi ikusten. Berrasmatzeko bide bat bai eman dio eta berrasmatzea beti da ona, baina hainbat saio mota guztiz geldituak izan dira eta hori da izan zitekeen galerarik handienetako bat.
Zer espero duzu finalaz? Egia al da anaia dagoen finalean kantatzea alferrikako zerbait dela, agur batean kantatu gisa?
Finalaz espero dudana da nire buruarekin pozik geratzea eta publikoa pozik geratzea bai nirekin eta bai orokorrean saioarekin, horrek ematen du asetasun handiena, emaitzez aparte. Emaitzei begira, badakigu final honetan Euskal Herriko Txapelketarako txartelak ere badirela jokoan, baina txapelketa hori urte baten buruan da eta nik ez dakit hemendik urte batera non izango naizen. Momentuz, nahiago dut finalean zentratu.
Bai, agur batean kantatu nuen gutxi gorabehera Ametsek irabazia duela txapela. Noski, txiste bat zen baina denok badakigu bera izango dela segur aski areriorik zailena. Baina final batek bestelako helburuak ere baditu eta dena ez da irabaztea.
Begira diezaiegun finalistei.
Odei Barroso: Bertsolari zintzoa bezain fina eta, batez ere, aspaldiko laguna.
Amets Arzallus: Oholtza gainean izanen dudan lagunik eta areriorik handiena.
Miren Artetxe: Emakumezkoen bertsolaritzak eman duen bertsolari onenetako bat.
Maddi Ane Txoperena: Bertsolari eta pertsona gisa handitzen ezagutu dudan garai bateko neska txikia.
Patxi Iriart: Haurtzarotik bertsokide izanez, finalean ondoan izatea ilusioa egiten didan pertsona.
ODEI BARROSO GOMILA
«Aitzineko txapelketetan izan ditudan gabeziei begira egin dut lanketa: autokonfiantza, segurtasuna eta kontzentrazioa»
Nor da Odei Barroso?
Baionan bizi den urruñarra. Bertsularien Lagunak elkartean eta bideogintzan ari naiz lanean.
Txapelketari buruzko zure inpresioa.
Orokorrean txapelketa ongi joan dela iruditzen zait. Joan den urteko edizioa bukatu gabe gelditu zen eta aurten bertsolari eta antolatzaileek txapelketa bururaino eramateko zuten nahia sumatu dut. Giro onean joan dira saioak eta batzuetan guttiago, besteetan gehiago, baina jendea hurbildu da saioetara.
Zure saioei buruzkoa iritzia, zein prestaketa egin duzu?
Kantatu dudan bi saioetan giro beroa sumatu dut, entzulea esker oneko eta kantukideen arteko giroa goxoa izan da.
Nire aldetik ez dut bertso eskola askorik egin lagunekin, azken garaiotan agenda aski betearekin nabil eta ez zait erraza egin besteekin biltzeko tartea aurkitzea. Hala ere, elkartzeko aukera izan dudanean gustura ibili naiz kantu kideekin txapelketa prestatzen.
Pertsonalki egin dudan lanketa barnera begira egin dut, teknikari begira baino aitzineko txapelketen kontestuan izan ditudan gabeziei begira egin dut: autokonfiantza, segurtasuna eta kontzentrazioa.
Covidaren ondorioz geldialdia txapelketan, geldialdia gizartean. Zertan egin dio horrek kalte kultur arloei?
Uste dut geldialdiak orokorrean kulturari kalte egin diola, bigarren plano batean gelditu balitz bezala denbora batez. Bizitzen ari garen garai korapilatsu honetan iduri luke premiazkoari besterik ez zaiola heldu behar, eta ulertarazi digute, nonbait, kultura adibidez ez dela premiazkoa. Kontestu horretan, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean ez da saiorik egin ahal izan denbora luze batez eta etenaldi horretatik ateratzea jende anitzi kosta egiten ari zaiola erranen nuke.
Pantailen aroan sartu gaitu etenaldiak bete-betean, eta bertsolaritza ez da preseski pantaila bidez jasotzeko egindako zerbait...
Zer espero duzu finalaz?
Finala kolektiboaren nahien eta norbanakoaren helburuen arteko batuketa bat izanen dela uste dut.
Bakoitzak bere helburu pertsonalak izan ditzake, baina denok dakigu handiagoa den zerbaiten parte garela, eta bereziki gurea bezalako txapelketa batean.
Begiratu diezaiegun gainontzeko finalistei.
Amets Arzallus: Bertso eskolako irakasle gisa ezagutu nuen Amets, eta izugarri ikasi nuen harengandik. Iruditzen zait energia berezi bat sortzen duela kantuan hasten denean, barneraino sartzen dena. Bertsolari bikaina.
Miren Artetxe: Mirenekin ere aspalditik dut harremana eta izugarri transmititzen du bertsotan aritzen denean, baita hortik kanpo ere. Fina bezain zorrotza, espero ez den ideiaren bat badu beti eskaintzeko.
Maddi Ane Txoperena: Maddi Aneren bertso ibilbidea ttikitatik ezagutzeko aukera izan dut eta ibilbide bikaina egiten ari dela iruditzen zait. Izugarri poztu naiz finalera iritsi delako. Bere bertsoek beti uzten dute zerbait nigan.
Patxi Iriart: Adin berekoak gara Patxi eta biok eta bertsotan hasi nintzenetik ezagutzen dut, hasieran bertsotatik eta gerora pertsonalkiago ere. Goranzko ibilbide ederra du Patxik eta txapelketa ederra eginaz iritsi da finalera. Kolpeko bertsolaria, harritzen dakiena.
Maddalen Arzallus: Bertso eskolan hasi nintzenetik dut harremana Maddalenekin. Nortasun handiko bertsolaria, segurua eta fina. Jendearengana iristeko gaitasun handia duela iruditzen zait.
AMETS ARZALLUS ANTIA
«Isilaldia ongi etorri zitzaidan distantzia eta arnasa hartzeko»
Nor da Amets Arzallus? Zertan ari da egun?
Badira urte batzuk bertsotatik bizi naizela, eta saiatzen naiz bizi apustu eder eta konplikatu horri eusten. Pandemiak alde askotatik biluzik gaudela erakutsi dit, baina hasi gara berriz ere martxan.
Tarteka bertsoarekin osagarri diren beste abentura batzuetan sartzen naiz, kazetaritzan, edo idazketa lan batzuetan, bertsolari bizimoduak ematen didan pribilegio bat bezala hartzen ditut lan horiek.
Orokorrean, nola ikusi duzu txapelketa?
Egia esan, asteburuetako martxagatik batetik, eta PASS-aren exijentziagatik bestetik, kantatzen nuen saioetara bakarrik joan ahal izan naiz. Beraz, ez dezaket gauza handirik esan, ikusi eta entzun dudan guzia mikrofono ondotik izan delako, eta hortik zaila da perspektiba orokor bat izatea.
Gabadin izugarri giro beroa zegoen, eta kantu lagunak oso ongi ikusi nituen orokorrean, final-laurden bat izateko uste dut oso bertso maila duina izan zuela.
Mauleko saioan tentsio gehiago zegoen, Gabadikotik ariketa ezberdina izan zen. Gero Bardozen izan nintzen entzule, baina han ere arrebak kantatzen zuen, eta ez nuen bertsoekin gozatu ahal izateko behar den sosegurik izan. Pentsatu nuena izan zen azken urteotan ni ere etxekoei trantze batzuk pasarazia naizela.
Zure saioak nolakoak izan dira? Zein prestakuntza egin duzu? Bakarrik aritu zara lantzen, taldean?
Gabadin gustura aritu nintzen oso, zortziko handian lasaitasun pixka bat hartu eta ondorengo ariketa denetan pozik eseri nintzen, txapelketan ez da erraza izaten kantuan gozatzea, eta han lortu nuen.
Maulen txapelketetan ohikoagoa den gorputzaldia izan nuen, giroa hotzagoa zen, beraz nire baitaraturik egon nintzen, ahal bezain kontzentraturik, bertso bakoitzak lana eskatzen zuen, eta eserialdi bakoitzak ere bai.
Prestakuntza lanerako ez dut beste urte batzuetan bezainbat denbora izan, baina saiatu naiz etxean lanketa pixka bat egiten, errimak eta bestelako gauzak, bertsotarako prestakuntza beti da esperimentazio bat.
Taldean ere bildu gara pixka bat Hendaia aldean, baina ez naiz beste batzuk bezain fin eta konstantea izan.
Covidak geldialdia ekarri zuen; zer on eta zer txar ekarri dio horrek bertsolaritzari? Gizartea nola ikusi duzu?
Badira urte batzuk bertso plazen eta txapelketen erritmora bizi naizela, eta nahiz eta kolpez eta uste gabe etorri zen, isilaldia ongi etorri zitzaidan, bai distantzia hartzeko eta bai arnasa hartzeko.
Baina hori kontu pertsonal bat da, uste dut kolektiboki bertsolaritza konkretuki, eta kultura orokorrean zein zaurgarria eta hauskorra den ikusteko balio izan duela, eta agintariek ez dutela oinarrizko beharrizanen artean kokatzen, baizik eta denbora-pasen multzoan. Uste dut horretaz ohartzeko eta gogoetatzeko balio dezakeela aro bitxi honek.
Gizartea, aldiz, gertatzen ari zenarekiko eta zetozen neurriekiko uste nuen baino obedienteago ikusi dut, eta horrek lasaitu baino gehiago kezkatu egiten nau. Nahiz eta oso informazio nahasiaren erdian ibili garela egia den, eta kokatzea ez zen erraza, orokorrean egoera berri batekiko oso izpiritu kritiko gutxi erakutsi dugula iruditzen zait.
Zer espero duzu finalaz?
Bertsokideak ezaguturik uste dut maila politeko finala izan daitekeela. Nik uste dut gure artean aski bertso molde ezberdinak badirela, eta nahiz eta txapelketak denak uniformizatzen gaituen pixka bat, uste dut finalak aniztasun eta aberastasun hori erakuts dezakeela. Uste dut hasi zenetik hona Xilaba gora doan txapelketa bat dela, eta aurtengoak ea beste pauso bat ematen laguntzen duen.
Egia al da arrebak esan bezala Amets dagoen finalean kantatzea alferrikako zerbait dela?
Ez. Uste dut umorez eta ironiaz esandako zerbait izan zela, eta hala hartu behar dela.
Begiratu diezaiegun gainontzeko finalistei. Nola definituko zenituzke bertsokideak?
Izenen hori ez da erraza... Ea besteek zer dioten.
MIREN ARTETXE SARASOLA
«Espero dut jendeak bertso maila on bat ikustea Iparraldean, badagoelako»
Nor da Miren Artetxe?
Gaur egun Hendaian bizi ez den hendaiarra. Bertsolaria eta bertsozalea. Gaur egun irakaslea naiz unibertsitatean.
Orokorrean, nola ikusi duzu txapelketa?
Ez dakit oso ongi, nire bi saioetara bakarrik joan naiz. Ikusi dut jendeak erantzun duela, publikoa bertso gose zela eta batez ere gure artean giro ona izan dela. Hori azpimarratuko nuke, gure arteko giro ona eta kantatzeko gogoa, pandemia batetik gatozelako eta bertsotan aritzea poz bat delako denentzat. Alde txarra, berriz, hori, pandemia bat izan dela tartean, txapelketa hasi genuen, gero utzi, gero berriz hasi… publikoaren aldetik ere ez da izaten ari beste txapelketa batzuetako erantzuna, ulergarria dena. Espero dut finalean giro beroa izango dugula.
Zein prestakuntza egin duzu?
Bertso eskola bat egin dut. Hernani eta Donostia inguruan elkartzen gara emakume bertsolari batzuk eta horiekin egin dut bertso eskola bat. Baina lanean tope aritu naiz azken aste hauetan eta ez dut bertso eskola gehiago egin. Plazetan ibiltzeak abantaila du makina ez dela hainbeste herdoiltzen eta bestela, pentsaketan aritu naiz, oinez eta korrika nabilenean, pentsaketan.
Covidak geldialdia ekarri zuen; zer on, zer txar ekarri dio horrek bertsolaritzari?
Nik uste dut dena txarra izan dela. Geldialdiak bai pentsarazi digu zein garrantzitsua den elkartu ahal izatea eta zein garrantzitsua den jendearen gertutasuna bertsotarako eta alternatibak zeinen diren pobreak, nahiz eta atzeman behar izan ditugun. Uste dut geldialdi horrek ez diola mesede egin bertsolaritzari; dena geldi, ziurtasun eskasa, monogai bat denbora guztian… Zaila da horretatik alde egitea eta, aldi berean, horretaz ere irakurketa kritiko bat egin behar da bertsolari bezala eta ez da erraza. Neurriak kritikatzen badituzu badirudi negazionismoan erortzen zarela eta dena onartzen baduzu, ez duzu bertsolariaren rol kritikoa betetzen.
Zer espero duzu finalaz?
Hipokrita izan gabe, bi gauza. Bat, saio ona izatea orokorrean, jendeak ikustea bertsolaritza maila on bat Iparraldean, badagoelako. Eta, bestetik, nire aldetik saio on bat egitea eta ahal dela Euskal Herrikorako sailkatzea. Nabarmenduko nuke aurten finaletik kanpo bertsolari on asko gelditu direla, asko gazteak, eta horrek esan nahi du badirela Iparraldean plazaz plaza ibiltzeko bertsolari on asko.
Begira diezaiegun gainontzeko finalistei.
Oier Barroso: Pertsona biziki interesgarria diskurtso aldetik, sekulako bertso maila duena, oso estilo pertsonala duena eta merezi lukeena plazetan entzuten duguna baino gehiago entzutea.
Amets Arzallus: Amets Arzallus, horiek dira bere kalifikatibo onenak. Euskal Herriko txapeldun izandakoa, txikitatik gure bertso eskolako pertsonarik argienetakoa eta bertsotan izugarri ona betidanik. Bere bertsokera dotoreetan dotoreena.
Maddi Ane Txoperena: Nire bertso eskolako ikaslea izan zen eta berekin kantatzeak ilusio berezia egiten dit. Iruditzen zait bertsotan izugarri ondo egiten duela eta plazer bat da bera plazetan entzutea. Uste dut plazek ere behar dutela Maddi Ane.
Patxi Iriart: Etengabe irri eginarazten didan pertsona bat da, sekulako umorea duena, ez dena asmatzen ahal nondik aterako den. Uste dut kolpe handiak emango dituela finalean eta uste dut plazak behar duela hortik ere.
Maddalen Arzallus: Amets Arzallusen arreba izatetik askoz haratago doa. Pertsonalitate oso-oso berezia, umore oso berezia, fina, zorrotza eta erantzun azkarrekoa. Bertsotan arzallustarra nolabait ere, oso maila onekoa.
MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN
«Suertatzen bada, buruan bueltaka ditudan hainbat ideiari forma ematea gustatuko litzaidake finalean»
Nor da Maddi Ane Txoperena? Zertan ari da egun?
Abizenarekin, batez ere kazetaria (denbora gehiena horretan ematen dut): gaur egun ‘Berria’-n, Euskal Herria sailean, Andoaingo erredakzioan (tarteka etxetik, koronabirusaren ondorioz). Aldika bertsolaria eta idazlea ere bai, denbora librean. Izen soilez, gaur egun Lesakan bizi den emakumea, Hendaian sortua, nahiko inuzentea eta ameslaria, lagunkoia, parrandazalea eta geldirik egoten ez dakiena.
Orokorrean, nola ikusi duzu txapelketa? Zer azpimarratuko zenuke?
Lanaren eta bertze hainbat konturen ondorioz nahi baino saio gutiagotara joateko aukera izan dut, beraz, zaila egiten zait osotasunean baloratzea. Bertso maila polita ikusi dut halere, oro har; entzuten eta kantatzen aritu naizen saioetan gozatu egin dut; eta giro ona sumatu dut bertsolarien artean: hori ederra da. Publiko aldetik, ez da bereziki jendetsua izan, baina esker onekoa bai.
Zure saioak nolakoak izan dira? Zein prestakuntza egin duzu? Bakarrik aritu zara lantzen, taldean?
Makean eta Maulen kantatu dut, eta oso gustura aritu naiz, bereziki Maulekoan. Makeakoa zailagoa egin zitzaidan: urduriago nengoen, urduriegi aukeran, eta saioa bera ere ez zen dirdiratsua atera orokorrean, nik uste.
Maulen gozatu egin nuen.
Prestakuntza Lesakan eta Erratzun egin dut, batez ere: bertso eskola bat sortu dugu Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu eta laurok, eta oso eroso eta gustura aritu naiz haiekin, eta hala segitzea espero dut. Haiek Nafarroako bertso txapelketan ari dira, eta aitzakia horrekin udaberri partean hasi ginen elkartzen, udan serioxeago, eta udazkenean astero.
Bertze bertso eskola batzuetara ere joan naiz tarteka: Bortzirietakora eta Hernanin bertze bertsokide lagun batzuekin sortu dugunera. Lagunarteko babesa eta entrenatzeko espazio seguruak sortzea ezinbertzekoa zait; bertzela ezinen nuke oholtzara atera. Bakarka, berriz, nahi baino gutiago aritu naiz kaiereko lanean. Teknika baino pentsamendua lantzen dut agian gehiago, baina nahi gabe.
Covidak geldialdia ekarri zuen, aitzineko txapelketa bertan behera gelditu zen. Tira, hausnartu behar balitz, zer on eta zer txar ekarri dio horrek bertsolaritzari?
Iaz txapelketa bertan behera uzteak pena handia eman zidan: bat-batean eten zen, ja fase bat pasatuta eta urduritasuna-eta gainean genituenean…!
Saio anitz ere galdu egin dira, eta oraindik formatu batzuk ez dira guztiz berreskuratu, nik gehien maite ditudanak, bertzeak bertze: bertso bazkariak, poteoak… Nire kasuan, bertso idatziak gehiago lantzeko aukera eman dit, adibidez.
Publiko aldetik, osasun pasea eskatzeak uste dut eragina izan duela Xilaban. Ikusiko dugu finalean…
Zer espero duzu finalaz?
Niri dagokidanez, gustura gelditzeko moduko saioa egitea gustatuko litzaidake, eta ale politen bat edo bertze uztea. Ahal bada buruan bueltaka ditudan hainbat ideiari forma ematea ere bai, suertatzen bada.
Jar gaitezen finalean izango dituzun bertsokideei begira.
Amets Arzallus: Faborito argia da. Maulera ni entzutera etorri ziren batzuek erran zutenez –eta haiekin bat egiten dut– ‘bertze liga batean’ ari da. Bertsoa nahi gabe bezala egiten duela ematen du, rodajea nabari zaio, ederki betetzen du bertsoa…
Odei Barroso: Errima estukoa eta doinu motzetan fin, kantaera ederra, asko apreziatzen dudan bertsolaria da. Rapean ere segitzen dut, eta nabari zaio batetik bertzerako lotura, bi arloetan.
Miren Artetxe: Elkarrekin aritu ginen Xilabako taldekakoan, eta ni behintzat oso gustura. Ondokoa zaintzen duen bertsokidea da. Azken urteetan plaza anitzetan aritu da, ongi merezita. Umorean eta ideietan zorrotz eta fin.
Maddalen Arzallus: Txiki-txikitatik ezagutu arren, azken urteotan bertsotan gutxien entzun dudana da agian, baina ederki ari dela badakit. Segurtasuna transmititzen du, eta konstantea da; ahotsa ere ederra.
Patxi Iriart: Lan egin duela erakutsi du txapelketa honetan (edo hala dirudi behintzat). Umorea eta estilo propioa ditu, eta uste dut emanen diola zerbait berezia finalari. Gainera, Hendaia-Urruñakoa ez den bakarra da, kar-kar…
PATXI IRIART HIRIBARREN
«Gozatzera joango naiz finalera, plazer hartzera eta, ahal bada, ematera»
Nor da Patxi Iriart?
Baionan sortua banaiz ere Hiriburukoa naiz (Lapurdi) eta ikasketengatik handik joan banintzen ere, berriro Hiriburun bizi naiz. Egun, Euskal Herriko Laborantza Ganberan lan egiten dut Ainhize-Monjolosen, laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde; Ipar Euskal Herria da gure eremu lehena eta bere aldeko ahaleginean iragaten dut astea Nafarroa Beherean dagoen EHLGren egoitzan.
Nola ikusi duzu txapelketa?
Ez ditut txapelketako saio guztiak ikusi ahal izan. Aitzin aipatzen nuen gisa, nire lanarekin buru-belarri aritu bainaiz. Udazken partean Lurrama antolatzen dugu, bertako nekazarien sostengu eta agerpen gisa, eta aurten Lurrama aski berezia izan da, Arbonako lur okupatuetan; beraz, azken bi asteak horretan eman ditut.
Bertsoa.eus-en bidez eman diot behakoa halere, eta ahal izan dudalarik lagunen saioak ikustera ere joan naiz, nolabait sostengu ematera. Bertsoaldi on batzuk, bertsoaldi kaskar batzuk; enetzat, azken finean, hori da bertsoa.
Nola prestatu zara?
Bi lekutan kantatu dut. Hiriburuko saioa izan da lehena, alabaina niretzat, emozio partikularra zuen saio horrek. Memento goxoa izan da. Tinko nintzen halere hasi baino lehen. Ni sortu naizen herriko plaza zelako, eta ez naiz usatua Hiriburun kantatzeaz. Hiriburu ez da bertso plaza handia, ez da euskararentzat plaza handia ere. Usu nire burua arrotz sentitu dut bertan; ikastolarik ez zen ttipia nintzenean, katixima ere Baionan ikasi dut nik. Eta horrentzat, berezia izan zen.
Bigarren saioa, Donibane Garazin, Izpuran, eta han ere goxoki pasatu zen. Urtero egiten dudan saioetako bat han, Libertimenduaren kari, eta horrek ongi sentitzera eraman ninduen. Ez dut erranen prestakuntza berezirik egin dudanik, baina bertso lekua topatua dut nik, ia astero biltzen gara lagunartean, zerbait jan eta kantuz aritzeko, eta noski, txapelketa hurbiltzen delarik zerbait gehiago lantzen dugu. Lehen aldiz ariko naiz finalean, eta xantza ukan dut, uste baitut nirekin kantuan aritzen direnen maila antzekoa dudala, beraz heietako edonork bete zezakeela toki hori. Nire kantu lagunak, Karlos Aizpurua, Gilen Hiribarren eta Mizel Mateo dira, eta aspaldiko partez kantura elkartu zaigun Ekhi Erremundegi.
Covida eta txapelketaren geldialdia. Zer txar ekarri du? Badu alde onik?
Gogoz etorri ginen txapelketara iaz, bertsolariak, gai-emaileak, epaileak, eta baita publikoa ere; etxetik atera eta zerbait partekatzeko gogoz baikinen denak, eta aski zaila izan zen bertan behera gelditzea.
Bertsolaritzari covidak ekarri dion eragina txarra izan da, bestalde: saio anitz ezeztatu dira, eta jendeari eragozpenak sortu zaizkio, ez dakit Ipar Euskal Herrira begira zein den analisia, baina zailtasunaz harago argi dut saio berrien sortzeko ahalegina ere egin behar dela, duela hogei urte Libertimenduarekin egin bezala, adibidez, bertsolaritzaren lekua pertinentea baita, gozagarri izateko.
Zer espero duzu finalaz?
Lehen finala dut, eta aukera gisa ikusten dut; beraz, gozatzera joanen naiz, festa bat izanen baita niretzat, plazer hartzera noa eta ahal bada plazer ematera.
Begira diezaiegun gainontzeko finalistei.
Odei Barroso: Aspaldi ezagutzen dut, bertsotan hasi ginenetik ia, adin berekoak gara eta uste dut ongi ezagutzen dugula elkar. Hazten ikusi dut, eta ez soilik bertsolari gisa, plazer bat da Odei entzutea, eta rap musikan ere jarraitzen dut, hor ere nola hazi den, rapak bertsoari eta bertsoak rapari anitz ekartzen dio, eta uste dut Odeiren unibertsoa biziki interesgarria dela.
Amets Arzallus: Gauza handirik ez da errateko Ametsi buruz, dena errana dago, Amets entzutea beti da plazer, miresmen puntu bat badiot, eta herri honetan bera bezalako bertsolariak 50 urtetik behin sortzen direla erranen nuke.
Maddi Ane Txoperena: Konprenitu dut bere lehen finala izanen dela, eta segur ez dela azkena izanen. Berak ez badaki ere gure etxean sartzen da egunero, kazetari gisa jarraitzen dugulako. Ahizparen ibilbidea ezagutzen genuen lehen, baita anaiarena ere. Xantza ona opa diot finaleko.
Miren Artetxe: Ni baino zaharxeagoa da, eta bertsotan gabiltzanetik mirestu izan dugu, gu baino bertsolariago zelako eta gaur egun ere gu baino bertsolariago delako. Badakit bertso munduan beste biderik eta ibilbiderik ireki duela eta alde horretarik ere badut miresmen zerbait.
Maddalen Arzallus: Aspaldi ezagutzen dut, bertso eskoletatik, bertsotan hasi ginenetik. Maddalenek, etxetik ere bazuen noski, baina, etenaldiak izan baditu ere, ibilbide luze bat egin du, eta ikasketak eta abar direla medio, ez badugu ere anitz kointziditu, badut anekdota pozgarri bat: EHZ jaialdian uda honetan bertsotan egin dugu elkarrekin eta geroko hizketaldiarekin berriro harreman eginda plazer hartzeko.